Bilboko udaltzain bat zigortuko dute, txosnetako gertakarien ostean

«Bide publikoan txiza egiteagatik» zigortuko dute. Aburtok gertakari haiek jazo zirela aitortu du, baina udaltzainen «indarkeria» ukatu du

Aburto, atzean Poliziaren jazarpenaren kontrako kartel bat duela. A. LOIOLA / FOKU.
Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Radio Euskadin jakinarazi du Bilboko Udaltzaingoak zigorra ezarri eta diziplina espedientea irekiko diela Aste Nagusian liskar batean parte hartu zuten bi udaltzainei. Halere, Udaltzaingoa bi agenteak ikertzen ari den arren, oraingoz horietako bati bakarrik jarri diote zigorra, «bide publikoan txiza egiteagatik».

Bilboko Konpartsek poliziaren «indarkeria» eta udalaren jokabidea salatu zituzten asteartean egin zuten elkarretaratzean. Bertan jakinarazi zuten, besteak beste, Kranba txosnaren kanpoko aldean «bi mozkor» txiza egiten ikusi zituztela. Bertako konpartsakide batzuk haiengana joan ziren txosnak errespeta zitzatela eskatzeko. Adierazi zutenez, konpartsakideek bi lagunei egindako eskaeraren ostean, «oldartu» egin ziren haiek, eta konpartsakideei eraso egin zieten. Gehitu zuten eraso egin zieten konpartsakideei mehatxu hauek egin zizkietela: «Uniformea janztean bizitza ezinezko egingo dizut, eta, bestela, hilko zaitut» eta «Nire mutil laguna ukituz gero, hilko zaitut» adierazi zieten, gazteleraz. Orduan, konpartsen arabera, mehatxugileetako batek bere burua zerbitzuz kanpoko poliziatzat identifikatu zuen, eta azaldu zuten, segituan, 30 udaltzain inguruk konpartsakideak inguratu zituztela eta eraso egin zietela. Bitartean hasierako bi erasotzaileek ihes egin zutela azaldu zuten Konpartsek.

Bilboko alkatearen bertsioa ez da guztiz berdina: «Bi pertsona txosna batean txiza egiten hasi ziren, eta txosnakideek errieta egin zieten; baita garagardo katxiren bat bota ere. Horrek liskarra sortu zuen; eta, horren berri izanda, udaltzainak bertaratu ziren zer gertatzen ari zen ikusteko». Gehitu duenez, liskarraren ondoren, bi pertsona horiek identifikatu egin zituzten, eta zerbitzuz kanpo zeuden udaltzainak zirela jakin zuten. Gertatutakoaren aurrean, Bilboko alkateak azaldu du jarduera hori ez dela Udaltzaingoarekin lotzen: «Ekintza mota hori ez da Udaltzaingoarena; medikuak, arkitektoak edota iturginak izan zitezkeen».

Liskar horretan Udaltzaingoak izan zuen jarrera ez zen Konpartsek astearteko elkarretaratzean salatu zuten gertaera bakarra. Jakinarazi zutenez, Aste Nagusiko bigarren egunean Udaltzaingoak kaleko bi saltzaileri lan tresnak kendu zizkien. Duela bi aste inguru ere emakume bat atxilotu zuten udaltzain batek kale saltzaile bat atzematea galarazteagatik.

Polizia eta segurtasuna

Aburtok ukatu egin du Konpartsek elkarretaratzean salatutakoa, eta nabarmendu du «Poliziaren indarkeria» ez dela «existitu» Bilboko Aste Nagusian. Gainera, salatu du batzuek «Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren aldez aurreko gaitzespen testuinguruan gertatutako ekintzak nabarmentzeko interesa» dutela. Horren harira, baieztatu du lanean ari ziren polizien jarduna «zuzena» izan zela: «Gatazka bat zegoen, eta Udaltzaingoa gatazka hori konpontzera joan zen». Poliziaren jarreraren aurka egindako salaketen harira, ERNE, ESAN eta Sipe sindikatuek konpartsen «hipokrisia» eta «errealismo falta» salatu dituzte. Haien ustez, Bilboko Udaltzaingoaren aurkako «jazarpen kanpaina» bat egin dute. Horrez gain, alderdi politiko guztiak publikoki posizionatu daitezela eskatu dute.

Segurtasunaren inguruan ere hitz egin du Bilboko alkateak.Adierazi duenez, Aste Nagusian «herritarren segurtasunean» jarri dute arreta: «Udal bat gobernatzeko erantzukizuna dugunok oso argi izan behar dugu zein diren herritarren beharrak, eta Bilboko Udalak ahalegin handia egin du; Bilbon plantilla handitu dugu inoiz baino gehiago, ia 900 udaltzain izatera iritsiz». Gehitu du lanpostuen zabalpen hori egin dutela «herritarrek kalean Udaltzaingoa ikustea eskatu» dutelako: «Segurtasuna lehen kezketako bat bihurtu da, eta nik hari erantzuteko betebeharra dut. Konpartsak gorabehera, Bilboko alkateak eta udalak herritarren eta jaietara bertaratzen direnen segurtasuna zaintzen jarraituko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.