Hitzarmen horren ondorioz, diputazioak modu integralean kudeatuko ditu Bizkaian sortzen diren hiri hondakinak, modu honetara: berrerabiltzea, birziklatzea, balorizatzea eta aldez aurretik tratu gabeko isurketa ezabatzea. Hala ere, itunean espresuki aipatzen da Bilboko zaborrak ez dituztela Zabalgarbiko errauste plantan kudeatuko, eta bereizi gabe bildutako hondakinak diputazioa Arraizko harrobian (Bilbo) eraikitzen ari den tratamendu mekaniko biologikoko plantara eramango dituztela.
Halaber, Iosu Madariaga Bizkaiko Ingurumen diputatuak nabarmendu duenez, hitzarmen horrek «ahalbidetuko» du 2016rako aldez aurretik tratatu gabeko zaborrik ez isurtzea. Hain zuzen, horixe da Bizkaiko Hiri Hondakinen Kudeaketarako II. Plan Integralaren (2004-2016) helburu estrategikoa - orain arte Bilbok zabortegira botatzen zuen zuzenean zaborra-. Helburu hori lortzeko, diputazioak hainbat inbertsio egin ditu urteotan: tamaina handiko hondakinak birziklatzeko planta -Berziklatu- egin du Ortuellan; Artigasen (Bilbo) eraikitzen ari da konpostatzeko planta, eta Arraizen azaroan eraikitzen hasi ziren tratamendu mekaniko biologikoko planta. Azpiegitura horiek 54,7 milioi euroko inbertsioa eskatu dute. Horiei gehitu behar zaie Zabalgarbiko errauste planta. Madariagaren esanetan, egun ez dute aurreikusten Zabalgarbi handitzea. «Zabor kopurua ez da handitu. Aurreikusi genuen 2016rako 900.000 tonara heltzea, baina egun 600.000 tonatan geratu gara. Dena dela, 2012an plana berrikusten dugunean, ikusi beharko da beharrezkoa ote den bigarren lerroa egitea».
Bilbon, bosgarren edukiontzia
Diputazioaren eta udalaren arteko hitzarmenak, bestalde, Bilboko Deustu auzoan zabor organikoa bosgarren edukiontziaren bidez biltzeko konpromisoa jasotzen da. Hain zuzen, Bilbo izango da Bizkaian bosgarren edukiontzi pertsonalizatua ezarriko duen lehen udalerria. Urtarrilean hasiko dira bilketa modu horrekin, proba gisa aurrena, eta emaitzak aztertu ondoren, asmoa da apurka-apurka Bilbo osora eta beste herrietara zabaltzea. 40 edukiontzi jarriko dituzte Deustuan, eta sistema borondatezkoa izango da. «Etxean sortzen den zaborra ondo banatzea ezinbestekoa da gauzek ondo funtzionatzeko. Herritarrak hori derrigorrez egitera behartzen dituzunean, emaitzak oso txarrak izan ohi dira. Horrelako bilketa boluntarioa bada, material ona ateratzen da». Diputazioak 90.000 euro emango dizkio udalari edukiontziak ezartzeko.
Zaborra kudeatzeko plantak
Bizkaiko zaborra kudeatzeko, orain diputazioa bi planta eraikitzen ari da:TRATAMENDU MEKANIKO BIOLOGIKOKO PLANTA
Kokapena: Bilboko Arraiz.
Eremua. 21.000 metro koadro, eta horietatik 13.000 eraikinak hartuko ditu, eta 8.000 metro koadro bideak.
Aurrekontua: 44 milioi euro.
Tratamendua: Tratamendu mekaniko biologikoa hiri hondakin solidoak aurrez tratatzeko eta bereizteko teknologia da. Konbinatu egiten dira sailkapen eta tratamendu mekanikoa eta zati organikoaren tratamendu biologikoa. Helburua da bereizi gabe biltzen diren hondakinetatik birzikla daitezkeen ahalik eta hondakin gehienak ateratzea, eta zabor organikoaren eraginak ezabatzea.
Gaitasuna: Urtean 180.000 tona.
KONPOSTATZE PLANTA
Kokapena: Bilboko Artigasko zabortegia.
Hasiera: Urtarrilean hasiko dira inausketa eta lorezaintzatik ateratako zati organikoak eta sortzaile eta erostetxe handien zabor organikoak tratatzen. Bosgarren edukiontzian bildutakoa ere tratatuko dute.
Aurrekontua: 6,2 milioi euro.
Eremua. 14.000 metro koadro.
Tratamendua: 32.463 eta 36.277 tona artean urtero. Helburua da Bizkaian sortzen den organikoaren %4 konposta egiteko erabiltzea.