EAJri eta PSE-EEri hirugarren bidelagun bat batu zaie Bizkaiko aurrekontuak onartzerakoan: EH Bildu, oposizio burua. Hartara, soilik PPko eta Elkarrekin-eko bost batzarkideek bozkatu dute proposamenaren aurka, Gernikako Batzar Etxean gaur goizean egindako osoko bilkuran. Bizkaian atalka egiten dute bozketa, aurrekontu osoaren inguruan egin beharrean.
EH Bilduk ez du alde bozkatu, dena den. Abstentziora jo du koalizio abertzaleak. Iker Casanova bozeramaileak azaldu du ez direla EH Bilduk amesten dituen aurrekontuak, baina jeltzaleekin eta sozialistekin egindako akordioa defendatu du. Esan du inork galtzen ez duen eta alde guztiek irabazten duten jokaldi bat dela: EAJren eta PSE-EEren arteko foru gobernuak, EH Bilduk eta bizkaitarrek. Zehaztu du etxebizitzan, zaintzan eta trantsizio ekologikoan «hutsuneak» identifikatu zituztela gobernuaren proposamenaren berri izan zutenean, eta lortutako akordioari esker hutsune horiek estaltzea lortu dela, «indar korrelazioak ahalbidetzen duen heinean». «Zertzelada interesgarriak ditu bizkaitarren bizi kalitatea hobetzeko».
EH Bildu «pozik» dagoela aitortu du Casanovak. EAJren eta PSE-EEren jarrera ere txalotu du, eta akordioen garrantziaz hitz egin du: «Herritarrek akordioak egiteko jarrera eskatzen digute. Pentsamendu aniztasuna behar da, baina akordioak ezinbestekoak dira». Kritika eta ezezkoa zilegi direla azpimarratu du, baina «akordioa, batzuetan, baliagarriagoa da kritika ona baino» dela gehitu du. Oraingoan ados jartzea «zaila» izan dela esan du, eta ez lortzear ere izan direla.
Mikel Bagan EAJko eledunak ere bide beretik jo du. Akordio denak «positiboak» direla defendatu du. Gainera, gogoratu du EAJk eta PSE-EEk ez zutela EH Bilduren edo beste alderdiren baten beharrik aurrekontuak onartzeko, baina akordioen alde egin dutela zilegitasuna handitzeko. «Soilik bost batzarkidek bozkatu dute aurka. Aurrekontu hauek ez dute inor kanpoan uzten».
PSE-EEko Gregorio Zurro bozeramailearentzat ere «albiste ona» da hiru alderdi ados jartzea. Sintonia onari luzaroan eusteko esfortzua eskatu die gainerako taldeei: «Ikusi egin beharko da nolako garapena duen. Bereziki, gauzak zail jartzen direnean».
Eneritz Madariaga Elkarrekin taldeko hizlariak, berriz, EH Bilduren aurka egiteko baliatu du akordioa. Koalizio morearen ustez, tratuak ez du berritasunik ekarriko. «Kosmetika hutsa da». Horregatik, EH Bilduri leporatu dio EAJren «makulu» izatea: «Ez zarete alternatiba: EAJren jarraipena besterik ez zarete. Akordioarekin, foru gobernua hauspotu duzue». Ezkerreko politiketara itzultzeko eskatu dio Madariagak koalizio abertzaleari.
10.650 milioi 2025. urterako
Bizkaiko Foru Aldundiak 2025. urterako izango dituen aurrekontuak 10.650,3 milioi eurorenak izango dira. Bederatzi sailetan banatuko da dirua. Zatirik handiena gizarte arlorako izango da, eta azpiegiturek, tokiko erakundeek, enpleguak, ingurumenak, kirolak, kulturak, euskarak eta abarrek ere izango dute lekua.
Baganek aurreikusi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzeko balioko dute aurrekontuek. Gizarte eta lurralde kohesioa ere hobetuko dituela esan du. «Bizkaitarren bizi kalitatea hobetuko dute», laburbildu du.
Zurrok, berriz, «publikoaren etsaien aurkako erreminta» gisa definitu ditu aurrekontuak, «zerbitzu publikoak eta eskubideak bermatzeko tresna» direlako. Gaur egungo beharrei ez ezik etorkizuneko arazoei ere erreparatu dietela esan du aurrekontuak diseinatzeko garaian.
Diego Pedagorria Alderdi Popularreko bozeramailearentzat, baina, «aurrekontu exogenoak» dira. «Aurrekontuak ez dira egin bizkaitarrengan pentsatuta. Kanpoan adostutako paktu baten ondorio dira», esan du. PPrentzat, «proiektu berritzaileak» falta dira, «diru sarrerak ekarriko dituztenak». «Bizkaiko ekonomiaren egoera ez da txarra, baina okertzen ari da. Eredu aldaketa bat behar dugu». EH Bilduren formula eta «Bizkaiak behar duena» punta banatan daudela gaineratu du.
Bilbok baditu 2025. urterako aurrekontuak
Bilboko Udalbatzak 2025. urterako aurrekontuak onartu ditu gaur goizean egindako osoko bilkuran. Soilik udal gobernua osatzen duten taldeek bozkatu dute alde: EAJk eta PSE-EEk. EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin-ek aurka bozkatu dute. Bilbok 719 milioi euroren aurrekontuak izango ditu datorren urterako.
EH Bildu eta Elkarrekin taldeek ados jartzeko borondaterik eza leporatu diete EAJri eta PSE-EEri. Marta Ajuria EAJko bozeramaileak erantzun die gobernua saiatu dela akordioren bat erdiesten, baina ez dela posible izan. PPk udaletxeko gastua txikitzeko eskatu du, eta segurtasunera, etxebizitzara eta ekintzaileentzako laguntzetara bideratutako diru sailak handitzea nahi du.
Gasteiz da hegoaldeko hiri bakarra 2025. urtea aurrekonturik gabe hasiko duena. Halere, Maider Etxeberria alkatea ez dago kezkatuta; «baikor» dagoela esan du gaur, 2024. urtearen balantzea egitean. Oposizioko alderdiren baten babesa beharko du, PSE-EEren eta EAJren arteko udal gobernua gutxiengoan dagoelako. Urtarrilaren 24ra arteko epea dute alderdiek ados jartzeko. Donostiak aurreko astean onartu zituen aurrekontuak, eta Iruñeak, azaroan.