Bilbon egingo dute Hizkuntzen Berdintasunerako Europako Sarearen batzar nagusia, azaroan

Azaroaren 8tik 10era izango da topagunea. Euskalgintzaren Kontseilua arduratuko da antolatzeaz.

ELEN bilkura
ELENen zuzendaritzaren bilkura, Bartzelonan, joan den ostiralean. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko ekainaren 18a
14:14
Entzun

Europako hizkuntza minorizatuen topaleku izango da Bilbo azaroan. Hain zuzen, ELEN Hizkuntzen Berdintasunerako Europako Sarearen batzar nagusia egingo dute Bizkaiko hiriburuan, azaroaren 8tik 10era. Euskalgintzaren Kontseilua arduratuko da hura antolatzeaz.

ELENen zuzendaritza batzordea joan den ostiralean batu zen, Bartzelonan, eta bertan izan zen Euskalgintzaren Kontseilua ere —sareko lehendakariordea da—. Haien esanetan, hartu zuten erabaki aipagarriena 2024ko batzar nagusia Euskal Herrian egitea izan zen: azaroaren 8tik 10era bilduko dira, Bilbon. Kontseiluaren ardura izango da 25 herrialde baino gehiagotako ordezkariak bilduko dituen batzarraren antolaketa, eta, azaldu duenez, jada hasi dira erakunde publikoekin eta gizarte eragileekin harremanetan, «lankidetzaren emaitza izan dadin».

Batzar nagusia izaten da erakundearen bilgune gorena, eta zenbait funtzio izaten ditu: ikerketa eta lan ildo berriak aurkeztea, eztabaidatzea eta Europa mailan hizkuntza gutxituen biziberritze eta normalizazioan eragiteko proposamen eta politika berrien inguruko adostasunak lantzea. Aurten, besteak beste, gai hauek landu asmo dituzte, Kontseiluak azaldu duenez: hizkuntza gutxituak eremu digitalean, harrera politika eraginkorrak, Europa mailako ofizialtasuna eta nazioarteko legedia hizkuntza eskubideen defentsan, politika publikoen garrantzia...

Noranzkoa zehaztuta

Joan den ostiralean batu zen azkenengoz ELENen zuzendaritza, Bartzelonan. Han, besteak beste, hizkuntza minorizatuak Europako egungo egoeran nola dauden aztertu zuten, eta hizkuntza berdintasunean eta askatasunean aurrera egiteko bideak eta elkarlanaren noranzkoa arakatu eta adostu zuten.

Batzarraren biharamunean, hizkuntza minorizatuek hezkuntza arloan dituzten erronkei buruzko eta hizkuntza eskubideen bermearen inguruko konferentzia izan zuten. Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean, Idurre Eskisabel idazkari nagusia hezkuntzari buruzko mahai inguruan aritu zen hizlari, katalanaren, bretoieraren, gaelikoaren, galizieraren, okzitanieraren eta frisieraren ordezkariekin batera.

Kontseiluaren esanetan, hizlarien ekarpenek argi utzi zuten hizkuntza minorizatuak «kinka larrian» daudela gaur egungo testuinguruan; «batetik, globalizazioaren egungo aldaerak ekarritako aldaketa eta erronka handiengatik, eta, bestetik, estatuek, orokorrean, hizkuntza komunitate hauen babes juridikoa oztopatzen dutelako». Dena dela, Elin Haf Cruffydd Jones ELENeko lehendakariak itxaropen mezua ere helarazi zuen: nabarmendu zuen hizkuntza minorizatuei eustea «mundu hobe baten alde» egitea dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.