Bilboko zezen plazak ia 15.000 euroren galera du

2015eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
«14.939,78 euroren zuloa egin zuen Bilboko Vista Alegre zezen plazak 2014. urtean». Argi eta garbi azaldu zuen atzo Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramaileak zein den zezen plazaren egoera ekonomikoa. Gaineratu zuen Alkatetza Sailak eta Gizarte Ekintza Sailak 65.000 euroko gastua egin zutela zezenketetarako sarrerak erosten: zinegotzi eta goi kargudunei oparitzeko lehenak, eta adinduen artean banatzeko bigarrenak. Horregatik ez balitz, 80.000 euroren zuloa izango luke, haren arabera.

Bilboko zezenketek gero eta irabazi ekonomiko gutxiago lortzen dituzte. Koalizio abertzaleko bozeramaileak azken hiru urteen balantzea argitaratu du: 2012an, 104.768,67 euroren irabaziak; 2013an, 74.527,84 eurorenak, aurreko urtean baino %29 gutxiago; eta iazkoak zenbaki gorrietan amaitu zuen: %80 inguruko jaitsiera 2013ko datuekin alderatuta. «Gutxi batzuen gozamen makabro eta defizitariorako toki itxia da», aipatu du.

Galerei aurre egiteko eta zezenketak bertan behera uzteko, zezen plazarako beste erabilera bat galdegin du, beste behin: urte guztian zehar zabalik egongo den aisialdi plaza bihurtzea. «Zuloa gehiago handitu aurretik hartu behar dira neurriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.