Bilboko Udalak hizkuntza eskakizuna kenduko die lanpostu batzuei. Udalerako aurkeztutako 35 LEP lan eskaintza publikotan, lanpostuen %70 ingurutan ezarrita zegoen baldintza gisa euskaraz jakitea. Udalak hartu nahi duen erabakiaren bidez, kopuru hori 30 puntu apalduko litzateke. Azken urteetan lanpostu publikoen inguruan izan diren auziengatik erabaki du udalak aldaketa horiek egitea; hain zuzen, hainbat lan eskaintza publikoren harira ebatzi baita «neurri diskriminatzailea» dela euskara baldintza moduan jartzea lanpostu bat lortzeko.
Bilboko Udalak BERRIAri jakinarazi dionez, Eusko Jaurlaritzak Bilboko euskaldun kopurua kontuan hartuz egindako txosten baten arabera, 2023tik 2027ra LEPetan eskaintzen diren lanpostuen %40-43k izan behar dute euskara baldintza gisa, gutxienez. Bada, gutxieneko kopuru hori ezarriko du Bilboko Udalak. Hortaz, 2023ko, 2024ko eta 2025eko 35 LEP berriz egin beharko dira. El Correo egunkariak argitaratu duenez, 13.500 lagun ingururi eragingo die neurriak. Eskakizun kopurua apaldu izanak eragingo dien LEP prozesuetako zenbait lanpostu oraindik ez daude adjudikatuta.
Hurrengo LEP horietan, beste aldaketa bat ere izango da euskarari dagokionez: meritu gisa duen balioa aldatuko dute. Izan ere, hirugarren hizkuntza eskakizuna ─C1 mailaren parekoa─ notaren %15 zen orain arte, eta %20 izango da aurrerantzean.
Bilboko Udaleko Giza Baliabideetako Sailak egindako txosten bat oinarri izanda, udala beldur da «arazo juridikoak» izango ote dituen: «Neurri horiek hartu ezean, arazo juridikoek ondorio kaltegarriak izango dituzte. Eta ez bakarrik udalarentzat, baita jende askorentzat ere». Izan ere, eskubidea denez gero lanpostu publiko bat eskuratzeko berdintasunez lehiatzea, herritarrek auzitara jo dezakete lanpostuak adjudikatuta daudenean ere.
Udalak adierazi duenez, EAEko Auzitegi Nagusiak hainbat LEP baliogabetu ditu euskara eskakizuna duten lanpostu gehiegi izateagatik. Hori dela eta, azterketetan parte hartzen dutenen «segurtasun juridikoa» bermatzeko erabaki dute postu kopurua gutxitzea. Hala ere, Bilboko Udalak azpimarratu du langileen «euskara maila areagotzen» jarraituko duela: «Guregana biltzen diren guztiei bi hizkuntza ofizialetako [gaztelania eta euskara] edozeinetan arreta eman ahal izatea bermatu nahi dugu. Are gehiago, nahiko genuke hori gure langileetako edozeinek egin ahal izatea».