Bilboko mugimendu feministak «zaintzaz armatuta» ekingo dio Aste Nagusiari

Erasoei erantzuteko prest daudela aldarrikatu dute. Mobilizazio bat egingo dute larunbat gauean, Arriaga zubitik hasita.

Bilboko mugimendu feministaren agerraldia.
Bilboko mugimendu feministaren agerraldia, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2024ko abuztuaren 15a
20:00
Entzun

«Bilboko feministak zaintzaz armatuta gaude», egin dute aldarri Bilboko mugimendu feministako kideek, Aste Nagusia hastear dela. Jaiak «jai giroan, lanean eta dantzan» bizi nahi dituztela aldarrikatu dute, baina gogoratu antolatuta eta erasoei erantzuteko prest daudela. Hala, mobilizazio bat egingo dute larunbat honetan, 23:45ean, Arriaga zubitik hasita. «Emakume, trans eta bollera, batu mobilizaziora, eta bete ditzagun Bilboko konpartsak zein kaleak aldarri feministaz», egin dute dei.

Mugimendu feministak adierazi du Aste Nagusiari begira antolatu direla, «tamalez» badakitelako erasoak gertatuko direla. Hain zuzen, adierazi dute «nazkatuta» daudela halakoekin. Nazkatuta erasotzaileak babesten dituzten gizonez, ezetz esan arren «lata ematen» jarraitzen duten gizonez, eta nazkatuta «autodefentsa feminista deslegitimatzen» dutenez: «Nazkatuta gaude gure gorputzak biolentatzen dituzuenekin».

Feministek adierazi du ez daudela jaiak «tentsioz eta beldurrez» bizitzeko prest, eta ardura nork bere gain hartzeko exijitu dute: «Gu erantzuteko prest gaude, baina ez badakizue egoten, ez etorri. Erasotzaile zein konplize, zuek ez duzue lekurik Bilboko Aste Nagusian».

Adierazi dutenez, gainera, feministen arteko aliantzak «geroz eta indartsuagoak» dira hirian, eta jaiak «bizigarriagoak», urteetan ehunka emakumek egindako lanaren ondorioz: «Belaunaldiz, belaunaldi, Aste Nagusi gero eta feministagoa eraikitzea apustu irmoa izan da, eta bada gaur egun ere». Hala, hura indartzen segitzeko prest azaldu dira, eta Bilboko Konpartsekin egindako aliantzari balioa eman diote: «Aste Nagusia feminista izango da, edo ez da izango!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.