Turismoaren ondorioz, tentsio handiko hainbat eremu daude Bilbon, pisu turistiko asko biltzen dituztenak. Zehazki, Bilboko 37 auzoetatik, 11k hartzen dituzte etxebizitza turistikoaren lizentzia duten pisuen %67,1. Abando, Indautxu eta Zazpikaleak dira gehien dutenak, baina etxebizitza turistikoen zama handia dute Solokoetxe, Atxuri, Iturralde, San Frantzisko, Bilbo Zaharra, Zabala, Matiko eta Begoñaibarra auzoek ere. Bertan, etxebizitza turistikoen ondorioz, turismoaren eragina nabarmena da, Ekologistak Martxan erakundeak uztailean argitaratutako ikerketaren arabera.
Turismoak zarata eragiten du, turista andanak, aparkatzeko arazoak, eta familia saltoki txikiak ixtea, baita bizitzeko alokairuak garestitzea ere. Hori salatu dute Ekologistak Martxan-ek eta Bilboko Alde Zaharreko Bihotzean auzo elkarteak.
Auzoz auzo, baina, ondorioak ezberdinak dira; turismoak ez baitu eragin bera Indautxu saltokiz josian eta San Frantzisko auzoan, migratzaile askoren bizitokian.
Alokairu garestiak direla eta, «errenta ekonomikorik txikienak dituztenei, hala nola migratzaileei eta emantzipatu nahi diren gazteei, gero eta zailagoa zaie ordaindu ditzaketen alokairuak topatzea», dio Ekologistak Martxan-en ikerketak. Antzeko iritzia du German Urizar de Pazek. Bihotzean elkarteko kidea da, Bilboko Zazpikaleetako auzokidea: «Alde Zaharrean jaiotako gazteek alde egin behar dute, ahal dutenek Atxurira, eta besteek, auskalo nora».
«Bizitegi alokairuko etxebizitza batzuk pisu turistikoen merkatura igarotzen badira, pentsa dezakegu bizitegi alokairuen eskaintza murriztu egingo dela eta, ondorioz, garestitu egingo dela»
ENRIQUE ANTOLIN Ekologistak Martxan-eko kidea eta EHUko soziologia irakaslea
Pisu turistikoak Bilboko alokairuak garestitzearen arrazoi direla frogatzea zaila da hainbat arrazoirengatik, Ekologistak Martxan-en arabera. Halere, Enrique Antolin elkarte horretako kide eta EHUko soziologia irakasleak azalpen bat eman du: «Bizitegi alokairuko etxebizitza batzuk pisu turistikoen merkatura igarotzen badira, pentsa dezakegu bizitegi alokairuen eskaintza murriztu egingo dela eta, ondorioz, garestitu egingo dela».
Eraginak, nolanahi ere, ez dira nabari soilik etxebizitzen alokairuetan. Saltokietan eta ostalaritzan ere bai, esaterako. «Frankiziak etortzen dira alokairu garestiak ordaintzeko ahalmenarekin, eta bertako ostalaritzak eta komertzioek pertsiana jaitsi besterik ez dute», dio Urizar de Pazek. Beldur da Bilbo ez ote den hartzen ari Europako beste edozein hiribururen gero eta antz handiagoa: «Cien Montaditos, Ale-Hop... frankiziak daude. Denda, taberna eta jatetxe berdinak topa ditzakegu hiri guztietan». Horrez gain, deitoratu du jada auzoko saltoki eta taberna asko turistei zuzentzen zatzaizkiela: «Dendariak eta tabernetako zerbitzariek ingelesez, frantsesez eta alemanez artatu ditzakete bezeroak, baina euskaraz nola agurtu ere ez dute jakiten leku askotan».
«Dendariak eta tabernetako zerbitzariek ingelesez, frantsesez eta alemanez artatu ditzakete bezeroak, baina euskaraz nola agurtu ere ez dute jakiten leku askotan»
GERMAN URIZAR DE PAZ Bihotzean auzo elkarteko kidea
Negozio biribila
Bilbon 1.036 pisu turistiko erregistratuta zeuden urriaren hasieran. Hori, pisu turistikoa izateko lizentzia ez dutenak zenbatu barik. Hotelak ere kenduta. Eta apartamentu turistikoak ere aparte utzita, hots, etxebizitza funtzioa bete ezin duten eta turismorako beren-beregi sortutako eraikinetako apartamentuak.
Turismoari ostatu emateko aukera ugari daude, baina edonork ezin dezake apartamentu turistikoen eraikin bat edo hotel bat edonon kokatu. Pisu turistikoen kasuan, berriz, errazagoa da; izan ere, pisu huts bat duen eta horretarako baldintzak betetzen dituen edozein etxejabek eskuratu dezake portalean jartzeko plakatxoa. Horren erakusgarri, 2022an eta 2023an etxebizitza turistikoetarako 325 lizentzia eman ziren Bilbon, hau da, hiribildu osoan dauden lizentzien %34,7, soilik bi urtean.
