Bilboko udaltzainen bertsioa zalantzan jarri du bideo batek

Asteazken gauean emakume bat atxilotu zuten bi udaltzainek, eta agente bati buruan ostiko bat ematea leporatu zioten. Sare sozialetan zabaldutako bideoan ez da ikusten emakumeak buruan ostikorik ematen dionik.

Lekuko batek grabatutako bideoaren fotogramak. BERRIA
mikel p ansa
2023ko abuztuaren 11
13:59
Entzun

Asteazken gauean gertatu zen, Bilboko Kale Nagusian, 20:45 aldera. Udaltzain bikote bat kalean gora eta behera zebilen, eta halako batean autoa aparkatu, irten, eta kaleko saltzaile batzuengana joan ziren. Udaltzain horietako batek El Correo egunkariari azaldu dionez, hamabost bat ziren kaleko saltzaileak, eta gehienek ihes egin zuten Polizia ikusi zutenean, baina ez bik.

Horietako bat identifikatzen hasi ziren udaltzainak, eta herritar batzuk poliziei kontra egiten hasi ziren, saltzaileak bakean uzteko eskatuz. El Correo-ri bere bertsioa eman dion udaltzainaren arabera, lankideak poltsa hartu zion saltzaileari, identifikatu egingo zutela esanez, eta, orduan, saltzaileak kolpe bat eman zion udaltzainari bularrean. Saltzaile hori atxilotzeari ekin zioten orduan.

Baina herritar batzuk atxiloketa eragozten saiatu ziren. Udaltzain horren arabera, jende horrek iraindu egin zituen agenteak, eta besoetatik heltzen hasi zitzaizkien, saltzailea atxiki ez zezaten. Momentu horretatik aurrera, lekuko bat gertakariak grabatzen hasi zen, eta sare sozialetan zabaldu da bideo hori.

Bideoan ikusten da kaleko saltzaile bat lurrean etzanda eta udaltzain bat haren gainean jarrita, atxilotzeko asmotan; beste udaltzaina, berriz, herritarrei kontu egiten saiatzen da. Emakume bat eta beste herritar batzuk udaltzainei kontra egiten ari zaizkie. Momentu batean, emakume horietako batek hanka altxatzen du saltzailearen gainean jarrita dagoen udaltzainarengana. Fonsi Loaiza kazetariak eta Twitterreko beste erabiltzaile batzuek ere zabaldu dute bideo hori:

Irudietan ikusten denez, momentu horretan behintzat emakumeak ez dio ostikorik ematen udaltzainari, eta are gutxiago buruan. Bideoko irudiek ez dute kalitate handirik, baina, kamera geldoan ikusita, itxura du emakumeak sorbaldan edo bularrean ukitu egiten duela udaltzaina hankarekin; ez da ostikorik ikusten bederen. Irudietan argi ikusten da, gainera, emakume horrek sandalia batzuk dituela jantzita.

Emakumearen mugimendu horren eraginez, lurrean dagoen udaltzainak oreka galtzen du, eta kaleko saltzaileak hori baliatzen du, udaltzainaren gainean jarri, eta askatzeko. Korrika ihes egiten du, oinezko batzuek «korri, korri!» esanez animatzen duten bitartean. El Correo-rentzat hitz egin duen udaltzainaren arabera, ondoren atzeman eta identifikatu zuten kaleko saltzaile hori.

Lurrean zegoen udaltzainak, berriz, kolpetik altxatuta, sandaliadun emakume hori lepotik heltzen du, indarka hasten dira biak, eta azkenean besoetatik harrapatu eta udaltzainen ibilgailura eramaten dute, bi agenteren artean. Udaltzain gehiago iritsi ziren lekura bitartean. Atxilotu egin zuten emakumea, eta identifikatu. Gero, aske utzi zuten, epaitzeko esperoan.

Traumatismoa burezurrean

ESAN sindikatuak zabaldu zuen gertakarien berri, atzo goizean. Gero, Bilboko Udalak berretsi zuen emakumea atxilotu zutela udaltzainek, eta hala jaso zuten berri agentziek. Zabaldutako bertsio horren arabera, agentea lurrean zegoenean ostikada bat eman zion emakumeak, eta horrek burezurreko traumatismo bat eragin zion. Beti bertsio horren arabera, Basurtuko ospitalean artatu zuten agentea, eta gau horretan bertan bidali zuten etxera, «atseden» hartzeko aginduta. Sareetan zabaldutako bideo horretan, baina, ikusten da ustez kolpe hori hartu zuen agentea kolpetik altxatzen dela lurretik, eta zuzenean joaten dela emakumearen bila. Hark atxilotu zuen, gainera.

ESAN sindikatuak atzo salatu zuen horrelako kasuak «behin eta berriz» gertatzen direla eta «geroz eta indarkeria eta errespetu falta handiagoa» pairatzen dutela udaltzainek eta poliziek. Udaltzainei babesa agertu zien, eta atxilotutako emakumeari «merezi duen zigorra» jasotzea opatu zion. ERNE sindikatuak, berriz, Bilboko Udalari eskatu zion «beste aldera ez begiratzeko eta neurriak hartzeko».

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaitzespen mezu bat argitaratu zuen atzo sare sozialetan. Udaltzainak «beren lana eta betebeharra egiten ari ziren kaleko salmenta debekatuz», adierazi zuen: «Agenteari desio diot lehenbailehen osatzea, eta kolpatu duen emakumeari erabateko gaitzespena». PPk ere babesa agertu die gaur udaltzainei: «Oinezkoen jokabide hauek ezin dira onartu».

Bilboko Sortuk, aldiz, salatu egin du gertatutakoa. Bideo hori zabaldu du sareetan, eta «politika eta Polizia arrazistak» bazterrera utzi eta kaleko saltzaileenganako elkartasuna zabaltzeko deia egin du. CNTk ere salatu egin du udaltzainek «muntaketa» bat egin dutela auzi honetan, «existitzen ez den eraso faltsu bat» sortzeko.

Ekainean, berdin

Duela bi hilabete, ekainaren 18an, antzeko beste gertakari bat izan zen, Bilbon bertan. Victor kalean, udaltzain batzuek, kaleko saltzaile batzuk gerarazi, eta salgaiak kentzen ahalegindu ziren. Lekuko batzuk hasi ziren udaltzainei kontra egiten. Txakurrak paseatzen ari zen emakume bat atxilotu zuten orduan; eskuburdinak jarrita eraman zuten udaltzainek. SOS Arrazakeriak eta Mbolo kaleko saltzaileen elkarteak protesta bat egin zuten biharamunean.

Joan den astean, berriz, LAB sindikatuak ohartarazi zuen Gasteizko udaltzainak kaleko saltzaileen aurka ari zirela jaietan. Saltzaileei salgaiak kendu, identifikatu, eta 120 euroko isunak jartzen aritu ziren udal agenteak, sindikatuaren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.