Bilboko Udalak ordu erdi aurreratu nahi du terrazak ixteko ordua

Terrazei buruzko ordenantza berria tramitatzen hasi da, «espazio publikoan elkarbizitza» sustatzeko. Urtarrilean hasiko dira zirriborroa eztabaidatzen.

Terrazak Bilboko Ledesma kalean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Terrazak Bilboko Ledesma kalean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko abenduaren 26a
15:35
Entzun

«Espazio publikoan elkarbizitza hobea» sustatzeko helburuarekin, Bilboko Udala terrazei buruzko ordenantza berria tramitatzen hasi da, eta horren zirriborroa aurkeztu dute gaur. Aurreikusi dute, besteak beste, terrazak ixteko ordua ordu erdi aurreratzea, eta establezimenduaren eta mahaien artean gutxienez bi metroko pasabidea bermatzea.

Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziak azaldu duenez, gero eta terraza gehiago daude hirian. «Ordena publikoa» aldatu gabe, elkarbizitza sustatu nahi dute ordenantza berriarekin. «Araudi berriaren helburua da bateragarri egitea espazio publikoaren erabilerak; alegia, terrazen erabilera komertziala eta herritarrek espazio komunez gozatzeko eta bertatik igarotzeko duten eskubidea bateragarriagoak izatea», nabarmendu du.

41 artikulu jaso ditu ordenantzak. Ixteko orduari dagokionez, establezimenduek 22:30ean itxi beharko dituzte terrazak neguan; udan, berriz, ordubete geroago. Aste Nagusiko ordutegiak ez du aldaketarik izango: terrazak ordu batak arte egon ahalko dira zabalik.

Neurri horrez gain, bakarrik berogailu elektrikoak baimenduko dituzte. Izan ere, debekatuko dute «energia iturri ez-berriztagarriak» erabiltzea, «jasangarritasun klimatikoa» bermatzeko eta «berotegi efektuko gasen emisioak» murrizteko. Bestalde, estalkiek eta oihalek «diseinu neutroa eta tratamendu kromatiko unitarioa» izan beharko dute.

«Irisgarritasun unibertsalari eta mugikortasun jasangarriari lehentasuna» emateko, establezimenduaren eta mahaien artean gutxienez bi metroko pasabidea bermatu beharko da, «oztoporik gabe». Pasabide hori, halere, espaloiaren zabaleraren arabera moldatu beharko da. Espaloia gero eta zabalagoa izan, orduan eta pasabide handiagoa utziko beharko dute. Are, tabernaren aurrealdean euskarri elementuak edota egonlekuak badaude, pasabideak hiru metrokoa izan beharko du.

Proposamen zehatzak

Bilboko oinezkoentzako eremuetan, plazen eta beste espazio ireki batzuetan, bertako establezimenduek eta udalak «antolamendu orokorreko proposamen» bat egin ahal izango dute. Behin hori onartuta, proposamena izango da oinarria. Iparragirre kalean onartua dute jada.

Udalak jakinarazi du terraza jartzeko baimenak ez duela «inolako eskubiderik» finkatzen. Baimenek epemuga bat dute, eta, behin epea amaituta, establezimenduek beste baimen bat eskatu beharko dute. Are, arau hauste astunak edo oso astunak gertatzen badira, terraza jartzeko baimena baliogabetu ahal izango da. Eta establezimendu horiei epe bat ezarriko diete, denbora horretan baimenak berriro ez eskatzeko.

Bilboko Udalak datorren hilabetean eztabaidatuko du zirriborroa udaleko beste alderdiekin. Are, bilerak egingo ditu ekarpenak egin dituzten auzo elkarteekin, baita merkatari elkarteekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.