Garraio azpiegiturak. Bilborako sarbide berriak

Bilbon lasai, baina asteari so

Bilboko sarbide berriaren inguruko bizilagunek protesta karabana antolatu arren, normaltasuna izan da nagusi San Mamesko errepide berrian, zabaldu zutenetik izan duen lehen lanegunean.

San Mamesko sarbidean auto asko ibili ziren atzo, baina ez zen ilara handirik sortu. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Larunbatean piztutako alarma gorriak itzali egin ziren atzo goizean. Ia arazorik gabe mugitu ziren ibilgailuak San Mamesko errepide berritik, eta lehen lanegunaren proba gainditu zuten Bilborako sarbideek: auto asko izan ziren, baina ilararik ez. Gidariek, batez beste, bost eta sei minutu artean eman zituzten erdigunera iristen, sarbide berritik. Bilboko Udalak azaldu du semaforoen maiztasuna aldatzen ibiliko dela aste osoan, emaitza onenak dituen sistema topatu arte. Azpiegitura berriak atzo agertutako «normaltasunaz», ordea, «zuhur» mintzatu zen Asier Abaunza Bilboko Zirkulazio eta Garraio zinegotzia; pozik daude, baina ikusteko dago zein bilakaera duen inguru horretako zirkulazioak datozen egunotan.

Lasaia izan zen lehen laneguna, kontuan izanda kezka bikoitza zegoela, Luis Briñas eta Zunzunegi kaleetako bizilagunek auto karabana antolatua baitzuten. Termibusetik ateratzen diren autobusek isurtzen duten kea irentsi beharko dute kaleotan, ibilgailuok Bilbotik irteteko egin behar duten bidea aldatzearen ondorioz. Zarata eta kutsaduraz kexu dira auzokoak, eta negozio zein atari gehienetan sarbide berriaren aurkako kartelak jarri dituzte. Autoak atera eta Termibus inguratzeko deia egina zuten atzo 09:00etan, San Mamesko sarbidea blokeatzeko asmoz. Baina ez zen auto ilararik sortu. Autoek ez zeramaten kartelik, eta protesta ez zen nabarmendu. Bilboko Udaleko ordezkariekin bilduko dira gaur arratsaldean, euren kexak helarazteko.

Beraz, normal igaro zen goiza. Auto ilarak espero ziren lehen orduan, 07:00etatik 09:00etara, baina ez zen arazorik sortu sarbide berrian. 08:30 aldera autoen zirkulazioa geldoa izan zen, gidariek ez baitute bidea ondo ezagutzen. Errepidean egindako aldaketak direla eta, seinaleekin arazoak izan zituzten goizean. Zunzunegitik Gurtubai kalerantz joan nahi izanez gero —Basurtuko ospitalerantz—, lehen biribilgunea zegoen tokian eskuineko bidea hartu behar da orain; gidari asko nahastu egin ziren hor, eta Udaltzaingoak bidea seinalizatu behar izan zuen.

Asteburuaz geroztik, seinale horizontal eta bertikalak hobetu egin dituztela adierazi du Abaunzak. «Geziak margotu eta semaforoen arteko koordinazioa hobetu dugu Zunzunegi kalean eta inguruetan». Datozen egunetan, udaltzain zein teknikariek sarbidea ikuskatzen jarraituko dutela azaldu du, «arazoak aurreikusten» baitituzte. «Egokitze zaila» egin dutela onartu du: kaleen arteko bidegurutzeak berrantolatu eta guztia tranbiaren igarobidearekin koordinatu behar izan dute.

Goizez ez, baina arratsaldez gorabeherak izan ziren San Mamesera doan Bentazarrako tunelean. Suteen aurkako ur sistema bost minutuan jardun zen ura botatzen. Puntako sistema da, munduan hamar tuneletan baino ez dagoena, baina kale egin zuen Bilbokoak. Matxura zerk eragin zuen ikertzen ari da aldundia.

Bizilagunen protesta

Larunbat goizaldean zabaldu zuten San Mamesko azpiegitura berria, eta ordu gutxira hasi ziren arazoak, eguerdian. Ilarak ustekabean iritsi ziren. Larunbateko argazkiak eragina izan zuela uste du Abaunzak: «Agian, gidari batzuek beste sarbideak erabiltzea erabaki dute, edo garraio publikoz etortzea. Jarrera positiboak dira». Hain justu, hiriburura sartzeko beste zazpi bideak baliatzeko deia egina du udalak: Zabalburu (Juan Garaitik), Miraflores, Santo Domingo, Bilbo-Galdakao errepidea, Artxandako tunelak, Enekuri, Elorrieta, eta Montevideo etorbidea.«Denak Basurtutik sartzen badira, sarbide berriek ez dute emango».

Izan ere, San Mamesko errepideak Sabino Aranako zubibide zaharrak baino edukiera txikiagoa du: egunean 60.000 eta 90.000 ibilgailurako ahalmena zuen hark, eta 50.000rentzat lekua baino ez du berriak. «Ezkerraldetik datozenek Sabino Aranara joateko ohitura dute, hiriaren iparraldera joan arren. Errontegiko zubia hartu eta iparraldeko sarbidetik sar daitezke halakoetan». Ohitura aldatzea beste erremediorik ez dute izango gidariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.