EH Bildu, PSE eta EAJ ados jarri dira Gasteizko zerga ordenantza berriaren inguruan. %4ko igoera izango da orokorrean; udal gobernuak proposatutako %6,3 baino txikiagoa eta koalizio abertzaleak planteatutako %3,2 baino handiagoa. «Azken finean, akordio justuago eta progresiboago bat lortu dugu, zerbitzu publikoak indartzeko, herritarren ongizatea handitzeko eta udalerriko birziklatze tasak hobetzeko balio duena», esan du Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak, gaur goizean udaletxean egindako agerraldian.
Sozialisten eta jeltzaleen udal gobernua gutxiengoan dago, eta oposizioaren babesa behar du proposamenak aurrera ateratzeko. Kasu honetan, EH Bildurekin lortu dute akordioa, aurrez aurtengo aurrekontuetarako egin bezala.
Gasteizko Udalak 15 milioi euro gehiago jasoko ditu akordio horri esker, Viterok emandako datuen arabera. Horietatik hamar zabor tasetatik jasoko dituzte. «Progresibotasun handiagoan» egin du azpimarra EH Bilduko zinegotziak, aipatu duenez jarduera epigrafe «guztietan» tarte gehiago sortu direlako etxebizitzen eta lokalen azaleran oinarrituta, eta beherapen «nabarmena» lortu delako lokal eta etxebizitza txikienetan, gobernuaren hasierako proposamenarekin alderatuta.
TARTEAK
90
metro koadro baino txikiagoak diren 57.000 etxebizitza daude Gasteizen, parkearen erdia ia. Horiei guztiei zabor tasak jaitsi egingo zaizkie. Aldiz, 120 metro koadrotik gorako etxebizitzen ekarpena handitu egingo da.
300
metro koadro baino txikiagoak diren dendek erdia ordainduko dute, hasierako proposamenarekin alderatuz. EH Bildurentzat, «neurriz kanpo» kargatzen ziren lokal txikienak. 200 metro koadro arteko tabernek eta 250 metro koadro arteko jatetxeek %75eko beherapena izango dute. Kasu horietan ere handitu egin da lokal handienen ekarpena.
«Argi dago legez ezarritako nahitaezko igoerarekin mundu guztiak gehiago ordaindu beharko duela zaborren tasagatik. Hala ere, EH Bildutik, hori onartuta, progresibotasuna aplikatu dugu, eta igoerei ahalik eta gehien eustea lortu dugu, lokal txikien jabeentzat eta pertsona zaurgarrientzat ez dadin gehiegizkoa izan. Gainera, tasaren karga arintze aldera, hobari batzuk ezarri ditugu, eta gehiago eta hobeto birziklatzea sustatu dugu», adierazi du Viterok.
Hobariak
Enpresa handien gaineko zerga %7 handituko da, eta aurreikusi dute 2 milioi euroren langa gaindituko dela bilketan. Etxebizitza hutsek %50eko errekargua izatea ere adostu dute hiru alderdiek ondasun higiezinen zergari dagokionez.
Lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako errentek hobariak izango dituzte. 1,8 milioi eurorainoko hobariak itzuliko ditu udalak, orain arte baino ia %25 gehiago. Energia komunitate berrientzako hobarien epea luzatuko dute: hiru urtetik bost urtera. Eta kirol tasen arloan, gazteen adin tartea 25 urtetik 30era handituko da. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergetan ere zenbait hobari ezarriko dira, «bereziki» adinekoentzat, irisgarritasun eta efizientzia energetikoko obrak egin ahal izateko.