Hezkuntza

Bildarratzek adierazi du Jaurlaritzak akordioa lortu duela hezkuntza sindikatuekin

Sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza ados jarri direla azaldu du Hezkuntza sailburuak, eta mahai sektorialak antolatuko dituzte bi asteren buruan. Bildarratzek gaitzetsi egin du jantokietako langileek deitutako greba, eta iragarri du kontratatuko dituztela profesional gehiago. Dioenez, ez da egonen murrizketarik.

Hezkuntza sindikatuen manifestazioa, Donostian. JON URBE, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko urriaren 8a
11:52
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin BIldarratzek azaldu du akordioarekin bukatu zela atzo hezkuntzako sindikatuekin izandako bilera. Dioenez, ez du ulertzen zergatik gorde duten sindikatuek albiste hori «ezkutuan». «Lau ordu iraun zuen batzarrak, tentsioa izan zen, baina lortu genuen adostasuna, eta, beraz, positiboa da emaitza», azaldu du goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Bestalde, sailburuak jakinarazi du, akordioa lortuta, bi astetan lau mahai sektorial jarriko dituztela martxan: kontratatutako langileekin, irakasle funtzionarioekin, jantokietako langile eta garbitzaileekin, eta erlijio irakasleekin bilduko dira.

Halaber, Bildarratzek gaitzetsi egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan jantokietako langileek berriki iragarri duten greba. Hiru egunekoa izanen da: urriaren 21ean, 27an, eta 29an eginen dute, eta ikastetxe publikoetako, itunpekoetako eta pribatuetako langileak deitu dituzte bat egitera. Lan baldintza txarrak salatu dituzte sindikatuek, eta langileen eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko galdegin dute. Halaber, langileen lanari eta lan baldintzei eustea nahi dute sindikatuek. Bildarratzek argitu du jantokietako langileek atzoko bilerako denbora gutxi falta zenean iragarri zutela greba, eta esan du atzoko batzarrean ez zutela jorratu gai hori sindikatuekin.

Sailburuak esan du ez dela egonen murrizketarik jantokietan, eta gaineratu du Jaurlaritzak konpromisoa duela profesional gehiago kontratatzeko zerbitzu horietarako. Haren arabera, 730 langile kontratatzea ari da aztertzen Hezkuntza Saila. Bildarratzek, gainera, «guztiei» eskatu die gatazka ikastetxeetatik atera dezatela. «Egoera den bezalakoa izanik, ikasleek ez dute merezi horrelakorik», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.