Bilboko Udalak ez du sartu Iñigo Cabacas segurtasun indarrek hildakoen artean

Biktimak oroitzeko inauguratu duen eskultura multzoko plakan, ez dira aipatzen Txabi Etxebarrieta eta Mikel Martinez de Murgia, eta Cabacasena «behar beste argitu ez diren kasuen» artean sailkatu du. Egiari Zor fundazioak esan du «onartezina» dela.

Bilboko Udalak biktimak oroitzeko ipini duen plaka. EGIARI ZOR
Bilboko Udalak biktimak oroitzeko ipini duen plaka. EGIARI ZOR
jon ordonez garmendia
2024ko azaroaren 19a
13:30
Entzun

Bilboko Udalak atzo inauguratu zuen Atalase eskulturak gabezia nabarmenak dituela salatu dute Egiari Zor fundazioak eta Etxebarrieta Memoria Elkarteak. ETAren eta polizia indarkeriaren biktimak oroitzeko eskultura multzo bat da, eta plaka batean biktima horien izenak sailkatu dituzte, taldetan banatuta, kontuan hartuta nork eragin zuen heriotza bakoitza. Atal batean, segurtasun indarrek egindako hilketen izenak jaso ditu Bilboko Udalak, baina horien artetik atera du Iñigo Cabacasena, eta, erabat aparte, «behar beste argitu ez diren» kasuen artean sailkatu du. Egiari Zor fundazioak salatu du «onartezina» dela, frogatuta baitago Ertzaintzak hil zuela Cabacas.

Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, gaur goizean Fina Lizeranzurekin hitz egin dute, Cabacasen amarekin, eta gurasoak jota daudela esan du, «suminduta», eta berriro biktimizatu dituztela azaldu dute. Ez dute Lizeranzuren adierazpenik eman irratian, baina Jone Goirizelaiarekin hitz egin dute, eta horrek argi utzi du epaiketan ez zutela identifikatu nork egin zion tiro Iñigo Cabacasi, baina argi geratu zela Ertzaintzak hil zuela. Hala baieztatu du Egiari Zor-eko kide Ainara Estaranek ere, ETB2ko En Jake saioan: «Cabacas auziaren epaiketa egin da, eta hark, beste batzuek ez bezala, badu egia judizial bat».

Egiari Zor-en ustetan, «nahita» egindako akatsa izan da. Hala mintzatu da elkarteko bozeramaile bat Euskadi Irratian: «Norbaitek ez du nahi Ertzaintzaren izena biktimario gisara agertzea zerrenda horretan». Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen udal gobernutik argudiatu dute Memoriaren mapa erabili dutela zerrenda egiteko, baina Eusko Jaurlaritzatik erantzun dute, beti ere Euskadi Irratiak jaso duenez, mapa hori eguneratu gabe dagoela 2016tik, eta atzoko ekitaldiaren ardura osoa Udalarena dela.

Hain zuzen, Esteranek kritikatu du ezin dela memoria gune bat eraiki duela hamarkada bat egindako txosten bat oinarri hartuta: «Ez dio erantzuten egun arlo honetan existitzen den errealitate ofizialari erantzuten». Batetik, gogoratu du haren ostean iritsi zela Cabacas auziaren epaia.

Bestetik, gerora martxan jarri zela EAEko 12/2016 legea, giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimen errekonozimendurako eta erreparaziorako. «Ikusten ari gara nola urtez urte biktimak aitortzen ari diren. Aurten 93 kasu berri aitortu dira, eta horietatik zortzi bizitzeko eskubidearen urraketen biktimak dira», zehaztu du Egiari Zor-eko kideak, balorazio batzordearen azken txostenari erreferentzia eginda.

Hutsune gehiago

Egiari Zor-ek gaineratu du bestelako hutsuneak dituela plaka horrek, eta Mikel Martinez de Murgiaren izena ez duela jaso. «Guardia Zibilaren biktima gisara dago aitortuta ofizialki. Bilbon jaio zen, eta Bilbon bizi zen». Martinez de Murgia 1972an hil zuen Espainiako Poliziak, Lekeition (Bizkaia), sarekada batean, laguntza eskatzen ari zela berrogei tiro baino gehiago jota.

Etxebarrieta memoria elkarteak ere salatu du zerrenda horretan Txabi Etxebarrietaren izena falta dela. Etxebarrieta Bilbon jaio zen, eta Tolosan (Gipuzkoa) hil zuen Guardia Zibilak, 1968an. ETAren lehen hilketa egin zuena izan zen, eta, aldi berean, Guardia Zibilak hil zuen lehen etakidea. Etxebarrieta elkarteak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak 2015ean egin zuen giza eskubideen urraketen mapan agertzen dela Etxebarrieta, eta zuzenean Imanol Pradales lehendakariari mintzatu zaio: «Atzerantz?». Imanol Pradalesek Atalase eskultura multzoaren inaugurazioan izan zen atzo, Juan Mari Aburto alkatearekin batera. Eskultura multzoa Jose Ramon Anda eskultoreak diseinatu du, eta Guggenheim museoaren eta Euskadi plazaren artean jarri dute.

Ekitaldian, Pradalesek adierazi zuen Atalase «memoria kritikoaren» isla dela: «Ispiluaren aurrean jartzen gaitu». Sakontzeko deia ere egin zuen, eta gizarteari eskatu zion iragana «konplexurik gabe, diskriminaziorik gabe eta ahanzturarik gabe» kontatzeko, «itzulinguruka ibili gabe». «Bizi izan genuena transmititzea gure erantzukizuna da, datozen belaunaldien geroa dugu jokoan; izan ere, bere historia ezagutzen ez duen gizarte bat iraganeko akats berak errepikatzera kondenatuta egon daiteke», gaineratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.