EH Bildu kongresuari «lasai» heltzeko moduan da

Koalizio subiranistak gaur ekingo dio III. kongresuari, Iruñeko Baluarten. Zuzendaritza berrituko dute, eta Otegik lidergoari eutsiko dio.

Otegi, EH Bilduren Konferentzia Politikoan, irailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Otegi, EH Bilduren Konferentzia Politikoan, irailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Ia sei hilabeteko bidea egin du EH Bilduk Konferentzia Politikotik III. kongresura bitarte. Prozesuari «lasai» ekiteko asmoa azaldu zuten orduan, eta baieztatu da hala aritu direla orain arte, hein batean azken hauteskunde zikloko emaitzek hauspotuta. Koalizioa Arnaldo Otegiren gidaritzapean dago, eta hala egongo da asteburua igaro ostean ere. Hori bai, koordinatzaile nagusi gisa ekingo dio Iruñeko Baluarteko bilkurari, eta idazkari nagusi gisa aterako da, «belaunaldi berri bat» alboan duela.

Otegik adierazi zuenean koalizioa gidatzen jarraitzeko asmoa zuela, inor gutxik jarri zuen zalantzan hark segituko zuela, eta koalizioaren barruan ere ez da zalantzarik izan. Izan ere, ez da hautagaitza alternatiborik aurkeztu Mahai Politikoak zuzendaritza berritzeko egindako proposamenari aurre egiteko, eta bilkideak jada ari dira hautagaitza horren inguruan bozkatzen; atzo hasi ziren.

Otegirekin batera, beste 36 lagunek osatuko dute mahaia: emakumeak dira gehienak, eta batez besteko adina 46 urtekoa da oraingoz; kargu batzuk betetzeko daude. Orain arte ez bezala, «epe ertain-luzera begirako» lanetan arituko da mahaia, eta idazkaritza bat arduratuko da koalizioaren «eguneroko zuzendaritzaz». Hain zuzen, batzorde exekutibo horretan Mahai Politikoko hamazazpi kide arituko dira, eta, Otegirekin batera, Idazkarien Batzordea osatuko duten lau izenak dira azpimarragarrienak: Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek, Nerea Kortajarenak eta Gorka Elejabarrietak hartuko dituzte «ardura nagusiak»; hurrenez hurren, Antolaketa, Ekintza Politikoa, Programa eta Harremanak. Idazkaritzan da, besteak beste, Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko eleduna ere, baina kargu organiko propiorik gabe.

Zuzendaritza eredu berria bat dator antolaketa eta funtzionamendu txostenean egindako aldaketekin. EH Bilduren «nortasun propioan» sakontzea aipatzen da dokumentu horretan, eta erakundea kudeatzeko praktikotasuna ere nabarmendu dute koalizioko kideek.

Burujabetzara

Irailean Donostiako Tabakaleran egindako Konferentzia Politikoan jakinarazi zuen Otegik zer oinarri izango zuen kongresurako prozesuan eztabaidagai izango zuten txosten politikoak: neoliberalismoaren eta Espainiako Estatuarekiko harreman ereduaren «porrota». Eta ondorioz, landu beharreko proposamenak zer xede izango zuen ere azaldu zuen: «Neoliberalismoa gainditu behar da, eta Euskal Herriak, burujabetzarako bidean, nazio aitortza eta eskubide nazional guztiak onartuko dituen estatus bat behar du».

Zehazki, eztabaida prozesuari urriaren 18an ekin zioten, hala txosten politikoa nola antolaketari eta funtzionamenduari dagokiena bilkideen esku utzita. Hainbat zuzenketa aurkeztu zizkieten dokumentu horiei, eta haietatik 125 bozketara eraman zituzten abenduaren bukaeran, eta 45 egokitzapen egin dira. Muinean, baina, aldaketarik ez. Hala, bere hartan gelditu da Mahai Politikoak onartutako tesia. 

Besteak beste, nazio auziari dagokionez, dokumentuan zehazten da azken hamarkadetan «zentralismorako urrats handiak» egin direla, eta horri aurre egiteko prozesu «gradual» bat defendatzen da, nazio aitortza izanda bideari heltzeko oinarri. Azken xedea: Euskal Errepublika konfederala.

Prozesu horretan, gainera, esku hartzeko gaitasun handiagoa izan nahi du EH Bilduk. Hala, txosten politikoan ezinbestekotzat jo dute pausoak ematea instituzioetarako «jauzia» egiteko. Hau da, «gobernu alternatiba» izan nahi dute, eta hori irudikatu. Beraz, hiru erronka zerrendatu dituzte: «programa politikoaren zehaztapenean» eta «gobernu koadroen trebakuntzan» sakontzea, eta «ideien lehiarako antolakundearen gaitasuna handitzea».

Hain zuzen, txostenean jorratutako gaiak izango dituzte hizpide kongresuan. Bai bilkideen arteko eztabaidan, baina baita ekitaldiaren harira antolatu dituzten mahai inguruetan ere. Nazioarteko 43 alderdi eta mugimendutako ordezkariak izango dira kongresuan: ERC, JxC, CUP, BNG, Sumar, Podemos, Sinn Fein, Die Linke, Fronte Polisarioa, Morena, Comunes, PSUV, ANC... Eta horietako batzuek hitza hartuko dute gaur arratsaldean. Mundu bat noraezean: askapen mugimenduen begirada bat esperantzari solasaldian, Otegirekin batera arituko dira Declan Kearney Irlandako Sinn Feineko idazkari nazionala, Andile Lungisa Hego Afrikako ANC alderdiko zuzendaritzako ordezkaria, eta Alina Duarte Mexikoko Morena alderdiaren Formakuntza Politikoko Institutuko kidea. 

Bihar goizean, berriz, mahai inguruak egingo dituzte: Euskal Herriak dituen «arrisku eta mehatxuez», euskal esparru komunikatiboaz eta «askatasun haizeez» arituko dira. Ekitaldi nagusia, berriz, 12:30ean egingo dute. Hartan emango dute Mahai Politikoko eta estatutuak osatzeko bozketen emaitzen berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.