Ikuspegi «kontrajarriak» dituzte EH Bilduk eta EAJk hainbat arlotan, Iker Casanova koalizio abertzaleak Bizkaiko Batzar Nagusietan duen eledunak azaldu duenez, baina ardatz jakin batzuetan 2025erako Bizkaiko aurrekontuak hobetzea lortu dutelakoan dago, eta horregatik abstenituko dira EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako aurrekontuen bozketan. Azpimarratu du akordioa «puntuala» dela, eta ez duela esan nahi datorren urtean berriz egingo dutenik, «koiuntura diferentea izango delako».
Bizkaian gehiengoa dute EAJk eta PSE-EEk, eta ez zuten babesik behar aurrekontuak aurrera ateratzeko. Horregatik, Casanovak eskertu egin du haien jarrera. 29 neurri erantsi dituzte aurrekontuetan, guztira 33 milioi euroren balioa dutenak, zaintzari, garraioari, trantsizio energetikoari eta gazteen etxebizitza sozialei lotutakoak. «Politika onari buruzko ariketa bat egin da, eta azpimarratzekoa da, ikusita beste eremu batzuetan konfrontazioa eta gutxiespena besterik ez dagoela».
Casaovak uste du atzo jakinarazitako akordio «puntualak» modua eman diela elkarri sinesgarritasun handiagoa aitortzeko eta harremana hobetzeko, baina, dioenez, ez du baldintzatzen hurrengo hilabeteetan Bizkaian izango den konfrontazio taktikoa eta estrategikoa. «Bizkaian bi proiektu handi daude: EH Bilduk ordezkatzen duen ezkerreko proiektu aurrerakoia, eta EAJk ordezkatzen duena, kontserbadoreagoa eta eskuinekoa».
Esan du aurrez aurreko horrek bere hartan iraungo duela, eta ez du uste horregatik EH Bilduk urrunago duenik gobernu alternatiba izateko aukera: «Kontrara, indartu egiten du, eta sinesgarritasuna ematen dio ikuspuntu sozial eta politiko batetik».
Zerga politikan, urrun
Casanovaren esanetan, EH Bilduk eta EAJk eredu kontrajarriak dituzte zerga politikan, eta zail ikusi du eremu horretan ados jartzea. Uste du Elixabete Etxanobe buru duen gobernuak «eskuineko zerga politikaren eskuliburua» proposatzen duela.
Bizkaiko aurrekontuak hilaren 27an onartuko dira, Gernika-Lumon, Batzar Nagusietan egingo den osoko bilkuran. Arabakoen eta Gipuzkoakoen bozketa, berriz, ostiralean izango da. Bi aldundi horiek ere ziurtatuta dauzkate aurrekontuak. Nola Arabakoek, hala Gipuzkoakoek gobernuz kanpoko alderdi baten babesa behar zuten, Bizkaikoek ez bezala. Araban, EH Bildurena lortu du Ramiro Gonzalez buru duen gobernuak; Gipuzkoan, PPrena lortu du Eider Mendozarenak.
Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako eledunak berretsi du abstenitu egingo direla ostiraleko bozketan. Gonzalezek PSE-EErekin ondu ditu aurrekontuak, eta EH Bilduren abstentzioa nahikoa da aurrera atera daitezen. EH Bilduk hamalau eserleku ditu, EAJk hamabost, eta PSE-EEk bederatzi.