«Ohiko politika ereduak alternatiba bat badu, eta hemen dago: EH bilduren eskutik dator». Mezu hori zabaldu du gaur Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigai eta Arabako zerrendaburuak. Hauteskundeetarako Arabako hauteskunde zerrendaren aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek, Gasteizen, zerrendakide guztiak ondoan zituela.
Haren erranetan, hiru ideia nagusi ditu bultzatuko duten politika ereduak. Lehenbizikoaren arabera, «herri borondateak» batzen ditu, eta ez «interes partidistak». Hau da, herritarrek nahi dituzten eredu «feministak, berdinzaleak eta jasangarriagoak» sustatuko dituzte, eta burujabetzan aurrera egin. Bigarrenak dio «irismen luzeko begirada bat» izanen dutela, aldian aldiko erronkei aurre egin ahal izateko. Azkenik, herri eragileekin «kooperatzeko» gai diren politikak sustatuko dituzte, gizarteko «agente estrategikoekin» kooperatzeko gai direnak.
Azpimarratu du beretako «ohore bat» dela Arabako zerrendaburu izatea, bizkaitarra den arren arabarra sentitu delako bere bizitzako momentu askotan. «Ardura gehigarria» sentitu duela ere adierazi du, azken urteetan anitz aldatu delako Araba: ezkerrerantz, feminismorantz eta abertzaletasunerantz. Hori EH Bilduk egindako ahaleginen emaitza dela dio, bertan hartutako erabaki «ausarten» ondorio. Nabarmendu du PP Gasteizko alkatetzatik kendu izana «izugarria» izan dela, eta ez duela imajinatzen hori egiteko gai den bertze alderdirik.
Aste honetan Arabako Errioxara egindako bisitan ikasitakoak ere gogora ekarri ditu, bertako «jende langilearengandik» ikasitakoa. «Gure buruengan sinesten badugu, gure indarretan sinesten badugu, herri hau gai da leku on batera joateko». Izan ere, ez du uste gauzak ongi daudenik: «Errazegi onartzen dugu Osakidetzako egoera, ezin dugu normalizatu lehen arretako langileen falta. Balantzea ezin da autokonplazentziazkoa izan: konpondu gabeko arazo asko daude. Herri honek ez du aurrera egiten bere gaitasun eta aukeren arabera». Erronka zein den ikusita, «ilusioz» ekinen diola esan du: «Konbentzituta nago euskal politikaren ziklo politiko berri baten aurrean gaudela. Erronka handia da, ilusionantea; elkarrekin egingo dugu».
Anbizioa
Otxandianok ez ezik, hitza hartu dute Rocio Vitero Gasteizko zinegotzi eta Arabako hautagaiak, eta Eba Blanco Arabako hautagaiak. Viterok nabarmendu du «une historiko bat» dela egungoa, eta «ziklo aldaketa» bat gertatzen ari dela. Haren erranetan, bide horretan EH Bildu izanen da aldaketarako «alternatiba bakarra»: «Gizartearen galdera guztiei erantzunak emateko gaitasuna duen indar politiko bakarra gara». Hala, gogoratu du koalizioak «jendearekiko konpromisoa» duela, eta guztiendako «eskubide gehiago eta bizitza kalitate handiagoa» nahi dituztela. «Gizartea egungo gobernuak proiektatzen duen baino ezkertiarragoa eta abertzaleagoa da. EH Bilduk egunez egun lantzen dituen balioak», borobildu du.
Blancok ere bide beretik egin ditu adierazpenak, eta azpimarratu du «politika publiko berritzaileak» beharrezkoak direla, eta horiek beren eskutik soilik etorriko direla. Otxandianok bezala, Osakidetzan jarri du arreta Blancok ere, ohartaraziz herritar guztiek pairatu behar dituztela sistema horren «kudeaketa kaskarraren ondorioak». Gazteen egoera ere mintzagai izan du: «Gehienak lan baldintza prekarioen menpe daude, eta etxebizitza lortzeko zailtasun handiak dituzte».
Arabak bertze lurraldeek dituzten erronkak dituztela adierazi du Blancok, baina baita propioak diren batzuk ere: «Lurralde oreka eta elikadura estrategia». Uste du ekoizleendako «eraldaketa sakona» bultzatu behar dela, belaunaldien arteko erreleboa gertatu ahal izateko. Ziklo politiko berriari ateak irekiko dizkiotela erran du, eta Araban boto gehien jasoko duen alderdi politikoa izateko anbizioa dutela: «EH Bildu bilakatu da arabar gero eta gehiagorentzat erreferentzia politikoa, Araba erabakigarria izango baita datozen hauteskunde politikoetan».
Arabako zerrendako 25 kideak hauek dira: Pello Otxandiano, Eba Blanco, Mikel Otero, Itxaso Etxebarria, Gorka Ortiz de Ginea, Lamia Arcas, Ibon San Saturnino, Amancay Amets Villalba, Xabier Goikuria, Claudia Venceslao, Xabier Ruiz de Larramendi, Elisabet Zubizarreta, Hugo Elena del Rio, Elena Aguayo, Mikel Diaz de Alda, Naroa Hernandez, Toni Barbado, Julu El Outmani Balaass, Isidro Ruiz de Oña, Ainara Unanue, Unai Gutierrez, Ainize Gastaka, Jose Manuel Villanueva, Eva Lopez de Arroiabe eta Rocio Vitero.