Aldaketa ikusi da, pronostikoak gainditu dituzten gorakadak eta beherakadak. Atzo gauean gutxik esan ahal zuten asmatu zutela. Emaitzei begira aipagarriena Bilduk lorturiko bozak eta PSE-EEk jasandako beherakada. EAJk eta PPk ez dituzte emaitza txarrak izan, baina Bilduren indarrak eta aurrera begira izan zitzaketen espektatiba guztiak ez dituzte lortu. Alderdi txikienen beherakada ere esanguratsua, foru erakundeetan tokia galduz: Aralar eserleku bakar batekin geratu da Gipuzkoan eta Ezker Batuak bi lortu ditu Araban. Hamaikabatek hankarik sartzeko aukerarik ere ez du izan, eta behin baino gehiagotan marraztu dugun lau hankatako mahaia uste baino lehen egia bilakatu da.
Udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzale historikoa azken aldiz 1999an aurkeztu ahal izan zen bere osotasunean, eta oso emaitza onak lortu zituen. 11 urte beranduago, Bilduren aldeko iragarpen baikorrenek Euskal Herritarrok-ek lorturiko ia 300.000 bozen errepikapena ikusiko genuela zioten. Ezezkoan nengoen ni, berriro ilusio eta indar batuketa hura ikusteko denbora gehiago behar zelakoan, baina emaitzek bestelakoa adierazi dute. Bilduren arrakasta handienetakoa Gipuzkoakoa den arren, Bizkaian eta Araban ere emaitza oso onak izan ditu. Nafarroa Garaian, aldiz, boto emaileek Euskal Autonomia Erkidegoan erakutsitako adostasuna ez dute zentzu hertsian errepikatu. EAEko Bilduren datuek erakutsi dute ezker abertzalea oso indartsu dagoela ilegalizazio urte luzeen ondorenean, baina beste duda bat ere argitu dute: EAko boto emaileen joerarena. Aurrekoetan EAJ eta Aralarrera joan ziren bozka batzuk; oraingoan Hamaikabat ere hor zen, baina EAren boto emaileak Bildura mugitu dira. Nafarroa Garaian NaBai Bilduren aurretik kokatu da, bereziki Iruñean, eta ezker abertzaleko nahiz EAko boto emaileen atxikimendua EAEkoengandik bereizten dela esan genezake.
Beste aldean, Estatu mailako PSOEren porrota konfirmatuz, PSE-EE eta PSNren beherakada. PSN da, halere, desgastea gutxien pairatu duena, eta oraingoan ere Nafarroako Legebiltzarrean eta Iruñean bera da giltzarri. PSE-EE erorketa askean, eta PPrekin Gasteizen duen akordioa errepikatzeko tentazioa izanda ere, batuketak ez dio ematen. Horren haritik, PPk lortu ditu bere koroako bitxi nagusiak Araban, baina 1999ko gorakada ez du errepikatu. EAJk, berriz, ez ditu emaitza txarrak izan, Bilduren olatuak itxuragabetu baditu ere, eta Bizkaian nagusitasunari eusteak EBBren berriztapenari begira Bizkaia Buru Batzarraren ildoa indartu du. Gipuzkoan kontua bestelakoa da: 2007tik abiatuz bozka gehiago lortu ditu, baina bere boto emaile potentzial guztiak ez ditu erakarri. Lurralde horretan Batu Gaitezen kanpaina jarri zutenean, ezker abertzalea aurkeztuko zenaren bermerik ez zen, eta Batu Gaitezen-ek 1999an lorturikoa ezin izan du errepikatu; eta are gehiago, indar abertzaleen batuketa oraingoan Bilduk lortu du.
Paktu eta akordioen asteak ditugu aurrean, bozak kudeatzekoa, eta malabarismoak egin beharko dituzte alderdiek. Esan dutenaren eta egingo dutenaren arteko balizko talka ea norainokoa den. Finean, herritarrok bozka ematen dugu soilik; exekutibek erabakiko dituzte tokian tokiko akordioak.
Udal eta foru hauteskundeak. Analisiak. Begiradak
Bildu, Batu baino gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu