EH Bilduk akordioa egin du Espainiako Gobernuarekin, «'mozal legea' bukarazteko»

Lege berri bat aurkeztuko dutela esan du Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak, «neurri kaltegarrienak» deuseztatzeko. Aurreko legealdian gainditu ez ziren ezadostasunak gainditu dituzte. EAJ prest dago legea babesteko, baina zuzenketak iragarri ditu.

Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu gaur, Espainiako Kongresuan. FERNANDO ALVARADO / EFE
Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu gaur, Espainiako Kongresuan. FERNANDO ALVARADO / EFE
xabier martin
2024ko urriaren 3a
12:15
Entzun

EH Bilduk Espainiako Kongresuan iragarri du mozal legea «bukarazteko» akordioa egingo dutela. Espainiako Gobernua osatzen duten alderdi PSOErekin eta Sumarrekin egin du ituna koalizio subiranistak, eta, haren bidez, gainditu egin dituzte aurreko legealdian erreforma honi bidea itxi zioten oztopo nagusiak. Desadostasun handienetakoa gomazko piloten erabileran zegoen, eta Aizpuruak iragarri du «lortu» dutela horiek ordezkatzea, «kalte txikiagoa egiten duen materiala» lehenetsita. Foam jaurtigaiak ez ditu aipatzen akordioak, Aizpuruak berak zehaztu duenez, kazetarien galderei erantzunez. Pilotak aldatzeko denbora tarte bat egongo da, egutegi jakin bat.

Horrez gain, besteak beste errespetu faltengatik ezartzen diren isunak ere aldatuko dira segurtasun lege berrian. EH Bilduk azaldu du errespetu falta horiek «objektibatu» egin beharko direla, eta ez dela nahikoa izango «soilik agenteen hitza». Gainera, ustezko errespetu falta egin duenak atzera eginez gero, isuna saihestu ahal izango du, betiere Espainiako Kongresuak lege berria onartzen badu. Eta isun larriak isun arinak bihurtzeko bidea ere zabalduko da. «Modu horretan adierazpen askatasuna eta manifestazio eskubidea babesteko urratsa» egingo dutela ziurtatu du Aizpuruak.

«Ez da nahikoa izango bakarrik agenteen hitza. Adierazpen askatasuna eta manifestazio eskubidea babesteko urratsa da»

MERTXE AIZPURUAEH Bilduko bozeramailea

Espainia hegoaldeko mugetan migratzaileak iritsi ahala kanporatzea galarazteko aukera da lotua duten beste akordio bat. Koalizioko eledunak iragarri du sei hilabeteren buruan Atzerritarren Legea aldatzeko konpromisoa duela Sanchezen gobernuak, eta eduki horretan ere urratsak egingo direla «migratzaileen eskubideen alde».

PSOE erreforma horien aurka zegoen aurreko legealdian, baina EH Bilduk «ezinbestekotzat» jo zituen. Koalizioak garbi utzi zuen polizia agenteei egindako «errespetu faltak» eta «desobedientzia» arau hauste gisa jasotzen dituzten artikuluak aldatu nahi zituela, eta segurtasun indarrek leku publikoetan herritarrak miatu eta identifikatzeko kontrolak ezartzearen aurka egin behar zela. «Denborak lagundu egiten du jarrera aldaketak egon daitezen», esan du Aizpuruak gaur, Sanchezen gobernuak onartu dituen aldaketak azaltzeko.

Orain, berriz, ikusi egin beharko da Kongresuan gehiengoa izango ote duten luze gabe aurkeztuko den lege organiko berria aurrera ateratzeko. EH Bilduko bozeramaileak esan du PSOErekin eta Sumarrekin egindako akordioa beste taldeei aurkeztu dietela, eta uste duela «borondatea» badutela legearen alde egiteko. Zehaztu du lege berriak oinarrian izango dituela aurreko legealdian taldeek batzordean egin zituzten ekarpenak. Hau da, jasoak daude talde politiko horien ekarpenak. «Uste dugu aurreko legealdiko gehiengoak hor dirauela».

Nolanahi ere, Aizpuruak ez du hitz egin nahi izan «inoren izenean». Beste kontu bat da egungo jokalekuan, Juntsek haizea eman nahiko dion Sanchezen gobernuari. Kataluniako gizartean, ordea, oso handia da mozal legearen aurkako aldarria, Procesaren aroan segurtasun indarren oldarraldi handiak direla eta. ERCk, berriz, «atsegin handiz» jaso du koalizioaren eta Madrilgo gobernuaren akordioa, eta haren babesa segurutzat jo daitekeela ematen du.

