Bilboko portua blokeatu dute ehun langile inguruk, ez dadin Israelera armarik bidali

Abenduan gutun bat bidali zioten portuko agintaritzari, baina ez diete erantzun haien eskakizunei. «Eskura dituzten presio mekanismo guztiak» erabiltzeko dei egin die LABek langileei.

Langileak protestan, portuko zuzendaritzak euren eskakizunak onar ditzan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Langileak protestan, portuko zuzendaritzak euren eskakizunak onar ditzan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gotzon hermosilla
Santurtzi
2025eko urtarrilaren 15a
17:45
Entzun

Bilboko portuko sarrera ordu laurdenez itxi dute ehun bat lagunek gaur goizean, LAB sindikatuak deituta. Euskal Herriaren eta Israelen arteko harremanak eteteko presio egin nahi izan dute horrela. Halaber, «genozidioari esker negozioa» egiten dutenak ere salatu nahi izan dituzte protestaldi horren bidez.

Amaiur Renteria LABeko Ezkerraldeko arduradunak azaldu duenez, abenduaren 16an gutun bat bidali zioten Bilboko Portuko Agintaritzari eskatzeko protokolo bat ezar dezan, Israelera bidaltzen dituzten kargamentu guztiak ikuskatzeko eta armarik ez bidaltzeko. Erantzunik ez dute jaso, eta «ekitea» erabaki dute: «Gure gorputzekin argi utzi nahi izan dugu ez dugula konplize izan nahi, eta gure esku dagoen guztia egingo dugula Palestinako herria askatu arte».

LABeko kideak Santurtziko parkean elkartu dira, eta portuko ateraino joan dira manifestazioan. Han, eserialdia egin dute, eta sindikatuak sinatutako pankarta bat atera, bi lelorekin: Genozidioarekin negoziorik ez, eta Basque workers with Palestine (euskal langileak Palestinarekin). Portuko atariaren aurrean esertzeaz gain, sarrerarako bidea itxi egin dute plastikozko zerrenda batzuk erabiliz.

Halaber, alboko zubi batetik Palestinako banderak eskegi dituzte, eta Konplizitaterik ez - Stop arming Israel (utzi Israel armaz hornitzeari) leloak idatzita zituen gezi itxurako pankarta bat ere bai. Horretaz gain, hainbat bengala piztu dituzte.

Eserialdiak iraun duen bitartean, «Palestina askatu», «Gora munduko langileen borroka», «Borroka da bide bakarra» eta «​​​​​​​Ibaitik itsasora Palestina gailenduko da» eta antzeko oihuak egin dituzte protestariek, Palestinako banderak eta LABen ikurrak astintzen zituztela.

Ordu laurden batez protesta egin ostean, altxatu, eta amaitutzat eman dute eserialdia. Ertzaintza gerturatu da, baina ez da tentsio unerik izan.

Konplizitatearen kontra

«Euskal langileok ez dugu genozidioaren konplize izan nahi», azaldu du Renteriak. Halaber, Euskal Herriko zenbait enpresabururen jarrera ere salatu du LABeko kideak: «Ez da batere zilegi patronalek negozioa egiten jarrai dezaten sionismoarekin, Palestinako herria erailtzen duten bitartean».

Koldo Saenz LABeko Nazioarteko idazkariak nabarmendu du Palestina ezin dela «bakarrik utzi», eta gogorarazi azken hilabeteotan Gazaren kontra abiarazitako erasoaldiak «76 urte luzez iraun duen kolonizazio, okupazio eta apartheid prozesu baten testuinguruan» ulertu behar direla.

Horregatik, gaitzetsi egin du Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak Israeli ematen dioten babesa. «Zoritxarrez, gobernu gehienek entzungor egiten diote herria kalean exijitzen ari zaienari. Baina, zorionez, basakeria egon arren, badago itxaropenik».

Azpimarratu du langileen mobilizazioek ere badutela eragina. Hala, adierazi du Pireoko (Grezia) portuko langileek Israelera armak zeramatzan itsasontzi bat geldiarazi zutela, eta Irlandako Shanoneko aireportuan hegazkin bat blokeatu zutela arrazoi beragatik. Horregatik, dei egin dio Euskal Herriko langile klaseari «eskura dituen presio mekanismo guztiak» aktibatzeko, «okupazioa, kolonizazioa eta genozidioa» gelditzeko xedez.

Nazioarteko komunitatea ere interpelatu du Saenzek. Palestinan «bakea eta justizia bermatuko dituen» konponbide integral eta demokratiko bat exijitu die. «Okupazioari eta kolonizazioari amaiera eman eta Palestina aske bat lortzeko» garaia dela gaineratu du. «Urtebetean 65.000 palestinar erailtzea ez al da nahikoa konponbide bat bilatzeko? Urtebetean milaka ume hiltzea ez al da nahikoa nazioarteko komunitateak begiak irekitzeko? Gazako zerrendako lurraldearen %80 suntsitzea ez al da nahikoa 'aski da' esateko?», galdetu du.

Saenzen iritziz, Palestinako herriaren burujabetzarako eskubidea aitortzea eta preso eta errefuxiatu guztien etxeratzea lortzea funtsezkoa da «behingoagatik okupazioari eta kolonizazioari amaiera eman eta Palestina aske bat» lortzeko, eta dei egin du indarrak biltzeko xede horien inguruan. «Palestinak mundua behar du, baina munduak ere Palestina libre behar du», erantsi du.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.