Hezkuntza

Bildarratzek esan du ekitatearen alde egiten ez duten eskolak «argazkitik kanpo» geratuko direla

Steilasek eta EHIGEk kritikatu egin dute Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako hezkuntza akordioa erdiesteko lantaldean aurkeztutako lehen testua. Bildarratzek espero du datorren urteko udaberrian onartzea hezkuntza legea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 9a
12:27
Entzun

Atzo Eusko legebiltzarrean hezkuntza akordioa erdiesteko sortutako lantaldeko buruak lehen testua aurkeztu ostean, erreakzioen eguna izaten ari da gaurkoa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek hitzarmenerako bi gai zentralak izan ditu ahotan Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan: euskara eta segregazioa. Haren hitzetan, «ekitate eta bikaintasun irizpideak» lantzeko prest ez dauden ikastetxeak «argazkitik kanpo» geratuko dira. Ez du argitu, ordea, horrek diru publikorik ez jasotzea esan nahiko lukeen ala ez. Euskarari dagokionez, nabarmendu du euskara dagoeneko hezkuntza sistemaren «ardatz nagusia» dela, eta, gainera, eleaniztuna dela sistema hori. Erantsi du eremu linguistikoan eta beste konpetentzia batzuetan «sakontzen» jarraitu beharra dagoela, eta leku bakoitzaren errealitate soziolinguistikoen arabera lan egin behar dela.

Bildarratzek begi onez ikusten du atzoko argazkia. Izan ere, haren hitzetan, legebiltzarkideen %80k lehen zirriborroaren «balorazio positiboa» egin dute. Esan du testuaz eztabaidatzeko garaia dela orain, eta onartutako zuzenketekin osatuko dutela «oinarrizko testua», Eusko Jaurlaritzak testu artikulatu bat idazteko. «Guretzat oso garrantzitsua izango da testua; ez, ordea, bakarra».

Behin testu hori esku artean izanda, Eusko Jaurlaritzaren txanda izango da. Espero du Gobernu Kontseiluak lege proiektua urrian edo azaroan onartzea eta, Eusko Legebiltzarretik igaro ostean, datorren urteko udaberrian onartzea legea.

Steilas eta EHIGE, kritiko

Hezkuntza sailburuak ez ezik, hezkuntza eragileek ere erantzun dute. Steilasek eta EHIGEk ez dute begi onez ikusten dokumentua. Sindikatuaren esanetan, «Hezkuntzako patronalen neurrira egindakoa» da, ez du aurrerapenik proposatzen zerbitzu publikoen alorrean, eta, gainera, sare publikoa «erreferentziala» izateko aukera alde batera utzi dute: «Publiko-pribatu titulartasunari eusten dio; beraz, helburu pribatizatzailea du oraindik ere». Euskararen alorrean ere egin dute kritika: «Euskara ez du erdigunean jartzen: hirueledun markoan sakontzen jarraitzen du soilik, eta ez murgiltze ereduan».

EHIGE ikasleen gurasoen konfederazioak gogor egin du testuaren aurka Twitter bidez: «Gure lehen balorazioa ezin okerragoa da». Batetik, hezkuntza publikoarekin «inolako konpromisorik ez hartzea» deitoratu dute: «Euskal hezkuntza sistema duala betikotzen du, publikoa eta pribatua berdina direla sinetsarazi». Bestetik, hizkuntzarako egiten duen proposamena ere ez dute begi onez ikusten: «Ez ditu gainditzen hizkuntza ereduak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.