EH Bilduk aurrekontuen eztabaidatik kanpo utziko du Osakidetzaren gaia

Otxandianok esan du koalizio subiranistak «arnasa» eman nahi diola Jaurlaritzari erabaki horrekin, eta gehitu du prest dagoela lehendakariak proposatutako osasunaren aldeko herri ituna babesteko: «Arduraz jokatuko dugu».

Otxandiano eta Pradales, gaur goizean, Ajuriaenea jauregian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Otxandiano eta Pradales, gaur goizean, Ajuriaenea jauregian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2024ko uztailaren 15a
13:00
Entzun

EH Bildu prest dago Eusko Jaurlaritzari «arnasa» emateko, gutxienez gobernuak neurriak onartzen dituen artean Osakidetzaren arazoak konpontzeko. Hala iragarri du gaur Pello Otxandianok, Imanol Pradales lehendakariarekin izandako bilkuraren ostean. EH Bilduren bozeramaileak adierazi du osasun sistema publikoaren gabeziak ez direla berehalakoan konponduko, eta, beraz, «epe ertain-luzeko ikuspegia» izan behar dela, estrategia doitu eta neurriak martxan jartzeko. Horiek hala, iragarri du udazkenean Eusko Legebiltzarrean aurrekontuei buruz izango den eztabaidatik kanpo utziko duela Osakidetzaren afera.

Aurrez aurreko lehen bilera izan dute gaur Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramaileak. Lehendakaria talde parlamentarioekin egiten ari den bilera sortaren barruan elkartu dira biak Ajuriaenean. Ordu eta erdi pasa iraun duen bilkuran —orain arteko luzeena izan da—, Osakidetzari eta autogobernuari buruz hitz egin dute, besteak beste: «giro eta tonu egokian» egin ere, Otxandianok adierazi duenez. 

EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, Osakidetzaren arazoa ez da konponduko diru gehiago jarrita —nahiz eta uste duen etorkizunean inbertsio handiagoa beharko dela—, ezta epe laburreko adabakiak jarrita ere. Izan ere, iritzi dio osasun sistemak «arazo estrukturalak» dituela, lotura dutenak «planifikazio faltarekin» eta «langile politika okerrarekin», besteak beste. 

Bada, horri aurre egiteko «neurri estrukturalak» behar direla azpimarratu du Otxandianok, eta horretarako ezinbestekotzat jo du Osakidetzaren afera «alderdien arteko epe laburreko eztabaidatik ateratzea»: «Ez da promesak egiteko garaia. Arazo instituzional handia dauka Osakidetzak; beraz, diagnostiko on bat egin behar da, zehazteko zeintzuk diren ildo estrategikoak Osakidetza berriro zutik jartzeko eta izan dugun kalitatea berreskuratzeko». 

«Ezohiko formula bat planteatu da: alderdiekin eta sindikatuekin mahai bat eratzea egoera jakin bati aurre egiteko. Aukera bat eman behar zaio horri» 

PELLO OTXANDIANOEH Bilduren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean

Horren harira, begi onez hartu du lehendakariak osasun publikoaren aldeko herri itun bat josteko egindako proposamena, eta adierazi du prest dagoela hura babesteko: «Arduraz jokatuko dugu». Izan ere, Otxandianok nabarmendu du Pradalesek alderdiei eskaini dien horrek berretsi egiten duela koalizio subiranistak azken urteetan egindako eskariak: «Ezohiko formula bat planteatu da: alderdiekin eta sindikatuekin mahai bat eratzea egoera jakin bati aurre egiteko. Horrek erakusten du arazo bat badagoela; orain arte ukatu egiten zen hori. Aukera bat eman behar zaio horri». Horren ondorio da «arnasa» emateko keinua. 

Hain justu ere, bestelako «dinamika» bat ikusten du Otxandianok Eusko Jaurlaritza berrian, Urkulluren gobernuarekin alderatuta. Eta horren adibide gisa jarri du aurreko astean Osasun sailburuak Basurtuko kirurgia taldeari buruzko Sagarduiren erabakia «zuzendu» izana. Hori dela eta, ongi deritzo gutxienez urtebeteko tartea ematea gobernuari, oposizio lana egin eta neurrien eraginkortasunari buruzko iritzia eman aurretik.

Nolanahi ere, ohartarazi du Osakidetzak arazo «larriak» dituela, eta uda honetan jada herritarrek nabarituko dituztela. Hain zuzen ere, salatu du ordutegi murrizketaren eta langile faltaren ondorioz zenbait osasun zentro «ia kolapsatuta» daudela.

«Konfiantza eremu bat»

Autogobernuaz eta estatus politikoa berritzeaz ere hitz egin dute bileran. Otxandianok esan du giro «ona» nabaritu duela lehendakariarekin aritzean, eta bat egin dutela diagnostikoarekin; hau da, bi agintariak bat etorri dira autogobernuaren eztabaidak «hauspoa» behar duela eta ebazpen fasera eramateko «jauzi bat» egin behar dela. 

Gaurko bileran ez dute proposamen zehatzik jarri mahaiaren gainean, baina elkarren arteko harremanari eusteko eskatu dio Otxandianok Pradalesi: «konfiantza eremu bat» eratzea proposatu dio, zehazki, akordioak josteko alderdien arteko negoziaziotik eta legebiltzarrean egingo den eztabaidatik harago ere.

EH Bilduko bozeramaileak argudiatu du bi buruzagiak «belaunaldi berri bateko kide» direla, eta horrek ezinbestean eskatzen duela elkarren arteko zubiak eraikitzea: «Eztabaidatzeko eta ados jartzeko beste eremu batzuk egongo dira, Eusko Legebiltzarrean eta alderdien artean, baina konfiantza esparru bat behar da bion artean».

«Eztabaidarako eta ados jartzeko beste eremu batzuk egongo dira, Eusko Legebiltzarrean eta alderdien artean, baina konfiantza esparru bat behar da bion artean» 

PELLO OTXANDIANOEH Bilduren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean

Hain zuzen, Otxandianok gogorarazi du Eusko Legebiltzarrean badagoela gehiengo abertzale bat —75 legebiltzarkidetatik 54 dira abertzaleak: 27na dituzte EAJk eta EH Bilduk—, eta horri bide ematea bien ardura dela: «Adostasun ahalik eta zabalenak behar badira ere, gehiengo abertzalea izanik, abertzaleok ados jarri behar dugu oinarrizko gai batzuetan». 

Izan ere, Pradalesek beste estatutu bat osatzeari buruzko eztabaida alderdien esku utzi badu ere, EH Bilduko buruzagiak azpimarratu du lehendakariak ezin diola bizkarra eman prozesu horri: «Abiapuntu partekatu bat izan beharko luke gutxienez».

EAJ-rekin amaituko du alderdien bilera sorta

Imanol Pradalesek EAJrekin elkartuta amaituko du alderdiekin egiten ari den bilera sorta. Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta Joseba Diez Antxustegi Eusko Legebiltzarreko jeltzaleen bozeramailea hartuko ditu bihar Ajuriaenean. Bilera sorta horretatik kanpo utzi zuen Vox, ordea, ez dituelako «oinarrizko printzipio demokratiko eta etikoak errespetatzen». 

Etzi bilduko da SME Medikuen Sindikatuarekin eta Satserekin, ostegunean elkargoekin, eta ostiralean ELA sindikatuarekin. Gaur zortzi, berriz, LAB eta CCOOekin bilduko da, datorren asteko asteartean unibertsitateetako errektoreekin, eta asteazkenean Confebaskekin. Ez dute zehaztu noiz bilduko diren UGTrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.