Azaroaren 11n 100 urte beteko dira Martin Ugalde kazetari, idazle eta euskaltzale ezaguna jaio zenetik. Data horren harira, haren familiarekin batera, urte osorako programa prestatu dute hainbat erakundek eta eragilek; tartean, erakusketa bat. Aurretik Andoainen eta Hondarribian (Gipuzkoa) izan da erakusketa hori, eta, orain, Bilbora iritsi da; EHUko Bizkaia Aretora, hain justu.
Ugalderen bizitza eta obra jasotzen dituzten irudi eta testuek osatzen dute erakusketaren zati bat. Horiez gain, Andoaingo Udalak lagatako zenbait elementu ere ikusgai dira, bitrina batean; kasurako, euskaltzaleak eskuratutako sarien diplomak eta elkarrizketak egiteko erabiltzen zuen grabagailua.
Elkarlana oinarrian
Gaur egindako aurkezpenean, Joanmari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko ordezkariak nabarmendu du «Ugaldek nahiko zuen eran» prestatu dutela erakusketa, «eragile asko eta diferenteen artean, elkarlanean». Horrez gain, esker ona agertu du, «akademiak ere» bat egin duelako egitasmoarekin.
Miren Ibarluzea EHUko Kultura zuzendariak gogora ekarri du «kazetari, idazle, politikari eta kultur eragile unibertsala» izan zela Ugalde, eta «egungo euskal kultur sistema osatzen duten egituren oinarri» izan zela.
Hilaren 27ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara.