EH Bildu prest dago Jaurlaritzarekin negoziatzeko, aurrekontuek «anbizioa» izan dezaten

Koalizio subiranistak 350 milioi euroren aldaketak proposatu ditu etxebizitza, zaintza eta lan arloetan. Kortajarenak garrantzia kendu die Pradalesek EH Bilduren jarrerari buruz esandakoei, eta «fidatzeko» eskatu dio.

EH Bilduko, Eusko Jaurlaritzako, EAJko eta PSEko kideak, gaur arratsaldean. OGASUN SAILA
EH Bilduko, Eusko Jaurlaritzako, EAJko eta PSEko kideak, gaur arratsaldean. OGASUN SAILA
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 12a
18:50
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel D’Anjouk eta EAJko eta PSE-EEko ordezkariek amaitu dute 2025erako aurrekontuen harira oposizioarekin egindako lehen bilera sorta, EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenarekin eta Oihana Etxebarrietarekin bilduta. Hartan, 350 milioi euroren aldaketak egitea proposatu dute koalizio subiranistako kideek, etxebizitza, zaintza eta lan arloak jomugan jarrita. D'Anjou prest azaldu da koalizioari hura aztertzea eta hitz egiten jarraitzea proposatzeko, «Eusko Jaurlaritzak legebiltzarrean duen gehiengoaz haraindi».

EH Bilduko eledun Pello Otxandianok atzo iragarri zuen gaurko bilerarako xede zuela D’Anjouri aurrekontuen inguruko beste proposamen bat aurkeztea, urrian Eusko Jaurlaritzarako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietarako itun bateratu bat proposatu ostean. Eta hala egin dutela baieztatu du Kortajarenak Ogasun sailburuarekin izan ostean, esanez proposamena «errealista eta zehatza» dela, D’Anjouk berak eskatu zuen bezala: «Urteetako politika neoliberalen porrota bezain erreala eta horien ondorioak bezain zehatza».

Kortajarenak azaldu du koalizioaren proposamenak helburu duela etxebizitzari, zaintzari eta lan merkatuari dagozkien «politika publikoak zuzentzea»; aurrez jakinarazi zuten Osakidetzari dagozkionak Osasun Itunean jorratuko dituztela.  Beraz, koalizioaren asmoa da irtenbide bat ematea arlo horietan mahai gainean dauden arazoei, «pixkanakako aldaketetara edo doikuntza txikietara» mugatu gabe. Hala, koalizioak proposatutako aldaketek 350 milioi euroko kostua izango lukete.

Hortik abiatuta, negoziatzeko prest daudela azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak, itun baten bidez Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari «nahikoa anbizio» emateko: «Aurrekontuak negoziatzea ez da bakarrik Excel taula bat koadratzea, baizik politika publikoen norabidea eta irismena markatzea». Eta bide horretan, zuzenketetatik harago ere, erreforma fiskal baterako proposamena ere txertatu dute Ogasun sailburuari emandako dokumentuan.

Adierazpenak egitean, Kortajarenak ez die erantzun nahi izan Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek goizean esandakoei: «Eztabaidetan esaten diren gauzak dira, baina ez dute garrantzi handirik. Lehendakariak hobe luke EH Bilduk esaten duenaz fidatu, jende fidagarria baikara». Izan ere, Pradalesek «mesfidantza» adierazi du koalizioaren inguruan, eta eskatu dio Nafarroan duen jarrera bera erakusteko.

Aztertzeko prest

Atzo, Sumarreko eta PPko ordezkariekin ere bildu zen D’Anjou, eta horien proposamenak aztertzeko prest azaldu zen. Sumarren proposamenari dagokionez, baina, Ogasun sailburuak aurreratu zuen hura «oso aldenduta» dagoela Jaurlaritzaren proiektutik. Eta ez zuen akordiorako bide errazik irudikatu Sumarreko parlamentari Jon Hernandezek ere, argudiatu baitzuen Jaurlaritzaren proiektua ez dela «Euskadik behar duena», ezta ezer «berria» ere. Halere, besteak beste, asmoa azaldu zuen etxebizitza, osasungintza, hezkuntza eta energia arloetan aldaketak proposatzeko: «Ikusteko ea hitz egiten jarraitu dezakegun guk aurrekontuak babesteari buruz». Kontrara, osoko zuzenketa bat aurkezteko prest dira.

PP, berriz, zehatzagoa izan zen diru kopuruari eta jorratu nahi dituen esparruei dagokienez. Javier de Andres EAEko PPko buru eta legebiltzarreko eledunak adierazi zuen 176 milioi euroren aldaketak proposatu zizkiola D’Anjouri, osasun eta segurtasun alorretan sakontzeko. Hain zuzen, argudiatu zuen aurrekontu proiektua «motz» geratu dela auzi horietan. D'Anjouk, baina, azaldu zuen PPk ez duela zehaztu nondik atera nahi duen diru sail hori.

Proposamen horiek entzuteko eta aztertzeko prest azaldu dira Pradales eta D’Anjou, baina biek gogoratu dute EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dutela Eusko Legebiltzarrean eta, beraz, ez dutela beste inoren beharrik aurrekontuak onartzeko. Bien bitartean, baina, martxan dira negoziazioak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan ere, eta Araban eta Gipuzkoan jeltzaleek eta sozialistek oposizioko kideren baten laguntza behar dute, bai aurrekontuak aurrera ateratzeko, bai erreforma fiskal bat ontzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.