Koronabirusa

Bilboko San Frantzisko «militarizatu» dutela salatu dute auzokideek

Ertzainek buruko gaitz bat duen gazte bat jo eta atxilotu egin zuten igandean; haren ama ere jo zuten, eta atxilo eraman. «Arrazakeria» salatu dute eragileek. Segurtasun Sailak barne ikerketa agindu du

San Frantzisko. Eltze joka aritu ziren leiho eta balkoietatik bart, polizien gehiegikerien kontra. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Alarma egoera ezarri zenetik, ugaritu dira Poliziaren gehiegikerien berri ematen duten albisteak, baina igande arratsaldean Bilboko San Frantzisko auzoan jazotakoak hautsak harrotu ditu, auzokideek gertaerak grabatu zituztelako eta bideoak azkar hedatu direlako sare sozialetan. Auzoko eragile sozialek «Poliziaren gehiegikeriak» eta «kaleen militarizazioa» salatu dituzte, eta arrazakeria zantzuak sumatu dituzte gertaeretan.

Lekukoek adierazitakoaren arabera, igande arratsaldean Ertzaintzaren patruila batek gelditu zuen kalean erosketak egitetik etxera zihoan gazte bat. Lekuko horiek esan dutenez, gazteak buruko gaitz bat dauka, eta men egin zien polizien aginduei.

Sarean hedatutako irudietan ikusten da gaztea ertzainengana hurbildu zenean agenteek jo egin zutela borrarekin, eta hormaren kontra paratu zutela bortizki, miatzeko asmoz. Ondoren, haren ama heldu zen, poliziei azaltzera gazteak buruko osasun arazoak dituela. Gaztea atxilotu zuten, eta ama ere borrarekin jo zuten, eta lurrera bota, lekukoen eta bideoen arabera. Atxilo eraman zituzten biak azkenean, auzoen protesten artean. Igande gauean utzi zituzten aske.

San Frantziskoko auzokideek BERRIAri adierazi diotenez, atzo goizean ama-semeek besoa trailan zeramaten, baina ez zuten osasun zentrora joan nahi, beldur zirelako. Auzokideak saiatu ziren adore ematen, arratsaldean osasun zentrora joan zitezen.

Poliziaren «gehiegikeria»

SOS Arrazakeriak salatu du San Frantzisko auzoko biztanleak «pairatzen ari diren poliziaren gehiegikeria» areagotu egin dela konfinamenduarekin. Adierazi dute Bilboko beste auzoetan ez dela pairatzen halako «militarizaziorik eta presiorik». «Salatzen dugu etxe azpiko dendara erostera jaitsi den gazte arrazializatu baten aurka poliziak erabilitako gehiegikeria», esan du elkarteak. «Salatzen dugu, era berean, emakume etorkin baten kontrako gogorkeria, gaixorik dagoen seme baten defentsan etsita garrasika ari den emakume baten kontrakoa, alegia». Horrez gain, leihoetatik protesta egin duten auzoei poliziek eginiko «mehatxuak» salatu dituzte.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinakundeak ere salatu du auzo horietako «bazterkeria eta pobrezia» egoera, zeina okertu egin baita alarma egoera indarrean jarri denetik auzo horietan bizi izaten ari diren «polizia gehiegikeriekin».

«Neurriak ezarri direnetik, Polizia autonomikoak eta Udaltzaingoak militarizatu egin dituzte gure kaleak, eta beldurra eta tentsioa sortu», azaldu du taldeen koordinakundeak. Salatu du «abusuak» egiten ari direla poliziak, jendea kalean modu arbitrarioan eta zakar identifikatuz, eta horren kontra egin izan duten auzotar batzuei salaketak jarri dizkietela.

Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak Bizkaiko hogei bat elkarte eta erakunde biltzen ditu horrek ohartarazi du gobernuek eta polizia erakundeek «herritarren eskubideak babesteko legezko betebeharra» dutela polizia agenteen jardueretan, eta alarma egoera ezin dela «aitzakia» izan «estatuaren segurtasun indarrek oinarrizko eskubideak urra ditzaten».

Josu Bujanda ertzainburuak adierazi du Ertzaintzaren barne arazoetarako saila afera aztertzen ari dela, ETB1eko Egun on Euskadi saioan egin dioten elkarrizketan. «Jarrera horien kontra gaude. Batzuetan, gauzak ez ditugu ondo egiten, eta gure arauak ditugu aztertzeko nolako zigorrak ezarri behar zaizkien ertzain horiei», esan du. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ere berretsi dio BERRIAri gertatutakoa «ezagutu bezain azkar» igorri zutela Ertzaintzaren barne arazoetarako sailera, eta han auziak «ohiko bidea» egingo duela.

«Nekea ez da aitzakia»

Mertxe Gomez San Frantziskoko bizilaguna eta hango herri mugimenduko kidea da. Esan duenez, emakumearen oihuak entzundakoan jakin zuen gertatzen ari zenaren berri, baina bere etxetik ezin izan zituen atxiloketak ikusi. Dena dela, ziurtatu du gaztea etxera zihoala Ertzaintzak geldiarazi zuenean, auzoko dendan mendafina erosi ostean. «Gertatutakoak ez du inolako zentzurik», azaldu du: «Eta nekea eta urduritasuna ezin dira aitzakia izan. Herritarrok ere urduri gaude egoera hau dela-eta».

Ama-semeak eta gainerako senitartekoak oso ezagunak dira auzoan. Gomezek dio «harro» dagoela auzokideek emandako erantzunaz: «Beste zenbait lekutan gertatu denaren kontrakarrean, hemen auzokideek erantzun egin diote erasoari», esan du, eta uste du «mendekua» etorriko dela: ez dauka auzokideei helarazitako isunen berri, baina, dioenez, igande gauetik ertzainak auzoan zehar ibili dira, antza denez, bideoak eta ertzainen kontrako oihuak nondik egin ziren identifikatu guran.

Atzo iluntzean lapiko jotzea egin zuten San Frantzisko auzoan, SOS Arrazakeriak deituta, «Poliziaren gehiegikeriak eta arrazakeria» salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.