EH Bildu ezkerreko «aldaketaren buru» izatera adoretu dute ezkerreko hainbat lagunek

Ezker Konfederala taldea aurkeztu dute Bilbon. EAJri eta PSEri leporatu diete zerbitzu publikoak ahultzea, eta EH Bildu jo dute «alternatibarako erreferente nagusitzat».

EZKER KONFEDERALA
Ezker Konfederala taldearen eta haren manifestuaren aurkezpena, gaur Bilbon, Angel Elias bozeramalea buru dutela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko martxoaren 11
13:45
Entzun

Apirilaren 21eko hauteskundeetako emaitzetan «norabide aldaketa bat» gertatzeko aukera ikusirik, ezkerreko bloke zabal bat sustatzera eta egonkortzera deitu dute hainbat lagunek; eta EH Bilduri galdegin diote «aldaketaren buru» izatea, egun ezkerreko «esparru alternatiboaren erreferentzia nagusia» delakoan. Ezkerrean, sindikalismoan eta gizarte mugimenduetan ibilbide luzea egina duten hamaika pertsonak Ezker Konfederala taldea aurkeztu dute gaur, Bilbon. «Euskal ezkerraren batasuna bultzatzeko» sortu dute kolektiboa, eta euren hausnarketak plazaratzeko, Euskadi: ezker gehiago, herrialde hobea manifestua ezagutarazi dute: «Euskadin ezker anitza, herritarren eskaera eta beharrekiko sentikorra, finkatzen lagundu nahi dugu».

Angel Elias legelari eta EHUko Lan Harremanen fakultateko dekano ohia aritu da taldearen bozeramaile, eta alboan izan ditu, besteak beste, Kontxi Bilbao eta Javier Madrazo Ezker Batuko ordezkari ohiak edota Jesus Uzkudun CCOOko kide historikoa, manifestua sinatu duten 40 pertsonen izenean. Kezka adierazi dute arazo globalen zein bertakoen inguruan, eta, horiei aurre egiteko, ezkerreko bloke sendo baten premia nabarmendu dute.

Espainiako Estatura begira, PPren eta Voxen arteko aliantza «bizikidetzaren aurkako mehatxutzat» jo dute, eta Madrilen «gehiengo aurrerakoia» ahalbidetu duen borondate politikoa aldarrikatu dute manifestuan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoara begira, berriz, EAJ eta PSE jo dituzte zerbitzu publikoen ahultzearen «erantzule». Jeltzaleei egotzi diete «elite ekonomiko eta enpresarialetatik gero eta hurbilago» egotea, eta PSE-EEri, «oinarri sozialetik urrun».

EH Bildu, aldaketaren «motorra»

Abagune horretan, euskal gizartea «aldaketa sozial eta politikoa» eskatzen ari delakoan, eta egungo Jaurlaritza osatzen duten alderdiek halakorik ekarriko ez dutelakoan, «lehentasunezkoa da datozen hauteskunde autonomikoetan ziklo politikoaren aldaketaren alde egitea», manifestuaren arabera. Sinatzaileen ustez, euskal ezkerrak «bat eginda» lan egin behar du, «konfiantza, ilusioa eta itxaropena sortuz», eta EH Bilduk izan behar luke horren «motorra»: «EH Bildu da gaur egun esparru alternatibo baten erreferentzia nagusia, bere proposamen politikoaren egokitzapenagatik, barne kohesioagatik eta mobilizatzeko gaitasunagatik».

Hala, koalizio abertzalea adoretu dute aldaketaren buru izatera: «Bere aliantzak zabalduz gure herrialdeko ezkerrean dauden sentsibilitate eta tradizio politikoetara, fronte zabal bat martxan jartzera, programa komun batean oinarrituta, ezker ez-independentistako sektoreekin bateratze estrategikoa ahalbidetzeko». Izan ere, gogora ekarri dute ezkerra «independentismoaz harago» doala, baina bat egin dute autodeterminazio eskubidearekin.

Apirilaren 21ean EH Bildurentzako botoa eskatuko duten ala gerora koalizio handi bat sustatu nahi duten galdetuta, Eliasek erantzun du EH Bildu bozkatzea «garrantzitsua» litzatekeela, baina taldeak ez duela hor geratu nahi: «Hauteskundeetako emaitzek ahalbidetuko dituzte aliantza posibleak».

Printzipioak eta balioak

Izan ere, kezka asko dituzte komunean ezkerrean, agerraldian berretsi dutenez. Hala, Ezker Konfederalaren «printzipioak eta balioak» aletu ditu Eliasek. Batetik, «neofaxismoaren eta neoliberalismoaren» aurka agertu dira, eta ikuspegi internazionalistatik, «justizian oinarritutako bakearen» alde. «Agenda berde» bat osatzea ere proposatu dute, desarrollismoa eteteko eta klima aldaketari aurre egiteko. Eta garapen ereduaren arloan, desberdintasunak gutxitzea lehenetsi dute: «Ongizate gizartearen aldekoak gara, kalitatezko zerbitzu publikoekin, duintasunez bizitzea ahalbidetuko duten etxebizitza politikekin eta oinarrizko errenta unibertsalerako eskubidearekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.