EUROPAKO HAUTESKUNDEAK

EH Bildu Orain Errepublikak hautagaitzaren parte izango da berriro Europako hauteskundeetan

Duela bost urteko koalizioa osatu dute berriz EH Bilduk, ERCk, BNGk eta Ara Mesek. Lurraldeetarako «oso garrantzitsuak» diren gaiak eztabaidatzen diren lekuan ahalik eta ordezkari gehien izan nahi dituzte.

ORAIN ERREPUBLIKAK
EH Bildu, ERC, BNG eta Ara Meseko ordezkariak, gaur, Bartzelonan. ERC
inaut matauko rada
2024ko martxoaren 28a
13:30
Entzun

2019ko Europako Parlamentuko hauteskundeetako formula errepikatuz, BNGrekin eta ERCrekin batera aurkeztuko da ekainaren 9ko hauteskundeetan EH Bildu, izen bereko koalizioarekin: Orain Errepublikak. Hiru eurodiputatu lortu zituzten aurreko bozetan, eta Pernando Barrena EH Bilduko hautagaiak adierazi du emaitza horiek berdindu eta hobetzeko asmoa dutela. Izan ere, aurten bazkide berri bat izango dute, Ara Mes, Balear uharteetako koalizioa. Artxipelagoko hiru uharte nagusietako alderdi bana dago koalizioan, eta Barrenak uste du koalizioaren irismena «politikoki eta kualitatiboki» handitu duela Ara Mesekin batera aurkezteak.

Barrenaren esanetan, Espainiako Estatuan duten lankidetza Europara eraman nahi dute berriro, haren hitzetan konpartitzen duten agenda soziala aplikatzeko, ultraeskuinaren balazta izateko eta «herrien autodeterminazio eskubidearen defentsa egiteko». «Harro gaude agenda sozialean eta herrien eskubideen alorrean aurrerapausoak egin ditugulako».

Antzeko iritzia du Oriol Junquerasek, ERCko presidenteak: «Europan asko dago jokoan. Asko dago jokoan nazio aitortzaren esparruan, hizkuntzen alorrean, politika sozialetan, eta asko dago jokoan gure landa eremuaren eta industriaren interesen inguruan. Eta hain garrantzitsua denez, ahalik eta indar gehienarekin joan nahi dugu hauteskundeetara».

Datorren legealdian «erronka handiak» izango dituztela onartu du EH Bilduko hautagaiak, eta uste du «erabakigarria» izango dela Europako Batasunak ordezkatzen duen proiektu integratzailearen etorkizunerako. Erronka horri EH Bilduk «jarrera europazale» batekin egingo dio aurre, eta Barrenak nabarmendu du Europako herrien autodeterminazio eskubidea egikaritzeko lanean jarraituko dutela Bruselan.

«Austeritate politikei» aurre egiteaz gain, Ukrainako gerraren testuinguruak eta horren inguruko zalapartak eraginda batez ere, Barrenak adierazi du giza segurtasunaren alde ariko direla, nazioarteko zuzenbidea errespetatuz eta bakea defendatuz, «NATOz, gerraz eta militarismoaz hitz egiten digutenen aurrean». Horretarako lehen urratsa ultraeskuinari aurre egitea dela uste du: «Orain Errepublikak hautagaitzaren alde egitea boto antifaxista emateko aukera ona izango da».

EH Bildu koalizioan aurkezteak bere oinarri militantearen %96ren babesa jaso duela gogorarazi du Barrenak.

Zerrendaburuaren agenda

Diana Riba ERCko hautagaia izango da koalizioaren zerrendaburua, eta, Junquerasek eta Barrenak aipatutako kontuez gain, koalizioaren agendan dauden beste puntu batzuk ere nabarmendu ditu. Indarkeria matxistaren aurkako Europako direktiba bat bultzatzea izango da puntu horietako bat.

Baina beste araudi batzuk bultzatzea ere izango dute helburu. «Europako lege bat nahi dugu kazetariak eta ekintzaileak kosta ahala kosta babesteko, gobernuek eta enpresa handiek disidentzia isilarazteko bultzatu dituzten mozal legeen aurrean. Mahai gainean dugu hori». Pegasusen espioitza kasua ikertzeko ikerketa batzorde bat sortzea ere bultzatuko dute. Riba ziur da lortuko dutela.

Azkenik, lehen sektorea defendatuko dutela ere adierazi du Ribak, «merkataritza askeko akordio guztiak baztertuz». Horretarako, politika fiskal hedagarriak beharrezko direla uste du, «azken urteetan lortu dugun moduan», baina azaldu du alor horretan ere bakarrik daudela orain, «78ko erregimeneko alderdiak eta alderdi subiranista eskuindarrek politika horien aurka egin baitute jada». Alderdi horiek landa eremuaren aurka egiten dutela nabarmendu du, eta «politika austeriziden alde».

Espainiarrei keinuak

Europako hauteskundeetan, 27 estatuetako bakoitzak barruti bat osatzen du; hori dela eta, Euskal Herriko, Galiziako, Kataluniako eta Balear uharteetako herritarrek ez ezik, Espainiako beste erkidegoetako herritarrek ere botoa eman ahalko diote Orain Errepublikak hautagaitzari. Eta hori badakite koalizioaren parte diren alderdiek. Hori dela eta, Ruben Cela BNGko hautagaiak eta Barrenak erabaki dute mintzaldi ia guztia gazteleraz egitea. Baina, hizkuntzaz harago, Espainiako herritarrei ere hitz egin die botoa eskatzeko.

Horrez gain, Barrenak Espainiako beste alderdi batzuei gogorarazi die oraindik garaiz daudela koalizioaren parte izateko: «Berretsi nahi dugu pozik gaudela aliantza honen inguruan, EH Bilduri lagunduko baitio helburuak lortzen, BNGrekin, ERCrekin eta Ara Mesekin esfortzuak partekatzen, baita estatuko beste alderdi batzuekin ere, ziur aski proposamen honetara batu ahalko baitira haiek ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.