EH Bildu abstenitu egin da 2025. urterako Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuen eztabaidan. Horri esker, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernuak, gutxiengoan denak Arabako Batzar Nagusietan, 700 milioi eurotik gorako diru saila kudeatuko du datorren urtean. Aurten 2023ko aurrekontuen luzapenarekin egin dute lan, iaz ez baitzuten babesik eskuratu.
EH Bildu izan da makulua oraingoan. Bi aldeak ados jarri dira denera 33 milioi euroko zenbatekoa batzen duten hainbat puntutan, eta koalizio abertzaleak ez du oztopatu aurrekontuak onartzea, alde ere bozkatu ez duen arren. «Ez dira EH Bilduren aurrekontuak, gobernuarenak baizik. Baina lortu dugu guretzat ezinbestekoak ziren lau arlotan [etxebizitza, zaintza, trantsizio ekosoziala eta tokiko erakundeak] gobernuaren asmoak bideratzea, eta pozik gaude akordioarekin», esan du EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile Eva Lopez de Arroiabek. «Gaurkoa egun garrantzitsua da. Mugarri bat izango da».
Esan du ados jartzea erraza dela, baina gogorrena aurrekontuak gauzatzea izango dela. Horregatik, Lopez de Arroiabek EAJ eta PSE-EEri ohartarazi die EH Bilduk oposizioa gertutik egingo duela. «Hemen ez da ezer amaitu. Lanean jarraitu behar dugu, koherentziaz, adostutakoa betetzeko. Hala bada, 2025. urtetik aurrera ere elkarrekin lan egin dezakegu, eta legegintzaldia salbatuta izan dezakezue».
Elkarrekin koalizioarentzat ulertezina da EH Bilduk EAJrekin aurrekontuak adostea. David Rodriguez bozeramaileak esan duenez, frogatuta gelditu da EH Bildu zentro aldera lerratzen ari dela, eta ezkerreko posizioetara itzultzeko eskatu dio. «Lasaitzen bagara, gureak egin du. Alde guztietatik estutu behar dugu».
Lopez de Arroiabek erantzun dio albo batera uzteko ea nor den ezkertiarragoa neurtzeko lehiaketa, eta elkarlanean aritzeko eskatu dio. «Ezberdinen artean zubiak eraiki behar ditugu. Ez da ohikoena, eta guretzat errazena da aurrekontuei ezetz esan eta gobernua kritikatzea. Baina hori ez da onena arabarrentzat, eta EH Bildu ez zen sortu erabaki alderdikoiak hartzeko». Gogoratu duenez, Elkarrekin-ek aurkeztutako zuzenketa gehienak jasota daude, eta batzarkide moreei abstentziora jotzeko gonbita egin die, baina ez da halakorik gertatu.
Alderdi Popularrarentzat, berriz, argi gelditu da EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren artean alderik ez dagoela. «PP da alternatiba bakarra», esan du Iñaki Oiartzabal bozeramaileak.
Gobernua, gustura
Elkarrekin eta PP alderdien ustez, orain arteko aurrekontuen segida da gaur onartutakoa. Koalizio morearen iritziz, motz gelditzen dira aurreikusitako diru sailak hainbat alorretan, eta, PPrentzat, ez dute balioko arabarrei arreta hobea eskaintzeko.
Iñaki Ruiz de Galarreta EAJren bozeramailearen ustez, onartutako aurrekontuek Arabaren etorkizuna ahalbidetuko dute. «Aurrekontuak ez dira balantze hutsa. Etorkizun hobe baterako bide orria dira», esan du. «Araba justuago bat, berdeago bat eta garatuago bat lortzeko palanka dira aurrekontuak».
Arabako 2025erako aurrekontua 702 milioi eurokoa izango da. Ohi legez, zatirik handiena gastu sozialari emango zaio: erdia, gutxi gorabehera. Gehien handituko diren diru sailak obretarako eta lurralde kohesioa hobetzeko emandakoak izango dira. Ingurumena, euskara, kultura... ere aintzat hartu dituzte aurrekontuak osatzeko garaian. Araban inoiz izandako aurrekonturik handiena da.
Ruiz de Galarretak eskerrak eman dizkio EH Bilduri aurrekontuak posible egiteagatik. «Denon helburua arabarren ongizatea denean, errazagoa da elkar ulertzea. Interes kolektiboa lehenetsi dugu guztiok». Politikan elkarrizketak duen garrantziaz hitz egin du: «Gizarte moduan aurrera egiteko aukera ematen digu». Halere, esan du EAJren gidaritzarik gabe ez litzatekeela posible izango akordioa.
PSE-EE ere gustura agertu da lortutakoarekin. Jesus Maria Lopez bozeramaileak goraipatu egin ditu aurrekontuak, eta esan du sinesgaitza zaiola kontra egitea: PPri egotzi dio aurrekontuen aurka baino gehiago gobernuaren kontra bozkatu duela, alderdikeriagatik; Elkarrekin-i leporatu dio ados jartzeko beldurra izatea, iaz gertatutakoari erreferentzia eginez, eta gogor egin du haien aurka. «Ez duzue inolako ekarpenik egiten. Txintxirrin politiko bat besterik ez zarete».