(ID_14307166) CAV SEGURIDAD CIUDADANA
EAJko Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban, gaur. EFE

«Agintaritza printzipioari eutsi behar zaio; zuzenketak aurkeztuko ditugu»

AITOR ESTEBANEAJko bozeramailea

Litekeena da, ordea, lege berri hori onartzeko oztopo handiena EAJ izatea. Aitor Esteban jeltzaleen Kongresuko bozeramaileak gaur bertan esan du EAJ prest dagoela lege proposamena babesteko, baina zuzenketak egingo dituela iragarri du. Esplikatu du erreforma horren gehiengoa jeltzaleen ekimena izan zela, eta ez dituela argi ikusten EH Bilduk orain adostu dituen lau edukietatik bi, batez ere errespetu faltekin lotutako isunen zatia. Estebanek ziurtatu du «beste buelta bat» eman behar zaiola horri, «agintaritza printzipioari eutsi» egin behar zaiolako, hau da, polizien hitzaren pisuari. Ez du begi onez ikusten isun larriak arintzeko aukera ere, edo atzera eginez gero isuna jasoko duenak hura saihestea. «Arraroa ematen du denak, eta hausnarketa handiagoa behar du».

Edonola ere, behin-behinean egindako balorazioa da Estebanena, «gaur goizean bertan» jaso baitu agiria. «Ezustekoa» hartu duela onartu du jeltzaleen eledunak, «erreformaren mamia» EAJren ekimena izan baita harentzat, eta azpimarratu du berraztertu egin nahi dutela «desobedientziari, agintaritzaren aurkako erresistentziari eta identifikazioak egitean datu faltsuak emateari eman dioten» forma, eta alor horretan  zuzenketak jarriko dituztela legea tramitatzen hasten denean.

Porrotari buelta eman

Aurreko legealdian, mozal legea erreformatzeko akordio baten bila ibili ziren Sanchezen aurreko gobernua babesten zuten bazkideak, eta 2023ko hasieran ematen zuen posible izan zitekeela ados jartzea, batetik, gobernua osatzen zuten alderdiak, PSOE eta Unidas Podemos, eta, bestetik, gobernua laguntzen zutenak, EAJ, EH Bildu, ERCk eta JxC. Baina, azkenerako, ez zuten lortu akordioa ixtea. EH Bilduren ustez, saio horretan hobekuntza batzuk jaso ziren arren, ez ziren ukitu legearen artikulu «kaltegarrienetako batzuk». Horiek gabe «erreforma light» bat litzatekeela esan zuen. Orain, berriz, artikulu «kaltegarrienetakoak» aldatzea lortu dute, eta horrek bidean jarri du mozal legea «bukarazteko» aukera.

EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban, berriz, kexu azaldu zen batzordean ezezkora jo zutenen jarrerarekin. «Egungo gehiengoekin eta lortu diren aurrerapausoekin mozal legea aldatzen ez bada, argi geratuko da jarrera batzuen zurruntasuna», ohartarazi zuen. Estebanen hitzetan, helburua zen «segurtasunaren eta askatasunaren artean oreka» bat bilatzea, eta esan zuen baztertutako erreforman bazegoela proportzionaltasun hori.

PPk Espainiako Kongresuan sarritan baliatzen zuen gehiengo absolutua galdu aurretik, 2015eko ekainean berriro alperra pasatu zuen Mariano Rajoyren gobernuak, eta mozal legea onartzeko beta izan zuen. Ezkerreko oposizioak Herritarren Segurtasun Legea baliogabetuko zuela agindu zuen, eta Pedro Sanchezek (PSOE) promes hori berretsi zuen Moncloara iritsi zenean. Aurreko legealdian ez zuen hitza bete, baina oraingoan baliteke agindutakoa egitea, baldin eta haren gobernua babesten duten talde politiko guztiek oniritzia ematen badute.

EH Bilduk iragarritako akordioak erreakzio bortitzak eragin ditu Espainiako eskuinean. PPko bozeramaile Borja Semperrek esan du EH Bilduk «gutxietsi» egiten dituela Guardia Zibila eta Polizia, eta Arnaldo Otegi dela «Sanchezen bozeramailea, nahiz eta ez den Minustro Kontseiluan esertzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.