Bilboko militar bat hil da Afganistanen, bonba bat indargabetzen ari zela

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Alderdi Popularrak doluminak igorri dizkiete senideei

Erredakzioa
Bilbo
2013ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
David Fernandez Ureña Bilbon jaiotako 35 urteko militarra zendu zen atzo Afganistanen, lehergailu bat indargabetzen ari zela. Fernandez Espainiako armadako militarra zen 2000. urtetik, eta lehergailuak indargabetzen aditua zen. Heriotzaren berri eman zuen atzo Soraya Saez de Santamaria Espainiako presidenteordeak. Sortzez bilbotarra izanik, Fernandez Granadan (Espainia) bizi izan zen ia bizitza guztian.

Miatze lanak egiten ari zen OPAL deritzon bidean, Kala i Nau eta Darra i Bun artean, Badgisko probintzian. Berton, lehergailu bat topatu, eta indargabetzen hasitakoan, eztanda egin zuen. Espainiako Defentsa Ministerioak jakitera eman du ikertzen ari direla eztanda nola eta zergatik gertatu den. Merezimendu militarraren gurutzea emango diola ere jakinarazi du Defentsa Ministerioak. Espainiako aireko armadak, berriz, hegazkin bat bidali du Madrildik, hildakoaren gorpua berreskuratzeko.

Afganistanera igorria zen Fernandez, eta lehergailuak indargabetzen dituen talde bateko kidea zen. Lehendik Afganistanen izandakoa zen, 2009an.

Espainiako tropen erretiratzearekin bat egin du militarraren hilketak. Udazkenerako espero dute Bagdisko probintziatik Espainiako militar guztiak erretiratzea, eta 2014ko abenduaren 31rako, Afganistanen dituen militar guztiak handik kanpo izatea.

Afganistango gerrak ehun hildako eragin ditu Espainiako armadan, eta 3.500 milioi eurotik gora gastatu ditu gobernuak, El País egunkariak hilabete hasieran jakinarazi zuenez. Ekainean Espainiako armadako beste kide bat hil zuten han, eta 2012. urtean, beste hiru militar tirokatu zituzten. Egun, Espainiako armadak 1.406 militar ditu Afganistanen.

Familiari doluminak

Eusko Jaurlaritzak doluminak helarazi dizkio hildako militarraren familiari. Hala egin nahi izan du ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidenteak, Antonio Basagoitik. Twitter bidez armadaren egitekoa txalotu du popularrak: «[Espainiako] Armadari eskerrak eman nahi dizkiot bere egitekoagatik», azaldu du.

Basagoiti ez da Espainiako armadaren eginkizuna txalotu duen politikari bakarra, hala egin dute baita Saez de Santa Mariak eta Alfredo Perez RubalcabaPSOEko idazkari nagusiak ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.