Bilduk alardeko «plastiko beltza» onestea egotzi die EAJ, H1 eta PPri

Batu dira Hondarribian koalizioak dituen bost zinegotziak, urteroko «gertaera tamalgarriak» ez berriz izateko eskatzeko.Ez dute babesik

Jaizkibel konpainiako kapitaina, iaz, plastiko beltzaren aurrean. I. ZABALETA / ARP.
arantxa iraola
Hondarribia
2014ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
«Duintasunaren aurkakoak». «Tamalgarriak». «Erasokorrak». EH Bilduko Hondarribiko bost zinegotziek era horretan definitu zituzten, atzo, azken urteotan, irailak 8 dituenean, Gipuzkoako udalerri horretan ikusten diren irudiak: Jaizkibel konpainia Kale Nagusitik igarotzen denean, —herriko jaiegun handian alardea egiten duen talde bat da, andreak soldadu gisara onesten dituen bakarra—, plastiko beltz bat zabaltzen dute hainbat herritarrek, alardea egiteko era horrekiko desadostasuna erakusteko. Jaia ulertzeko moduaren inguruan azken urteotan herrian zabaldu den gatazka ozpinaren emaitza da irudi hori. «Urrats ttipien bidez» zerbait higitzen hasteko asmoz, iragan uztailaren 24an mozio bat aurkeztu zuten Bilduko kideek: «oinarrizko eskaera» zela iritzita, plastiko beltzaren gisako jokaerak saihesteko eskatuz eskaera publiko bat egiteko proposatu zuten. Ez zen aurrera atera. EAJk, H1ek eta PPk aurkako boza eman zuten; PSE-EE abstenitu egin zen. Irmo gaitzetsi du Bilduk lehen hiruren jarrera: «Plastiko beltzaren atzean jarri dira».

Kritika hori egiteko batu ziren atzo koalizioko ordezkariak Hondarribiko udaletxean. Olatz Ugaldek eta Kattalin Nobliak eman zituzten azalpenak. Gatazkak arrunt gaiztotuta segitzen duela erakusten duten zehaztasunak eman zituzten; gogoetagarriak. Gogorarazi zuten, esaterako, mozioa aurkeztu zutela aurrera irteteko esperantzarekin, eta asmo horrekin, kendu egin zutela puntu bat —udal agintariek Jaizkibel konpainiari ere harrera egiteko eskatzen zuena, orain arte ez baitiote sekula egin—. Baina alferrik: eskakizunik apalena onartzeko ere ez zuten aski babesik jaso udalbatzarrean. PSEk ibilbidean «begirunea» bermatzeko eskatuz aurkezturiko mozioa ere nahiko botorik gabe geratu zen.

Eta kezkarako motibo da egun horretan aurrera atera zen mozioa, liskarrak saihesteko bidetzat proposatzen baitu alarde parekidea bestearen ondoren ateratzea: hain justu, ordutegia atzeratuta, alarde baztertzailearen aldekoek ikus ez dezaten. Testuan auzitan jartzen da Jaizkibel konpainiaren jarduna, eta, kontrara,ontzat jotzen da alarde ez parekidea. Mozioa ez zuten ondo hartu Jaizkibeleko kideek: «Udalak bazterketaren alde egin du». Bilduko ordezkariek ere kritikatu egin zuten atzo: «Jaizkibel konpainiari leporatu nahi izan diote plastiko beltzaren eta gainerako ekintza erasokorren existentziaren ardura. Ezin da onartu erasoa jasaten ari denari erasoaren errua gaineratzea». Adierazi zutenez, Emakundek ere eskutitz bat helarazi dio Hondarribiko Udalari mozioaren edukia kritikatzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.