Bilboko udaltzainek bideokamerak eramango dituzte, behin hiri segurtasuneko ituna berrituta

EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Bilbok sinatu dute hitzarmena, eta PPk ez du babestu. 33 neurri jaso dituzte, eta 2027ra bitarte egongo da indarrean.

Bilboko udaletxean, lau taldeetako ordezkariak, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, udal gobernuko kideak eta udaltzainak.
Lau taldeetako ordezkariak, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, udal gobernuko kideak eta udaltzainak, Bilboko udaletxean. BILBOKO UDALA
joxerra senar
2024ko uztailaren 16a
10:05
Entzun

PPk izan ezik, Bilboko Udalean ordezkaritza duten talde guztiek hitzartu dute hiri segurtasuneko ituna. 2027ra bitarte egongo da indarrean. Polizia eredu integrala eta komunitarioa garatu asmo dute, udaltzainen jardueran «gertutasun eta gardentasun handiagoa» lortzeko. Horretarako, 33 neurri jaso dituzte. Besteak beste, udaltzainek bideokamerak eramango dituzte soinean, eta kalean presentzia handiagoa izango dute.

Atzo sinatu zuten akordioa EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Bilbo udal taldeek. Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen arabera, «urrats handia da, hiri segurtasuneko ituna erreminta baliagarria baita Bilboko herritar guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko». Eskerrak eman dizkie ituna babestu duten udal taldeei, «hiri seguruago baten alde lan egiten jarraitzeagatik». Izan ere, 2018tik 2023ra bitartean indarrean egon den aurreko itunak udal talde guztien babesa jaso zuen. 

Aburtoren ildo beretik jo zuen Nora Abete alkateordeak. Haren irudiko, udalaren asmoa da estrategia oso bat izatea arlo horretan, prebentzioa, kolektibo zaurgarrien babesa, auzoen hobekuntza eta herritarren parte hartzea oinarritzat hartuta.

EH Bilduko Maria del Riok ere uste du segurtasun politikek ikuspegi oso bat izan behar dutela, «diskurtso populistak alde batera utzita». Ana Viñalsek ildo beretik jo du, eta azpimarratu segurtasunik eza eragiten duten zergatiei erantzun behar zaiela. 

Akordioak zabaltzeko gertu

EH Bilduri dagokionez, antzeko akordioak beste udaletara zabaltzeko borondatea agertu du. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak espero du polizia ereduari buruzko eztabaidaren abiapuntua izatea. «Beste udaletara eta esparru politikoetara zabaldu daiteke», argitu zuen. Gogora ekarri zuenez, duela bost urte Euskal Poliziaren Legea berritu zen, «eztabaidarik izan gabe eta PPren babesarekin. Hain justu ere, PP hori bera akordiotik kanpo geratu da, bere intrantsigentziaren ondorioz».

PPko lau hautetsiak ez ziren izan sinadura ekitaldian. Alderdi Popularraren ustez, aurreko akordioak «porrot egin zuen», eta ardura hori saihestu nahi dute sinatzaileek. Talde horren irudiko, segurtasun falta da bilbotarren kezka nagusia.

Udaltzainek bideokamerak eramango dituzte soinean, eta protokolo bat ezarriko da erabilera hori arautzeko

Akordioaren edukia

Akordioak aipatzen du bideozaintzako sistema berrikusiko dela udaltzainen lana hobetzeko, «ikuspegi bermatzaile batetik». Gainera, udaltzainek bideokamerak eramango dituzte soinean, eta protokolo bat ezarriko da erabilera hori arautzeko. Prebentzio lana hobetzeko, udaltzain gehiago ibiliko dira kalean, bai oinez eta baita autoz ere. Santutxun eta Boluetan, bizilagunen zaintza talde bat abian jarriko da. Telefono arreta ere hobetu nahi dute.

Delituen biktimen arretarako protokoloak ezarriko dituzte —besteak beste, itxaronaldia zehaztuko da, espazioak berrikusiko dira, bulego mugikorrak erabiliko dira, euskarazko arretan emango da...—. Horrez gain, delituei erantzuteko neurrien protokoloak hobetuko dira. Ziberdelituei erantzuteko neurriak hobetuko dira, beste erakundeen arteko elkarlanaren bidez. 

Gainera, udaltzainen formakuntza plana zabalduko da, giza eskubideekiko errespetuzko kultura sustatzeko. Barne formakuntzako ikastaro kopurua handituko dute. Berrikuntzei dagokionez, arreta digitala hobetu nahi dute, eta estrategia digitalaren plana gauzatuko dute. 

Berdintasun plan bat ezarriko da Udaltzaingoan. Poliziaren jardueran gardentasuna hobetzeko protokoloak eta barne araudiak ezarriko dira, «polizien segurtasuna auzitan jartzen ez denean». Barne funtzionamenduaren barruan, bi araudi jarriko dira abian —kode deontologikoaren kontrako jokabideak ikertzeko eta merituzko jokabideak nabarmentzeko—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.