Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel D'Anjouk aurreko astean iragarri zuen hitzorduak lotuak zituela oposizioko alderdiekin 2025erako aurrekontuen inguruko elkarrizketei ekiteko. Gaur arratsaldean da biltzekoa Sumarreko eta PPko ordezkariekin, eta bihar EH Bilduko kideak hartuko ditu. Hain zuzen, koalizio subiranistak gaur jakinarazi du beste proposamen bat jarriko duela Ogasun sailburuaren mahai gainean, urrian Jaurlaritzarako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietarako proposamen bateratu bat defendatu ostean. Oraingoan, Jaurlaritzaren aurrekontuetara mugatuko direla azaldu du Pello Otxandiano EH Bilduko eledunak, baina ez du xehetasun gehiago eman.
EH Bilduk Eusko Jaurlaritzarako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietarako proposamen bateratu baten alde egin zuen urrian, baina hark EAJren eta PSE-EEren ezezkoa jaso zuen. Orain, elkarrizketak erakundez erakunde egitea «onartuta», Jaurlaritzara begirako proposamena aurkeztuko dute. Hark, baina, lehen proposameneko «ikuspegi globalaren aldeko filosofia» mantenduko du, Otxandianok Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez. Izan ere, proposamen hura luzerako izango dela adierazi du, «inbertsio publikoen eta politika publikoen garapenaren efizientzia» hobetzeko xedez.
Aurreko asteko Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, Otxandianok eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek hizpide izan zituzten aurrekontuak, eta bigarrenak lehenari adierazi zion «tribunako hitz handietatik mahaiko letra txikira» jaitsi beharra dagoela. Horri erantzunez, Otxandianok esan du EH Bildu «kaleari eta jendearen egunerokoari oso lotuta» dagoela, eta aurkeztuko dutena proposamen «errealista bat» izango dela, uneko egoera ekonomiko eta politikora egokitutakoa, eta «bide postneoliberala» sustatu asmo duena.
Izan ere, koalizioko eledunaren esanetan, aurrekontu proiektuak «aspektu positiboak» dituen arren, «maniobrarako tarte gutxi» uzten du. Batetik, salatu du aurrekontuen oinarria «diru sarreren aurreikuspen optimistegi» bat dela. Bestetik, «inbertsio errealetan» behera egitea txarretsi du, arau fiskalak berrezartzearen eta Europako Next Generation funtsak amaitzearen ondorioz.
Auziari lotuta, Otxandianok erreforma fiskal posible bat ere izan du hizpide. Aldaketa «estruktural eta sakon bat» defendatu du, eta salatu oraindik ez dituela ezagutzen EAJk eta PSE-EEk hiru lurraldeetarako adostu zuten itunaren nondik norakoak. «Zein da EH Bildurekin ez biltzeko oztopoa? Gobernuek oposizioaren babesa irabazi behar dute», adierazi du, eta gogoratu bi alderdi horiek ez dutela gehiengorik Arabako eta Gipuzkoako batzar nagusietan.