Bilboko Udalak etxe turistikoei lizentziak emateari utziko dio

Moratoriak urtebete iraungo duela aurreikusten du udalak, halako jarduerak arautuko dituen Plan Orokorraren moldaketa iritsi arte.

Bidaiariak, Bilboko alde zaharreko etxe turistiko batera iristen. OSKAR MATXIN / FOKU
Bidaiariak, Bilboko alde zaharreko etxe turistiko batera iristen. OSKAR MATXIN / FOKU
Irune Lasa.
2024ko azaroaren 13a
09:45
Entzun

HAPO hiri antolamenduko plan orokorra aldatzeko lanak hasi ditu Bilboko Udalak, besteak beste, muga jartzeko asmoz hiriko auzo jakin batzuetan gertatzen ari den etxebizitza turistikoen kontzentrazioari. Eta, aldaketa egin bitartean, ez ditu emango lizentzia gehiago etxe turistikoetarako.

Asteartean eman zuen udalak erabakiaren berri Bizkaiko Aldizkari Ofizialean: «Kautelaz etenda uztea, urtebetez gehienez ere, Bilboko udal mugarte osoan erabilera turistikoko etxebizitzak eta erabilera turistikorako etxebizitza partikularretako logelak ezartzeko eman diren baimenak; baimen horiek adostasun txostenen bidez eman dira».

Era berean, udalak jakinarazi du erabaki horren berri eman diola Eusko Jaurlaritzako Turismo sailari, aintzat har dezan EAEko turismo enpresa eta jardueren erregistroan Bilborako egindako inskribatze eskaerekin.

1.036

Pisu turistiko erregistratuak Bilbon urrian Bilbon 1.036 pisu turistiko erregistratuta zeuden urriaren hasieran. Hori, pisu turistikoa izateko lizentzia ez dutenak zenbatu gabe. 2022an eta 2023an etxebizitza turistikoetarako 325 lizentzia eman zituzten Bilbon, hau da, hiribildu osoan dauden lizentzien %34,7, soilik bi urtean.

Ekologistak Martxan-en ikerketaren arabera, Bizkaiko hiriburuan auzo jakin batzuek hartzen dute jarduera horren pisua. Bilboko 37 auzoetatik, 11k hartzen dituzte etxebizitza turistikoaren lizentzia duten pisuen %67,1.

Bilboko Alde Zaharreko Bihotzean auzo elkarteak eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak ohar bat kaleratu dute gaur, Bilboko Udalari eskatuz berehala utz diezaiola pisu turistikoei lizentziak emateari. Horrez gain, eskatu diote presio turistikoaren mugak ezar ditzala auzo bakoitzean, eta har ditzala turismoaren «deshazkunderako neurriak»: «Beranduegi da, hazteari utzi behar zaio. Berandu da, arazoa kontrolik gabe dago eta Bilboko Udaleko arduradunek entzungor egiten diote».

Gogoratu dute etxe turistikoak mugatzeko proposamen bat aurkeztu zutela Bilboko Udalaren maiatzaren 30eko osoko bilkuran, eta udaleko agintariek erantzun zietela «ez zegoela arazorik», eta «alarma sortzea» egotzi zietela. Arazoaren neurria eman dute: sei hilabetean %35,4 hazi dira etxe turistikoen lizentzia eskaerak. Auzo elkarteentzat «Bilboko Udala da «erantzule bakarra, turismo lobbyari bakarrik mesede egiten dion arazo bat handitzen utzi duelako».

Donostian indarrean

Printzipioz, Bilboko Udalaren kautelazko neurriak urte bateko iraupena du, baina Plan Orokorraren moldaketa onartu arte luzatu daitekeela pentsatzen da. Hori ari delako gertatzen Donostian: Gipuzkoako hiriburuan iazko martxoa erabaki zen lizentzia gehiago emateko moratoria, zeinak auzo askori eragiten zion. Urte eta erdi pasa denean indarrean dago moratoria.

Gainera, Eneko Goia alkateak orain gutxi adierazi duenez, Hiriko Antolamendu Plan Orokor berriak ekarriko duen agertokian, «ez dira lizentzia gehiago emango» etxebizitza turistikoetarako.

Etxebizitza turistikoen ugaritzeari mugak jartzeko beste bidea bizilagunen komunitateetan dago. Espainiako Auzitegi Gorenak urrian ebatzi zuen komunitateek gaitasuna dutela etxe turistiko gehiago jartzeko, horretan ados badaude komunitateko jabeen hiru bosten. Aurretik derrigorrezkoa zen jabe guztiak egotea ados.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.