Osoko zuzenketak aurkezteko egun bakarra geratzen den honetan, datozen orduetan jakingo da Eusko Jaurlaritzaren 2025erako aurrekontu proiektuak soilik gobernua osatzen duten bi bazkideen babesa izango duen edo, aitzitik, EH Bildurekin kontuen inguruko itun bat egingo ote duten EAJk eta PSE-EEk. Gaur-gaurkoz, urrunago ematen du akordio horrek.
Atzo iluntzean, EH Bilduk akordiorako hirugarren eskaintza igorri zion Noel D'Anjou Ogasun sailburuari, Nerea Kortajarenak gaur goizean jakinarazi duenez. Koalizio abertzaleko eledunak azaldu du «eskuzabaltasunez» eta «arduraz» egin dutela hirugarren eskaintza hori 2025eko kontuen inguruan, eta Jaurlaritzari eskuzabaltasun horren «pareko erantzuna» eskatu dio: «Erabaki ausartetarako garaia da, determinazioz aritzekoa, ez adabakiak jartzekoa», esan du Eusko Legebiltzarrean.
EH Bilduren legebiltzarreko bozeramaileak ziurtatu du aukera bat dagoela akordioa lortzeko, «herritarrei eragiten dieten arazo nagusietako batzuk soluziobidean jartzen hasteko», eta arazo horien artean jarri ditu «etxebizitza» eta «egokiak diren soldatak». Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako lanbide arteko gutxieneko soldata bat finkatzeko garrantzia azpimarratu du. «Pilota gobernuaren teilatuan» dago, erantsi du.
D'Anjouren erantzuna
Koalizioak nahiko lukeen pareko erantzuna urrundu egin dela esan daiteke, ordea, betiere D'Anjou Ogasun sailburuak koalizioaren azken eskaintzaz nola hitz egin duen kontuan hartuz. Haren ustez, «atzerapausoa» da EH Bilduren azken eskaintza, eta «ezustea» ere bai. Gaur goizean berretsi du eskaintza hori atzo jaso zuela, eta hark eragiten dien sailetako arduradunekin egon dela. Zenbait agirirekin «ezustea» hartu duela erantsi du.
Jakinarazi du EH Bilduk eutsi egin diela eskaera batzuei «zeinak atzean utzi zituela uste baikenuen»; horien artean sartu du fiskalitatea. Zerga erreforma aurrekontuen negoziaziotik banatuko zuela iragarri zuen koalizioak, D'Anjouk gogoratu duenez. Batera edo bestera, osoko zuzenketak aurkezteko egun bat geratzen dela gogoratu du, eta prest azaldu da denbora hori azken unera arte baliatzeko, betiere akordio bat lortze aldera, eta 2025eko aurrekontuek izan ditzaten gobernuarenak ez beste babes batzuk.
Izan ere, PPk eta Sumarrek iragarri dute osoko zuzenketa jarriko diotela Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari. Beraz, EH Bilduren aukera baino ez da geratzen proiektu horrek gobernuko bazkideak besteko babesak lortu ditzan.
PPk Gipuzkoako aurrekontuak babestuko ditu
Gipuzkoako Foru Aldundia ere 2025eko aurrekontuak aurrera ateratzeko negoziazio betean da oposizioko taldeekin, eta horietako baten babesa behar du horretarako. Eider Mendoza ahaldun nagusiaren taldea gutxiengoan dago, aginte makila PPk emandako babesei esker lortu baitzuen. Bada, berriro ere PPren babesa lortu du kontuak aurrera ateratzeko, Espainiako alderdi eskuindarrak iragarri duenez.
Mikel Lezama batzarkideak jakinarazi du foru gobernuak PPren babesa izango duela, «ez bailitzateke ona izango lurraldearentzat Bizkaiarekin baldintza apalagoetan lehiatzea». Gipuzkoaren ongizatea bandera gisa hartuta, Lezamak azaldu du «alderdien arteko gatazka ezin dela oztopo izan» Gipuzkoak aurrera egiteko.
Beraz, Mendozaren gobernuak izango luke dagoeneko aurrekontuak onartzeko nahikoa babes. Aldundiaren asmoa da PPrekin akordioa iragartzea EH Bilduren eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren ukoak iritsi eta gero, eta koalizio abertzalearena iritsi da dagoeneko. EH Bilduk osoko zuzenketa jarriko dio foru gobernuaren aurrekontu proiektuari. «Ez dugu beste aukerarik», esan du Maddalen Iriarte eledunak. Argitu dio foru gobernuari «oso oker» dabilela uste badu «EH Bildu eta PP batera joan daitezkeela akordio batean». Iriartek uste du «aukera bat galdu» dela, foru aldundiak eskaintza orokor bat egin duelako: «Onartezina da». Eta gogorarazi du talde bakoitzak ordezkaritza jakin bat duela, aditzera emanez ganberako ordezkaritza handiena EH Bildurena dela, hain zuzen.
PPk, berriz, esklusiban nahi du aurrekontuen ituna, eta aldundiaren azken eskaintza orokorra izan da, alderdi guztientzat; beraz, Elkarrekin ahal duguren ukoaren zain legoke. Elkarrekin Ahal Dugu-k «betiko gabeziak» dituela esan zuen. Gauzak horrela, foru aldundia osatzeko egituratu zen hiruko akordio bera errepikatzeko bidea da, 2025eko aurrekontuak onartzeko prozesuan: EAJ, PSE-EE eta PPren batasuna, alegia.