Abuztuaren 1ean Bilbon gertatu zen talde bortxaketan parte hartzea egotzita atxilotutako sei gizonetatik lau aske utzi zituzten. Lau horiek berriro atxilotu ditu gaur Espainiako Poliziak, atzerritartasun legea aplikatuta (Aljeriakoak dira jaiotzez); kanporaketa prozesu bati ekiteko lehen urratsa izan daiteke. Polizia iturriek BERRIAri jakinarazi diote lau gizonen egoera administratiboa konprobatzen ari direla. Hedabide batzuen arabera, jaioterrira itzuliko dituzte paperik ez badute.
Bortxaketa abuztuaren 1ean izan zen, Bilboko Etxebarria Parkean: 18 urteko neska batek salatu zuen hainbat gizonek eraso egin ziotela. Hurrengo egunean atxilotu zituzten sei gizon; abuztuaren 4an, epaileak atxilotuetako bi espetxeratu zituen, eta gainontzeko lauak aske utzi. Lau horiek baldintzapean askatu zituzten, eta egunero epaitegira joatera behartuta zeuden.