Bilboko Profersa ongarri fabrikan astelehenean inspekzio bat egin ostean, lantegia behin-behinekoz ixteko agindu du Eusko Jaurlaritzak. Bi astean bi istripu izan dira lantegian, eta horregatik egin zuten inspekzioa. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak bi gertakariak salatu zituen, eta halako lantegiek osasun publikoan izan dezaketen eraginari buruzko informazioa eskatu zuen. Profersako bizilagunak aspaldi hasi ziren salatzen lantegia kaltegarria dela osasunarentzat, eta bizilekuetatik urrunago egoteko eskatu dute.
Elkarren ondoan daude Profersa eta Sader hondakinen tratamendurako lantegia, eta jabe berarenak dira: Agaleus taldearenak. Bizilagunen jardunagatik, Eusko Jaurlaritzari martxoan eskatu zioten airearen kalitatea neurtzeko, eta bi enpresek adierazi zuten ados zeudela neurketa horiek egitearekin. Handik gutxira gertatu ziren bi intzidentziak, apirilaren 26an eta joan den larunbatean.
Sader lantegiak Zubietako erraustegiko (Gipuzkoa) hondakinak ere jasotzen ditu orain; izan ere, Artaxoako Ecofer Sansoain enpresaren plantako kasua dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak hara bidaltzen ditu orain erraustegiko lixibiatuak. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak berak onartu zuen hori joan den asteburua, El Diario Vasco egunkariarekin izandako elkarrizketa batean.
Europa Press-ek Profersa enpresaren ordezkariekin hitz egin du, eta adierazi dute larunbateko intzidentziaren ondoren haiek erabaki zutela enpresa ez irekitzea; hau da, larunbatetik itxita dago. Bestalde, nabarmendu dute larunbat horretan lantegia ez zegoela martxan, eta enpresaren larrialdien mahaiak onartu zuela behin-behinean berriro ez irekitzea. Enpresaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak Profersari eskatu dio neurriak hartzeko fabrikak ondo funtziona dezan.
EH Bilduko Bilboko bozeramaile Maria del Riok adierazi duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak hartu berri duen behin-behineko neurriarekin «agerian geratu da enpresa hori hirigunetik ateratzeko beharra» dagoela. Gogorarazi du bizilagunek «behin eta berriz» salatu dituztela instalazioen segurtasun faltak, baita lantegiko isuriak osasun publikoarentzat «mehatxu» izan daitezkeela ere. Nabarmendu du Bilboko Udaleko 2018ko osoko bilkura batean onartu zela enpresa lekuz aldatzea, eta sei urte geroago oraindik ez dela gertatu.
Bilboko Udaleko Elkarrekin Podemosek ere ontzat eman du erabakia; udal taldeko bozeramaileak, Ana Viñalsek, esan du pozten direla Profersaren «ke txarrak arnasten egon diren bizilagunengatik»: «Osasun publikoarekin ez da jokatzen, eta horregatik ez gara geldituko Sader ere Bilbotik atera arte. Horrelako enpresak ezin dira egon herri edo hirietatik gertu».
Bizilagunen elkarteen balorazioa
Lucia Ortiz Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko kideak adierazi du hedabideek argitaratutako informazioa soilik dutela behin-behineko itxiera horri buruz, baina poztu egin direla albistearen berri izatean. Hala ere, gogorarazi du neurri prebentibo bat dela, eta arazoak konpondu ostean bertan behera geratuko dela. Hori dela eta, arazoa sakonagokoa dela uste du, azken bi asteetako istripuen aurretik ere exijitu baitute bizilagunek Profersa eta Sader enpresak lekualdatzea.
«Azkenaldian, logika guztia duela uste dugun mugimendu bati berrekin diogu, planta horiek instalazio apropos batera lekualdatzea, eta uste dugu azken istripuekin are garbiago geratzen dela lantegi horietan hutsuneak daudela», esan du Ortizek.
Istripu bakoitzaren ostean eskatu dute Eusko Jaurlaritzaren informazio ofiziala, baina ez dute erantzunik jaso. Bestalde, azken urteetan kendu dituzten airearen kalitatea neurtzeko neurgailuak berriro instalatzeko eskatu dute. Horrekin batera, enpresak lekualdatzeko eta hango langileak kontuan hartzeko neurriak hartzeko ere eskatu dute.
Hala ere, Ortizek uste du lekualdaketaren arazo handiena dela mugimendu hori Bilboko Udalaren Zorrotza Punta Plan Bereziaren menpe dagoela: «Interneten begiratzen baduzu, berez 2018an hasi eta 2023an amaitzen zen plan hori, baina hara sartuz gero ikusi daiteke %5 soilik aurreratu dela; beraz, %95 geratzen da oraindik. Ez dugu uste enpresa horiek lekualdatzeko akordio batek plan berezi baten menpeko izan behar duenik. Uste dut borondatez eta lan eginez lortu daitekeela, baina istripuen aurretik ere bazegoen arazo hori».