Bildarratzek iragarri du ikasleek ez dutela aztarnarien deiaren zain egon beharko COVID-19a atzemateko proba egiteko

ESI erakunde sanitario integratuak ikastetxean baheketa bat egin behar dela erabakitzen duenean, listu bidezko probak egingo dizkiete ikasleei.

Ume bat PCR proba egiten, Zestoan, artxiboko irudian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 30a
13:45
Entzun

Eusko Jaurlaritzak aldatu egingo du ikasleen artean COVID-19a atzemateko protokoloa. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondoren iragarri duenez, aurrerantzean, ESI erakunde sanitario integratuak ikastetxe bateko ikasleen artean baheketa egin behar dela erabakitzen duenean, ikastetxeei jakinaraziko die, eta haiek arduratuko dira familiei abisatzeaz. Hortaz, ez dute aztarnarien deiaren zain egon beharko. Behin abisu hori jasota, osasun zentrora joan beharko dute, eta proba desberdin bat egingo diete: listu bidezko proba. Bildarratzen hitzetan, familiei kudeaketa erraztu nahi diete, prozesua azkartu, eta, gainera, umeei «erasoagoa» den proba bat egingo diete. «Horrela, nabarmen arinduko da kasuak atzemateko prozesua, ikasgeletako presentzialtasuna indartuko dugu, eta familiei lasaitasun handiagoa emango diegu».

Bildarratzek itxitako ikasgelen datuak ere eguneratu ditu: 190 ikasgela —atzo baino bi gehiago— daude itxita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 85 ikastetxetan. Azaldu duenez, indarrean dauden neurriak aztertzen ari dira, eta, indartzea beharrezko ikusten badute, hala egingo dute, «orain arte bezala».

Lau milioi euro unibertsitateentzat

Eskoletan COVID-19a izaten ari den eraginaren berri ematearekin batera, Gobernu Kontseiluan hartu duten beste erabaki batez ere aritu da Bildarratz. Azaldu duenez, 3,9 milioi euro pasatxo emango dizkiete EHU Euskal Herriko Unibertsitateari, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari, «lehentasunezko» hiru eremutako programak eta ekintzak bultzatzeko: eraldaketa digitalerako, osasun zientziekin lotutako ikasketetan ikuspegi berritzaile batetik prestakuntza indartzeko eta hezkuntza arloko ikerketarako. Zehazki, 2,9 milioi jasoko ditu EHUk, 700.000 euro pasatxo Deustuko Unibertsitateak, eta 300.000 eskas Mondragon Unibertsitateak.

Digitalizazioari dagokionez, adierazi du Hezkuntza Sailak digitalizazioa eta urrutiko prestakuntza garatzeko laguntzak eman zizkiela unibertsitateei, COVID-19a dela eta, eta nabarmendu du «emaitza onak» izan direla. Hortaz, iruditzen zaie «beharrezkoa» dela «digitalizazio prozesua indartzeko politika horrekin» jarraitzea. Osasun zientzien arloan, berriz, «beharrezkotzat» jo dute osasun zientziekin eta, bereziki, medikuntzarekin eta erizaintzarekin lotutako ikasketetan prestakuntza indartzeko ekintzak sustatzea, ikuspegi berritzaile batetik. Azkenik, hezkuntza arloko ikerketa sustatzeko asmoa dute: «Hezkuntzaren esparruko ikerketak bai gizartean bai hezkuntza sisteman bertan duen eragina kontuan hartuta, ikerketa aplikatua eta bikaintasunekoa indartzeko beharra identifikatu da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.