Mitin bat hertsiki planifikatutako ekitaldia da, kode zurrunetara lotzen den errituala. Bertaratutakoek badakite noiz altxatu eta noiz eseri, elizan bezala, eta hizlarien alboetara ikurriñei eusten dieten gazteek badakite noiz astindu bandera, eta zenbat denboraz. Dena dago neurtua, gidoi baten pean. Ez alferrik, zuzenean emititzen ari den ekitaldia da honakoa, eta kamerek jakin behar dute nora begira egon eta zein momentutan.
Mitin honetara iritsi naizenean, ez militante bezala, baizik eta «kronika egile literario» gisa, neure lana –hala sentitzen dut behintzat– planifikazioari ihes egiten dion horri erreparatzea dela pentsatu dut. Zirrikituak. Gidoi batek ezin du dena aurreikusi. Baina EH Bilduren Gasteizko mitin handi honek, Andre Maria Zuriaren plazan igande batez burutua, ez dit erraz jarri, arranopola.
Kontrolatu ezin daiteke gauza bat: eguraldia. Zaila zen aurreikustea eguzki-galdatan gertatuko zela mitina, apirila erdialdekoa baino uztailekoa zirudien beroa izango genuela. Baina hala suertatu da, gure klima aztoratuaren gauzak. Zirkunstantzia horretan, baina, belaunaldi arteko elkartasun irmoa ikusi dut. Adineko jendeari itzalpean zeuden eserlekuak utzi dizkiete bertaraturako gazteek. Izan ere, adin guztietako jendea zegoen han, eta hori ez da hain ohikoa bestelako ekitaldietan. Elizetan adineko jendea dago, antzerkian adin ertainekoa, eta Olaia Inziarteren kontzertu batean hogei urteko jendea besterik ez (ondo dakit hori behin batean infiltratu nintzelako). Mitin honek hiru publikoak batu ditu: takatakarekin gerturatu direnetatik botoa lehenengo aldiz emango dutenetara, eta erdian gauden beste guztiok.
Beraz eguraldiak ez du gidoi alterazio handirik ekarri. Eguzki-betaurrekoak eta aurrera. Hasteko intro musikala izan dugu, Zea Maysen Elektrizitatea-ren bertsio zoragarri bat egin digun musikari gazte baten eskutik. Hor ere perfekzioa, eta nota bakoitza bere tonuan.
Hizlariak orduan. Eva Lopez de Arroyabek zabaldu du hizketaldia. Labur eta indartsu aritu da. Arabari gorazarre egiten, sorginen oinordeko gisa aurkezten bere burua eta periferia zentro berria dela aldarrikatuz. Irabaztearen ilusioa transmititzen jakin izan du eta publikoak txalo zaparradarekin erantzun dio, eta alboetako gazteek, ikurrina astinaldi joriekin.
Mikel Oteroren txanda gero. Luze aritu da, eta hizlari moduan, bikain. Egoera politiko orokorrari errepaso ederra eman dio, txikitik handira, txosnetatik Palestinara, Gasteizko alkatetzatik Latinoamerikara, Espainiako II. Errepublikatik (apirilaren 14a da gaur, 93. urteurrena) etorkizuneko Euskal Errepublikara. Ekologia, justizia, feminismoa. Ez dio ezerk ihes egin, eta maisuki konbinatu ditu esamolde jatorrak («Su askotan trebatutako eltzea da gurea» esan du, eta apuntatu behar izan dut) eta nerabeen hizkera anglo-infektatua («EH Bildu is in da house»). Tartean, Gorka Urbizuren aipuak («Gauzek ez dute zertan horrela izan behar» ) eta Jon Maiarenak ere bai («super-potentzia emozional bat gara»), Irulegiko eskua eta Urepeleko artzaina ahaztu gabe.
Klimaxa berea izan da. Barre-algarak eta txalo gehienak ere bai. Agian horrela zegoen gidoian planifikatuta. Hirugarren hizlariak, eta eguerdi honetako izarrak, Pello Otxandianok, iruzkin meta-mitinero hau egin du, niri komentario bera egiteko aukera lapurtuz: «Mikelek amaitu behar zuen mitin hau, baina niri tokatu zait».
Izan ere, energia dezente jaitsi da Otxandiano hizketan hasi denean. Eta berriro desenkusatu da bera, lehendakarigai bezala «prosaikoagoa» izatea tokatzen omen zitzaion. Hori gutxi balitz bezala, gehitu egin du askotan leporatzen diotela «lasai» dagoela, baina jakin izan du buelta ematen: lasai gaude urrunera goazelako, lasai nago kate honetako beste katebegi bat baino ez naizelako.
Edozein kasutan mintzaldi teknikoa izan da berea: etxebizitza, Osakidetza eta aldirietako trena izan du hizketagai, txalo apalak eta errutinazko ikurrin astinaldiak probokatu dituzten gaiak. Ahalegin poetiko bakarra «utopikoen saga» batetik datorrela aldarrikatu duenean etorri da, eta apuntatu dudan hitz eder bat ere bota du: «desmartxan» dago gure herria, beheranzko joeran, bere potentzial guztia erabili gabe.
«Asko kostatu zaigu honaino iristea», esan du, irabaztea posible den eszenatoki honetara. Eta justu momentu horretan bi putre Andre Maria Zuriaren plazaren gainean planeatzen hasi dira. Hara, zirrikitua, pentsatu dut. Metafora ilun bat. Baina ez, berehala egin dute alde putreek, hemen azpian ez baitago usteltzen hasitako gorpurik. Ilusioa, izerdia eta ekitaldi antolatzaile bikainak baino ez.
Mitina
- Alderdia. EH Bildu.
- Hizlariak. Eva Lopez de Arroibe, Mikel Otero eta Pello Otxandiano lehendakarigaia.
- Lekua. Andra Maria zuriaren plaza.
- Eguna. Apirilaren 14a.
- Ordua. 12:00ak.