COVID-19aren krisialditik, pisu turistikoen goranzko joera are gehiago areagotu da. Ekologistak Martxan-en arabera, hainbat faktoreren ondorioa izan da. Besteak beste, pandemiak heriotza tasa handia eragin zuen, eta, ondorioz, etxebizitza ugari merkatura atera ziren. Gainera, Ukrainako gerrak piztutako inflazioak eraikuntzaren sektorea garestitu zuen. Beste faktore bat zera da, 2018an indarrean sartu zen errege dekretu batek etxejabeen mesedetarako malgutu zuela alokairu turistikoak erregulatzeko araudia.
Pisu osoak alokatu beharrean gelak alokatzeko ereduak ere gora egin du. Antolinek dioenez, gehienetan, familiako kide bat erroldatzen da bertan —etxean bizi ez arren—, eta gelaka alokatzen da pisua. Eredu hori pisu turistikoena baino «are errentagarriagoa» dela dio. Bilbon, 2016an, soilik 21 etxebizitzak eskaintzen zituzten turismo gelak; 2024an, berriz, 272 etxebizitzak.
Araudi aldaketa
Aurreko astean, Espainiako Gobernuak errege dekretu berri bat onartu zuen, aldi baterako edo epe laburreko alokairu guztiak arautzeko. Horren bidez, erregulazio beraren menpe geratuko dira etxebizitza turistikoak eta denbora labur baterako alokairuak: ikasleenak, langileenak edota tratamendu medikoan daudenenak, besteak beste.
zer da epe laburreko alokairua?
«Epe laburreko alokairua» zer den kontratua egitean zehazten den kausak ezarriko du, Espainiako Gobernuak berriki onartutako araudiaren arabera. Hortaz, bost hilabeterako zein urte eta erdirako kontratuak badira ere, arrazoia hartuko da aintzat: ikasketak, turismoa, aldi baterako lana, eta abar.
Horrek orain arteko egoera guztiz aldatuko duela iritzi du Antolinek. Lehen, Espainiako Kode Zibilak arautzen zituen pisu turistikoak, kontratu partikularrek; orain, ordea, Hiri Errentamenduen Legeak arautuko du, hots, higiezinen alokairuak erregulatzen dituen araudi berak, «epe luzerako alokairuak» erregulatzen dituenak, alegia. «Horrek esan nahi du etxejabeekin exijenteagoak izango direla», argitu du. «Matrikula antzeko bat lortu beharko du etxebizitza bakoitzak plataforma digitaletan bere alokairua eskaini ahal izateko, alokairuaren helburua edozein dela ere: ikasketak, lana, turismoa...», azaldu du.
Konponbide bila
Bilbon etengabe garestitzen ari da etxebizitzen eta batez ere alokairuen prezioa. Egoera horretan, etxebizitza turistikoek merkatua are gehiago estutzen dutela aitortu du Antolinek, eta uste du legedi berri horren ondorioz hiria prestatuago egongo dela egoera horretarako.
EHUk campus berri bat izango du Basurtun laster, eta Zorrotzaurreko teknologia parkeak ikasleen eta langileen egonaldiak ekarriko ditu. Araudi berriarekin hiria jokaleku horri hobeto erantzuteko prestatzen ari dela uste du Antolinek, turismoa erregulatzeko, baina baita gainerako alokairu laburrak arautzeko ere.
«Bilbora datozen turista guztiak, ostatua Bilboko edozein auzotan hartzen dutela ere, Alde Zaharrera etorriko dira, eta berdin-berdin saturatuko dute»
ERIZ MENDIZABAL CALVO Bihotzean elkarteko kidea
Turismo kontzentrazioaren aurka egiteko, udalak asmoa du auzo bakoitzak har dezakeen pisu turistikoen portzentajea ezartzeko, pisu horiek auzo guztietan sakabanatu daitezen. Oraindik ez dute ehunekoa ezarri, baina Bihotzean auzo elkarteko kideek uste dute horrek ez dituela konponduko turismoak sortzen dituen trabetako hainbat. Elkarteko kide da Eritz Mendizabal Calvo: «Bilbora datozen turista guztiak, ostatua Bilboko edozein auzotan hartzen dutela ere, Alde Zaharrera etorriko dira, eta berdin-berdin saturatuko dute».
Egoera bideratzen saiatzeko, Ekologistak Martxan-ek hainbat faktoreri erreparatzea proposatu du; besteak beste, hauei:
EKOLOGISTAK MARTXAN-EN PROPOSAMENAK
Ezartzea zenbateko zama turistikoa har dezakeen Bilbok hiribilduko bizi kalitatea okertu barik.
Etxebizitzei eman nahi zaien funtzioari buruz hausnartzea. Etxebizitza bat pisu turistiko bihurtzean, bizitegi funtzioa galduko du, eta, hortaz, etxebizitzaren oinarrizko zeregin soziala.
Tasa turistikoa eta antzeko neurri murriztaileak ezartzea. Esaterako, Gaztelugatxen (Bermeo, Bizkaia) turista muga bat ezarri da eguneko, Venezian (Italia) bezalaxe. Beste adibide bat jartzearren, Mundakak (Bizkaia) pisu turistikoetarako lizentzia berririk ez du emango urtebetez.
Alokairuen jarduerari ogasunaren bidetik heltzea, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak zergak igotzea alokairu horiei. «Eredu horrek errentagarria izateari uzten badio, etxebizitza horiek epe luzeko alokairuaren merkatura itzuliko dira, eta beren funtzio soziala berreskuratuko dute», zehaztu du Antolinek.