Turismoak gero eta pisu handiagoa du Bilbon, eta, industria orok bezala, «kanpo eragin negatiboak ditu», EH Bilduk ohartarazi duenez. Hala nabarmendu du gaur Maria Del Rio udal taldeko bozeramaileak, Garazi Perea eta Xabier Fernandez zinegotziekin batera egindako agerraldi batean. Neurri sorta bat aurkeztu dute turismoaren «kanpo efektu negatiboak» arautzeko eta «hiribilduan benetako eragin positiboa» izateko. Proposamen horiek iraileko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte. Besteak beste, turistentzako ostatuetako —hotelak, pentsioak, etxe turistikoak...— lekuen eskaintza auzoetan orekatzeko proposatu dute.
Gaur egun, Bilbon, turistentzako 17.939 leku daude ostatuetan «legez erregistratuta», Pereak zehaztu duenez. Leku horiek modalitate askotakoak dira: adibidez, etxebizitza turistikoak, hotelak, aterpetxeak eta pentsioak. Etxebizitza eta logela turistikoetan egin du azpimarra Pereak: «Leherketa bat egon da Bilbon; izan ere, azken bost urteetan %258 ugaritu dira, eta gaur egun 5.229 leku daude». Horrez gain, jakinarazi du azken bost urteotan hoteletako lekuak 9.000 baino gehiagora igo direla. Hain justu, Alde Zaharrean zazpi hotel sortu dituzte. «7.000 pertsonako auzoa da, eta 2.000 turistarentzako lekua du; saturazio nabarmena da», ohartarazi du.
Egoera hori konpontzeko, mozio bat aurkeztu du EH Bilduk; turistentzako ostatuetako lekuen eskaintza orokorra hirigintzaren aldetik arautzeko eskatu dute, Bilboko auzoetako eskaintza ordenatzeko. «Hiri eredu jasangarria» sustatzea dute helburu, «oinarrizko eskubideak, etxebizitzarako eskubidea eta herritarren bizi kalitatearen hobekuntza bermatze aldera».
«Turismoak gizarte osoari kalte egiten dioten nahi gabeko ondorioak ditu», nabarmendu du Del Riok, eta horietako batzuk zehaztu ditu: «Lurzoruren okupazioa eta etxebizitzaren garestitzea, tokiko merkataritzaren gaineko eragina eta zenbait zerbitzu publikoren saturazioa». Ondorio horiek arautzea udalaren «erantzukizuna» dela esan du. Bide horretatik, adierazi du garrantzitsua dela turismo tasaren inguruko «udalaren jarrera argi finkatzea, tasa turistikoak benetan bete ditzan ezarritako helburuak».
Beste mozio baten bidez, eskatu dute tasa turistikoa zuzenean udalak kudea dezala eta «tasa progresiboa» izan dadila. Turismo tasa progresibo hori «etorkizunerako inbertsioa» izango dela azpimarratu du EH Bilduko bozeramaileak: «Garapen turistikoa tokiko komunitatearen kontura ez izatea eta sortzen dituen gastuetan parte hartzea bermatzeko modu bat da».
Bisita gidatuak arautzea
Fernandezen arabera, bisita turistikoak ugaritu egin dira azkenaldian, eta horrek «espazio publikoaren erabilera intentsiboa» eragin du. Horregatik, jarduera hori antolatzea funtsezkoa dela deritzo, «esperientzia guztientzat aberasgarria izan dadin eta auzokideak kaltetuak izan ez daitezen».
Fernandezek gogoratu du aurretik ere egin izan direla urratsak bisita gidatuak erregulatzeko. Duela bi urte, bisita horien eragina aztertzeko akordio bat onartu zuten, eta halakoentzako jardunbide egokien eskuliburu bat landu. «Udalak pauso interesgarri batzuk eman ditu bide horretan, baina ez dira nahikoa», adierazi du. Pauso bat «gehiago» emateko deia egin du orain, bisita gidatuak arautu eta ordenantza batean sartzeko. «Hori da eskatzen duguna: jarduera bat arautzea, hura kontroletik at jarri baino lehen».