Bilboko Udalak plaka bat jarri dio Poliziaren biktima bati, lehen aldiz

Javier Nuñez 1977ko maiatzean torturatu zuten, eta horren ondorioz hil zen, hamahiru egunen buruan. Orain arte, Bilboko Udalak jarritako oroigarriak ETAren biktimenak izan dira.

Gaur goizean egindako ekitaldia, Bilbon. BILBOKO UDALA
Gaur goizean egindako ekitaldia, Bilbon. BILBOKO UDALA
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 24a
15:00
Entzun

Bilbok Udalak Francisco Javier Nuñez polizia indarkeriaren biktimaren omenezko oroigarri bat jarri du. Udalak jarritako bosgarren plaka da, baina Poliziaren biktima bati eskainitako lehena. Nuñez 1977ko maiatzaren 30ean hil zen, Espainiako Polizia Armatuak torturatu ostean.

«Polizia ekintza ez-legitimo baten biktima» izan zen Nuñez, Pedro Ibarretxe kalean jarri duten oroigarrian zehazten denez. Albia lorategiaren alboan eta EAEko Auzitegi Nagusiaren parean jarri dute. Azaldu dutenez, bere «sinbolismoagatik» aukeratu dute lekua. Hain zuzen, azaldu dute «justizia nahi izateagatik» hil zutela Nuñez. 3 urteko alabarekin paseatzen ari zela, manifestazio batekin topo egin zuen Indautxu auzoan, eta poliziek jo egin zuten. Jasandakoa salatzera joan zen, baina, salaketa hari men egin ez, eta «hamahiru eguneko sufrimendua» eragin zioten poliziek. «Eraso egin zioten poliziek furgoneta batera igo zuten, eta han torturatu eta litro bat koñak eta litro bat errizino olio edatera behartu zuten. Horren ondorioz hil zen, hamahiru eguneko sufrimenduaren ostean», azaldu du haren alaba Ines Nuñezek.

Ekitaldian lore eskaintza bat egin dute, eta, Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin batera, hartan parte hartu dute Nuñezen senide eta lagunek, eta beste ordezkari politiko batzuek. Carmina de la Partek, Nuñezen emazteak, eskerrak eman ditu ekitaldia egiteagatik: «Inoiz ez nuen pentsatu halako amaiera izango zuenik. Sufrimendu urte asko izan dira, eta alaba arduratu da bere aitaren izen onari eusteaz». Eta Ines Nuñez alabak gehitu du aitaren «memoria eta duintasuna» berreskuratzeko urrats bat izan dela gaurkoa. Izan ere, salatu du  2000. urtean terrorismoaren biktima gisa aitortzeko eskaera egin zutenean, mehatxuak jaso zituztela: «Historiaren etapa ilunak dira, baina ezagutu beharrekoak, bakea ezin baita eleberrien gainean eraiki; egien eta oinarri etiko sendoen gainean egin behar da».

Bilboko Udalak bost plaka jarri ditu 2022tik. Orain artekoak ETAren biktimei eskainiak izan dira: Angel Pascual, Jose Maria Urkizu, Benicio Alonso eta Fermin Monasterio. Udalaren eta Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Bilboko Topagunearen arabera, xedea da horien bitartez Bilboko Memoriaren Mapa osatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.