Bildarratzek jakinarazi du eskola publikoan gaixo agiria jaso dutela orain beste 550 irakaslek

Dagoeneko 1.350 profesional dira laneko martxara itzuli ezin izan direnak, eta egoerak eragindako zailtasunak onartu ditu Hezkuntza sailburuak

arantxa iraola
2022ko urtarrilaren 11
13:08
Entzun

800 ziren atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan gaixo agiriarekin zeuden irakasleak; azken orduetan beste 550k ere lanera joan ezina adierazi dutela jakinarazi du Hezkuntza sailburu Jokin Bildarretzek, eta 1.350 langilek utzitako hutsuneak betetzeko ahaleginetan ari direla.

Apurka-apurka eskolarako itzulera martxa hartzen hasi dela esan du sailburuak, baina aitortu du egoera ez dela «erraza». Izurria guztiz zabalduta dago, eta irakasle asko ere kutsatuta daude. «COVID-19ak jarraibideak zein diren zehazten jarraitzen du». Eskoletan izurriaren presentzia saihesten ahalegintzeko protokoloak ezarrita daudela esan du, eta aparteko ahalegina egin behar dela orain dagoen egoera honetan: «Segurtasun eta garbitasun neurrien oso gainean egon behar da».

Hezkuntza Sailean denak aparteko «esfortzua» egiten ari direla esan du, baina birusak jotakoen intzidentzia apaltzen ez den bitartean «arnasa» hartzea zaila izango dela. Bitartean, «aurrez aurreko» jardunari eusteko ahaleginetan jarraituko dutela nabarmendu du, bazter utzi ezin den «altxorra» dela gogora ekarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.