Ate joka da Euskalgintzaren Kontseiluak deituta larunbat honetan Bilbon egingo den manifestazioa. Azken asteotan, bereziki, eragile ugarik egin dute bat deialdiarekin: euskara elkarteek, auzo elkarteek, euskaltegiek, guraso elkarteek, sindikatuek, udalek... Euskararen aurkako oldarraldia salatzera deitu dute horiek guztiek, eta Euskal Herriko hainbat bazterretan, halaber, Bilbora joateko autobusak-eta ere antolatu dituzte.
Iruñerriko AEK-k, adibidez, autobusa antolatu du. Iruñeko Aduanako txokotik aterako da, 11:30ean, eta Bilbotik 20:00etan itzuliko da. Asier Biurrun Iruñerriko AEK-ko kideak azaldu duenez, «euskarafobiari aurre egiteko garaia» heldu da: «Oso garai ona da euskara zer egoeratan dagoen sozializatzeko». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lege esparruaren kontra ebatzidiren hainbat ebazpen judiziali erantzuteko antolatuta dago propio protesta, baina gogoratu du Nafarroan «ezaguna» zaiela euskararen normalizazioaren aurkako giro hori, eta «erabat enpatizatzen» dutela egin den aldarriarekin. Horrexegatik erabaki zuten Iruñetik Bilbora joateko autobusak antolatzea: «Jendeak interesa erakutsi du, eta euskaltegietan deia jaso dugu».
Autobusik antolatu ez duten eragileek ere deialdiari buruzko informazioa zabaltzen jardun dute asteotan, eta eragina izan duela iruditzen zaie. «Gogotsu» igarri dute jendea. Horren froga eman du Gasteizko Geu elkarteko kide Azaitz Unanuek, beren egitarau propioari begira. «Larunbatetako ekitaldietarako sarrerak agortu ohi dira, baina ez da hala izango asteburu honetan. Jende gehiena Bilbon egongo da».
Espero baino gehiago
Aurreikuspenak gainditu dituzte Gipuzkoako eragile gehienek. Galtzaundi taldeko kide Igor Agirrek esan duenez, adibidez, aurreikusita zeuzkaten hiru autobusak bete dituzte jadanik, eta laugarren bat «ateratzekoa» da. «Jendea azken unean mugitzen hasi da, baina egin ditugun azken agerraldietan jasotako erantzunak esaten digu mezua iritsi dela».Euskal herritarrak «kezkatuta» daudela uste du, eta jendea gero eta gehiago «jabetzen dela» epaitegietatik datozen erabakien norainokoaz. 14:45ak eta 15:00ak artean irtengo dira autobusak, eta protestaamaitutakoan bueltatuko dira, 19:30ak aldera.
Autobus bat bete du Donostiako Bagera elkarteak; beste bat bat betetzear dute. «Azkenaldiko egoeragatik» —Palestinari elkartasuna erakusteko mobilizazio ugariak, greba orokor feminista— manifestazioaren inguruan sortu den «tenperatura» neurtzea zaila dela azaldu du Jone Lizaso elkarteko kideak, baina mugimendua badela. Jende gehiena, gainera, ibilgailu partikularretan eta autobus publikoetan joango dela azaldu du; horrek «are zailagoa» egiten du aldez aurretik neurtzea nolako babesa izango duen manifestazioak. 15:00etan jarri dute irteteko ordua; 20:00etan bueltarakoa. Bilbora joatea ezinbestekoa dela uste du Lizasok ere: «Euskararen aurkako sententziei erantzun bat eman behar zaie, euskalgintzaren helburu estrategikoei jarraipen bat emateko, eta gure eskubideak aldarrikatzeko».
Bigarren autobusa betetzear du AED Arrasate Euskaldundu Dezagun taldeak. Itxaro Artola elkarteko kideak adierazi du «ondo» doala eskaintza; mugimendua dago. Eskoriatzatik abiatuko da autobusa, 14:40an, eta, ondoren, inguruko herrietako jendea jasoko du. Oraindik hirugarren autobus bat betetzeko «esperantza» du Artolak. Garrantzitsua deritzo: «Ezin gara isilik gelditu. Gauza asko, legeekin loturikoak bereziki, ez daude gure esku, baina gure esku dago jendea mobilizatu eta gure gizartea oldarraldi honen arrazoi eta arriskuez ohartaraztea».
Bilbora helduko dira bide guztiak
Larunbatean Kontseiluak Bilbon egingo duen manifestazioari atxikimendua erakusteko keinu ugari izan dira asteotan; autobusak antolatzeko mugimendua ere badago hainbat herritan, eta euskaltzaleen artean nabarmena da manifestazio jendetsu bat egiteko gogoa, mugarria jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu