Andrazko bat, gizonek inguratua, sexu harremanak izatera derrigortua. Taldeko bortxaketek sorrarazten duten irudi artegagarria atzo berritu zen Bilbon: izan ere, asteazken gauean Etxebarria parkean emakume gazte bat bortxatu zutela jakin zen atzo goizean, eta sei gizonezko atxilotuta zeudela erasoaren harira. Egun osoan ugariak izan ziren gaitzespena eta arrangura erakusteko mezuak. Bilboko Udalak, esaterako, adierazpen bat plazaratu zuen: halako erasoak «eramangaitzak» direla esan zuen, eta jarrera «aktiboa» izan behar dela horien kontra. Bilboko auzo elkarteen federazioak ere berehala plazaratu zuen gaitzespen mezua, eta halako erasoak eragozteko neurriak ere eskatu zituzten. «Epaiek ez dute benetako aldaketarik ekarri gizonen kontzientzian», ohartarazi zuten: «Irtenbidea eman behar zaio emakumeen aurkako indarkeriari». Atzo gogora ekarri zen, era berean, Etxebarria parkea Bilbon identifikatuta dauden leku arriskutsuetako bat dela gaur egun. Ilunabarrean, mugimendu feministak deituta, elkarretaratze jendetsu bat egin zuten Arriagan. Bilbo Feminista Saretzen taldeak antolatu zuen. «Hiria gurea ere bada!», gogora ekarri zuten: «Kaleak gureak ere badira, eta ez gaituzue isilaraziko». Instituzioei ere zuzendu zitzaizkien: «erantzukizun kolektibo zein indibiduala» eskatu zieten. Eta gizonezkoei: jarrera «misoginoen» aurrean beste aldera ez begiratzeko eskea egin zieten.
Erasoa leporatuta atxilotuta dauden sei gizonak adin nagusikoak dira: 18 eta 36 urte artean dituzte. Biktimak, 18. Herenegun gauerdian Basurtuko erietxera joan zen, eta hainbat gizonen artean bortxatu zutela azaldu zuen. Ospitaleko arduradunek eman zuten gertatukoaren berri, epaitegira deituta, eta aurki jarri zuten martxan ikerketa bat. Andrazkoak erasotzaileen itxurari buruzko hainbat datu eman zituela zabaldu dute hainbat hedabidek, eta horiek kontuan hartuta berehala atxilotu zituztela ertzainek sei gizonezkoak. Komisaria batean eduki zituzten egun osoan.
Arbuio mezurik erakutsi gabe ez zuen geratu nahi izan atzo inork. Bilboko Udalak plazaratu zuen mezuaz harago, sare sozialen bidez zabaldutako mezu baten bidez ere adierazi nahi izan zuen Juan Mari Aburto alkateak ezinegona. «Amorrua sentitzen dut, ezintasuna. Arbuiagarria da, jasanezina, onartezina. Legearen eta justiziaren pisu guztia eror bedi gaizkile horien gain, ez dezaten gehiago era horretan jarduteko erarik izan», nabarmendu zuen. Berdintasun diputatu Teresa Laespada ere, antzera: «Andreok libre gara nahi dugun toki guztietara joateko, nahi dugun eran. Nire maitasun erabatekoa biktimarentzat, eta biolentzia matxistaren biktimak artatzeko zerbitzu guztientzat». Talde politiko denek zabaldu zituzten mezuak erasoa arbuiatzeko. Bilboko Konpartsek, berriz,Aste Nagusia hurbil dela gogoraraziz, jai «feministen» alde egin dute: «Ez da lekurik erasotzaileentzat».
Sustraietara
Emakundek gogora ekarri nahi izan du zer dagoen gizonen portaera bortxazko horien atzean. «Gizartean andreen eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren sinbolorik basatiena dira», adierazi zuen atzo erakundeko zuzendari Izaskun Landaidak. Zuztar horiek irauli ezean, andreen kontrako bortxarik gabeko gizarte bat «eraikitzea»ezinezkoaizango dela nabarmendu zuen.
Ulertzekoa da erasoon inguruko ezinegona. 2016an, Iruñeko sanfermin jaietan, bost gizonek andre bat bortxatu zuten; aparteko oihartzuna izan zuen eraso hark, eta, ordutik, handitu egin da halako erasoen gaineko kontzientzia. Albiste dira, gainera: oso maiz. Feminicidio.net deituriko Espainiako proiektuak lehengo hilaren amaiera bitartean bildutako datuen arabera, 2016tik tankera horretako 124 eraso pairatu dituzte andreek; hamasei eraso Hego Euskal Herrian gertatu dira.
Indarkeria matxista
Bilboko talde bortxaketaren harira, «irtenbideak» eskatu dituzte auzoek
Sei gizon atxilotu dituzte andre baten aurkako sexu erasoa egotzita. 18 urteko andrazko bat bortxatu dute, Etxeberria parkean. Gaitzespen mezu asko eragin ditu erasoak, eta kalean, protesta jendetsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu