Bildarratzek «eskuzabaltasuna» eskatu dio EH Bilduri, Hezkuntza Legea «kontsentsu handiz» onar dadin

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan du hizkuntza ereduak «goitik behera» aldatu direla azken urteetan. Hezkuntza legeak ez du «merezi» adostasun handiz ez onartzea, haren ustez.

2023-11-04, Bilbo. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Hezkuntza Legeari buruzko informazio gosaria eskaini du Bego...
Jokin Bildarratz, artxiboko argazki batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
xabier martin
2023ko azaroaren 23a
13:30
Entzun

EH Bilduri «eskuzabaltasuna» eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Hezkuntza Legea «kontsentsu handi batez» onar dezan Eusko Legebiltzarrak, eta ez soilik EAJren eta PSE-EEren gehiengo absolutuarekin. Koalizio abertzaleak ohartarazia du bere eskariei erantzun ezean ez duela Hezkuntza Legea babestuko. Izan ere, EH Bilduk azaldu du Jaurlaritza osatzen duten alderdi biek «joko arauak» aldatu dituztela hizkuntza ereduei eusteko erabakiarekin. Bada, Bildarratzek erantzun du «goitik behera» aldatu direla hizkuntza ereduak azken urteetan, eta are gehiago aldatuko direla aurrerantzean. Sailburuak uste du ezin dela justifikatu legea adostasun handi batez ez onartzea: «Ez dugu halakorik merezi».

Alderdiei eskatu die, EH Bildu aipatu gabe, «ahazteko» hurbiltzen ari den «hauteskunde giroa». Hizkuntza ereduak «zentroen beharren arabera» aldatuko direla erantsi du, eta azaldu EH Bilduren jarrerarekin duten alde bakarra dela «101 artikuluz osatutako lege baten azalpenetan jaso den esaldi baten ñabardura bat». Legearen hasierako azalpenean EAJk eta PSEk jaso baitzuten hizkuntza ereduei buruzko azalpena.

Bildarratzen arabera, «ñabardura» hori ezin da izan «arazoa eta azalpena» Hezkuntza Legea ez onartzeko kontsentsu handi batez. Sailburuak esperantzari eusten diola adierazi du, EH Bilduren baiezko botoari begira: «Arduragatik, hiru urteko lanagatik eta legeak datozen 30 urteetarako egingo duen ekarpen osoagatik».

Berrogei urte dira hizkuntza ereduen sistema ezarri zela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta egoera irauli egin da urteotan: gaztelera nagusi zen ikastetxeetan 1980ko hamarkadan, eta euskarazko D eredua erabat hedatua dago orain. Halere, adituek uste dute ereduen sistemak mugak dituela eta harago joan behar dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.