Bildarratzek ez du ulertzen EH Bilduk zer dela-eta jarri duen «lege osoa» zalantzan

«Zioetan egindako zuzenketa batengatik» adostasuna hautsi izana deitoratu du Hezkuntza sailburuak. Akordioaren bila jarraitzera animatu ditu alde guztiak

Jokin Bildarratzek eta Begoña Pedrosak gosari informatiboa eskaini zuten atzo Bilbon, Hezkuntza Legeari buruz hitz egiteko. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean martxan da Hezkuntza Legearen zuzenketak eztabaidatzeko lantaldea, eta azken pauso horietan zalantzan geratu da gehiengo zabal batek onartuko ote duen. Izan ere, EH Bilduk aste honetan ohartarazi du ez duela legea babestuko euren eskaerei erantzun ezean. Hain zuzen, hizkuntza ereduen zuzenketa ezabatzea nahi dute, edo zuzenketa horren azalpen «ahalik eta zehatzena» egitea. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarentzat, ulertezina da posizio hori: «Zaila egiten zaigu adostasun zabal horren haustura ulertzea, zioetan egin den zuzenketa batengatik». Hau da, ez du ulertzen nolatan jarri duten «lege osoa» zalantzan hizkuntza ereduen auziarengatik.

Azken asteotan zalaparta handia izan da Hezkuntza Legearen inguruan, eta araua defendatzera atera da Bildarratz, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordearekin, Bilbon egindako gosari informatibo batean. Urte hauetan lortutako akordioetan egin du azpimarra: «Gai nagusietan, helburuetan eta baita hizkuntza helburuetan ere, erabat ados gaude». Are, legearen laugarren tituluak jasotzen du hizkuntzen auzia, eta horretan ere ados daudela berretsi du. Horregatik, ez du ulertzen koalizio abertzalearen jarrera. «Ez da ezer berririk esan, ez da inolako eduki berririk sartu».

Izan ere, erantsi du legeak «irteera profil» bat zehazten duela, eta hori adostasun zabalarekin onartu zutela. Profil horren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutakoan, ikasleek euskarazko eta gaztelerazko B2 maila izan beharko lukete, eta atzerriko hizkuntza batean B1 maila. Eta ohartarazi du «ereduak existitzen» direla, Euskararen Legeak jasotzen dituelako.

EH Bilduren babesa ez izan arren, «badirudi legearen aldeko bozek nagusitasuna» izango dutela legebiltzarrean, Bildarratzen esanetan. Izan ere, iradoki du parlamentuko bidean aurrera jarraituko dutela, «lege berri bat onartzeko garaia delako», gaur egun indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren legeak 30 urte bete berri baititu. Hala ere, esan du «adostasunaren bila» jarraitu beharra dagoela, eta legebiltzarkideek «eredugarri» izan behar dutela: «Prentsaurrekoetan baino gehiago, isilean eta diskrezioz lan egin behar dute».

Bildarratzek argi utzi du «zioetan egindako zuzenketa batek» ezin duela «hankaz gora» jarri egindako lana. «Legeak zenbat eta babesle gehiago izan, orduan eta hobea izango da guztiontzat; ziur nago legebiltzarkideak azkenera arte saiatuko direla akordioa lortzen».

Euskara indartzeko

Sailburuak argi utzi du legeak «euskara indartzearen aldeko apustua» egiten duela, «kultura anitzeko sistema baten ardatz gisa». Eta esan du ikasleek euskaraz zein gazteleraz komunikatzeko gaitasuna lortzearen alde egiten duela. «Legeak oinarri sendoak eskaintzen dizkigu hizkuntza marko berri bat abian jartzeko». Hala ere, uste du hizkuntza ereduen «eztabaida fokalizatuak» alde batean utzi dituela legearen gainerako «eduki garrantzitsuak». Gainera, azpimarratu du «adostasun gehiago» daudela «desadostasunak» baino.

Hezkuntza Legeak «kalitatezko hezkuntza sistema propioa» sustatu nahi du, eta, hurrengo urteetan, hezkuntzari «egonkortasuna» eta «lasaitasuna» eman. Euskal Eskola Publikoaren legea ordezkatzeko, lege berri baten beharra ikusi du Bildarratzek.

Publikoa «ardatz»

Hiru urteko ibilbidea izan du legeak. Prozesua «luzea» izan dela deritzo Bildarratzek, baina, aldi berean, «emankorra», hausnarketa eta eztabaida askoren ostean lortu zutelako Hezkuntza Ituna onartzea, iazko apirilean.

Legeak «hezkuntza osoa» jasoko du bere barruan. Hau da, ikastetxe publikoak ez ezik, pribatuak eta itunpekoak ere arautuko dituzte. Hala ere, gogoratu du hezkuntza publikoa izango dutela ardatz. «Ikasleen %50 eskola publikoetan egongo dira, eta gainerakoak, pribatuetan eta itunpekoetan; hori arautu behar dugu», azaldu du. Eta zehaztu duikastetxeek nahitaez «segregazioaren aurkako estrategian» parte hartubeharko dutela finantzaketa publikoa jasotzeko.

Sinesmen askatasuna ere aipatuko du legeak. «Ikastetxeek bermatu egin behar dute gure familien eta gure ikasleen erlijio askatasuna eta espiritu laikoa», azaldu du Pedrosak. Halaber, euskal eskola publikoaren kontseiluaren figura sortuko dute, baita udal hezkuntza kontseiluarena ere. Izan ere, udalek ikastetxeekin duten harremana estutu nahi dute. «Elkarbizitzaren inguruan proiektuak egiteko edota kultura esparrua lantzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.