Astebete pasatxo falta da abenduaren 21erako. Orduan amaituko da ia hiru urteko prozesua, eta orduan onartuko dute EAJk eta PSE-EEk EAEko Hezkuntza Legea. Gaur lege horri buruz aritu da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Haren esanetan, legea bi gobernukideek onartuta ere, EH Bildurena ere izango da, harekiko desadostasunak «oso txikiak» baitira. Desadostasunaren muinari ere egin dio erreferentzia, eta ziurtatu du «igual-igual» dela Hezkuntza Legean hizkuntza ereduak aipatu edo ez, indarrean eutsiko dietela berdin-berdin.
Orain dela urte eta erdi, 2022ko apirilaren 7an, Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusien (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU) babesa jaso zuen hezkuntza akordioak. Alabaina, babes hori murriztuz joan da, eta, aldaketarik ezean, EAJk eta PSE-EEk baino ez dute onartuko Eusko Legebiltzarreko datorren osteguneko osoko bilkuran. Halere, Bildarratzen irudiko, ez da «porrota» bi gobernukideen babesa baino ez izatea: «Lege hau onartuko dugunona izango da, Euzko Alderdi Jeltzalearena eta Euskadiko alderdi sozialistarena, baina baita EH Bildurena ere; kontra edo alde bozkatu edo abstentziora jo, haien legea ere bada». Izan ere, sailburuaren arabera, desadostasun «txiki bat» baino ez dute koalizio abertzalearekin: «Zioen azalpeneko esaldi bat da desadostasuna». Hori horrela, uste du oraindik badagoela ados jartzeko tartea. Beste bat da oztopoa, haren ustez: «Ez dut borondaterik ikusten».
«Auzi garrantzitsua ez da zer tresna erabiliko diren, baizik eta legeak zertara behartzen duen, zer [hizkuntza] helburu lortu beharko diren».
JOKIN BILDARRATZ Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Hain zuzen ere, ados ez jartzearen atzean arrazoi nagusi bat dago: PSE-EEk eskatuta, hizkuntza ereduak aipatu zituzten EAJk eta PSE-EEk berak Hezkuntza Lege proiektuari urriaren hasieran jarritako zuzenketetan –ordura arte ez ziren ageri–. Bildarratzen irudiko, ordea, «igual-igual» da horiek aipatu edo ez, 1982ko Euskararen Legean jasota zeudelako eta Hezkuntza Legean ez dutelako hori zalantzan jarri. «Guztiok ohartzen gara eredu horiek garatu egin behar direla».
Sailburuak azaldu duenez, bi elementuren bidez garatuko dituzte eredu horiek. Batetik, eskola bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin beharko du, «eta daukan errealitate soziolinguistikoari erantzun beharko dio horrek». Bestetik, derrigorrezko hezkuntza bukatzean izan beharreko hizkuntza maila zehaztu dute: DBH amaitzerako, ikasleek B2 maila lortu beharko dute euskaraz eta gazteleraz, eta B1 maila atzerriko hizkuntza batean. «Hemen, auzi garrantzitsua ez da zer tresna erabiliko diren, baizik eta legeak zertara behartzen duen, zer helburu lortu beharko diren».