Bilboko Udalak bidea ireki du zenbait auzotan turismo ostatuei mugak jartzeko

Udalbatzak hasierako onarpena eman dio HAPO hiri antolamenduko plana aldatzeari. Oposizioko taldeak abstenitu egin dira, iragarritako aldaketak nahikoak ez direlakoan.

Etxebizitza turistikoa, Bilboko Zazpikaleetan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Etxebizitza turistiko bat, Bilboko Zazpikaleetan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko urtarrilaren 30a
13:30
Entzun

Bilboko udalbatzak hasierako onarpena eman dio HAPO hiri antolamenduko plan orokorra aldatzeari, auzo batzuetako ostatu turistikoei zenbait muga ezartzeko. Orain, dokumentua jendaurrean jarriko da hilabete batez, eta, tarte horretan, alegazioak aurkezteko epea egongo da, antolamendu planean behin betiko aldaketak egin aurretik. Erabakia udal gobernua osatzen duten alderdien babesarekin hartu dute, hau da, EAJrenarekin eta PSE-EErenarekin. Oposizioko taldeak abstenitu egin dira, proposatutako aldaketak nahikoak ez direlakoan.

Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziak azaldu duenez, aldaketaren zio nagusia da «ohiko etxebizitzetarako bizitegi erabilera sustatzea» eta turismo ostatuen goraldian «oreka» gordetzea. «Bilbok ez dauka arazorik turismoarekin», erantsi du: «Zuhurrak izan, eta arazoei aurrea hartu diegu».

Orain arteko plan orokorrean, desberdindu egiten ziren erabilera turistikoko logelak eta etxebizitza turistikoak. Bigarrenek bazituzten zenbait muga, jarduera ekonomikotzat jotzen baitziren; etxebizitza arrunt batean logela turistiko bat jartzeko, baina, ez zegoen muga handirik. Aurrerantzean, berriz, eta proposatutako aldaketak onartzen badira, logela turistikoak eta etxebizitza turistikoak parekatu egingo dira, eta, beraz, logela turistikoak ezartzeko baldintzak zorroztu.

Neurri hori, ordea, ez da Bilbo osoan ezarriko. «Desoreka dago auzo batetik bestera, eta horixe zuzendu nahi dugu», azaldu du Abaunzak. «Hiriaren erdiguneko auzoetan kontzentrazioa nabari da, eta beste zenbait auzotan, aldiz, apenas dagoen jarduera turistikorik». Beraz, zenbait auzo «turismo ostatuen kontzentrazio handieneko eremu» izendatzea proposatzen dute, eta neurriak auzo horietan ezartzea. Zazpikaleak, Bilbo Zaharra, Matiko-Uribarri, Abando, Indautxu eta Olabeaga dira kontzentrazio handieneko eremuak.

Auzo horietan, logela turistikoak beheko solairuan baino ezin izango dira jarri, sarbide independentea izan beharko dute, eraikin bakoitzeko turismo ostatu bakarra egongo da gehienez eta, oro har, etxebizitza turistikoei aplikatzen zaizkien gainerako neurri eta muga berberak aplikatuko zaizkie logela turistikoei.

«Aukera galdua»

Proposatutako aldaketek ez dituzte asebete oposizioko kideak, eta bozketan abstentziora jo dute. Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak adierazi du aldaketa «aukera galdua» izango dela eskaintza turistiko osoa arautzen ez bada. Esan duenez, gaur egun Bilbon turistentzako 17.939 loleku daude legez erregistratuta, askotariko modalitateak kontuan hartuta: «Batetik, erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak daude, eta bestetik, hotelak, pentsioak, aterpetxeak, ostatuak eta abar. Azken talde horretan, 2.200 plaza gehiago egongo lirateke bi urteren buruan, eta, beraz, 20.000 lolekutik gora izango dira».

Renedok uste du ez dela egokia logela eta etxebizitza turistikoak kontuan hartzea eta gainerako eskaintza ez, eta pentsatzen du «eskaintza turistiko osoa» dela «erregulatu» beharrekoa. Iragarri duenez, EH Bilduk alegazioak aurkezteko epea baliatuko du, eta eskatu turistentzako loleku guztiak kontuan hartzeko: «Neurri integralak eta luzera begirako erantzunak behar dira, ez adabaki hutsak».

Bestalde, arazoak ikusi dizkio neurriak auzo batzuetan bakarrik aplikatzeari. Haren ustez, badago arriskua ostatu turistikoak gainerako auzoetan hedatzeko, «batez ere mugakideak diren auzoetan». Esan duenez, gerta daiteke «arazoa konpondu beharrean, hiriko gainerako lekuetara zabaltzea».

Elkarrekin Bilbo taldeko Ana Viñals bat etorri da ohartarazpen horrekin, eta proposatu du neurriak hiri osoan hartzea, «kutsatzeak» galarazteko. Halaber, eskatu du erreferentziatzat soilik etxebizitza eta logela turistikoak hartu beharrean hiri osoan dagoen eskaintza turistikoari erreparatzeko, «jakiteko zer gaitasun dugun hiri gisa eta gehienez zenbat bisitari har ditzakegun auzotarren bizi kalitateari kalterik egin gabe».

Alderdi saturatuetan «zero hazkundeko politika» ezartzea proposatu du Viñalsek; hau da, ostatu turistiko berri bati baimenik ez ematea lehenagotik zegoen beste bat desagertzen ez bada, eta modurik ez ematea jabeek gaur egun dauden ostatuen titulartasuna aldatzeko.

Hiri antolamenduko planaren aldaketak iragarri zituenean, ostatu turistikoei moratoria bat ezarri zien Bilboko Udalak, eta, beraz, urtebetez ez du emango erabilera turistikoko etxebizitza eta logeletarako lizentzia berririk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.