Bilboko metropoliaren lurralde plan partzial berriak hiriguneen hazkundea mugatzea izango du xede

Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio plan berriari, eta laster jarriko dute indarrean. Bilbo inguruko 35 udalerriri eta han bizi diren 900.000 biztanleei eragingo die.

Bizkaiko itsasadarraren inguruko industria lurzoruak, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko itsasadarraren inguruko industria lurzoruak, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko apirilaren 8a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatu Carlos Alzagak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Bilboko metropoliaren lurralde plan partzialari, Gobernu Batzordeak gaur egindako bileran, eta, hortaz, EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta indarrean sartuko da laster. Hori dela eta, pozik agertu da Alzaga, eta nabarmendu du plan berriak «muga» jarriko diela «hiriguneen hazkundeari eta lurzorua alferrik erabiltzeari».

2006koa da orain indarrean dagoen plana. Geroztik, aldaketa handiak izan dira Bizkaiko gizartean eta ekonomian: demografian jaitsiera nabarmena egon da, ekonomian hirugarren sektoreak indarra hartu du industriaren kaltetan, eta kontsumo ohiturak ere aldatu dira. Gainera, Jaurlaritzak lurralde antolamenduaren gidalerroak plazaratu zituen 2019an, eta hor irizpide batzuk ezarri zituen, lurralde antolaketan eta hirigintzan kontuan hartu beharrekoak.

Alzagaren esanetan, aldaketa horiek guztiak aintzat hartu dituzte plan berriaren diseinuan. Adibidez, 2006ko planak «ikuspegi hedakorra» zuen, eta lehentasuna ematen zien hiriguneen hazkundeari eta azpiegitura gehiago eraikitzeari. Orain, aldiz, joera aldatu da, eta jadanik erabilita dauden lurzoruak «optimizatzea» eta degradatuta eta erabili gabe dauden industria guneak eraberritzea izango dira ardatz nagusiak.

Garraioari ere eragingo dio plan berriak. Azken urteotan, biztanleen dentsitatea areagotu da Bilboko metropoliaren zenbait udalerritan, eta tokian tokiko denda eta saltokietan kontsumitzeko joera handitu da. Garraio azpiegiturak aldaketa horietara egokitu nahi dituzte plan berriarekin. Halaber, gune naturalak babestea, «azpiegitura berdeak» eraikitzea eta karbono aztarna gutxitzea ere helburu izango dira, eta tranbia hirigune berrietara zabaltzeko asmoa agertzen du planak. Garraio publikoa indartzeko eta herrien arteko loturak hobetzeko helburua jarri dute.

35 udalerri daude Bilboko metropoliaren eremuan: Abanto, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Barakaldo, Barrika, Basauri, Berango, Bilbo, Derio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Larrabetzu, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Muskiz, Ortuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Trapagaran, Ugao, Urduliz, Zamudio, Zaratamo, Zeberio eta Zierbena. Guztira, 905.000 lagun inguru bizi dira eremu horretan.

Lau arlo nagusi

Plangintzan, lehentasunezkotzat jo dituzten lau arlo ageri dira: Bilboko itsasadarra, Txorierri eskualdea, Basauri-Galdakao ardatza eta Meatzaldea. Garrantzi berezia eman diote lehenengoari: aldundiaren iritziz, itsasadarra «hirigintzaren eraberritzerako gakoa» da Bizkaian. Alderdi horretan dauden industria eremu degradatuak eraberritu eta beste zeregin batzuetarako erabiltzea eta itsasadarraren bi aldeak hobeto lotzea izango dira xede nagusiak.

Alzagak azaldu duenez, abian dauden zenbait egitasmok lotura dute itsasadarrari garrantzi berezia emateko eginkizun horretan, eta Uribe Kostako bulebarra, Erandio eta Barakaldo lotuko dituen All Iron zubia eta itsasadarraren inguruetan aisialdirako gune berriak eraikitzeko proiektuak aipatu ditu; adibidez, joan den astean Barakaldon irekitako Zamalanda parke berria.

«Ura eta ur paisaiak metropoliaren identitatean txertatzea» da plan berriaren asmoa, eta Nerbioi-Ibaizabal, Galindo eta Cadagua ibaiak aintzat hartu nahi dituzte horretarako.

Txorierri eskualdeari dagokionez, han dago Bizkaiko parke Zientifiko eta Teknologikoa, Derio eta Zamudio udalerrietan; hortaz, eskualdea «berrikuntzarako ardatz» eta «teknologiaren eta enpresen garapenerako motor» gisa indartu nahi dute. Basauri-Galdakao ardatzean garraioei eta herritarren joan-etorriei arreta eman nahi diete, eta Meatzaldean, berriz, erabiltzen ez diren lurzoruen eta natur baliabideen «optimizazioa» bultzatu nahi dute.

Lurralde Plan Partziala onartuta, akabera eman diote prozesu luze bati: izan ere, aldundia hainbat urtez aritu da lanean metropolia osatzen duten udalerri guztiekin, egitasmoa ontzeko. Aldundiaren esanetan, plangintza berri honekin Bizkaiak «aurrera» egingo du «garapen eredu eraginkorrago, jasangarriago eta orekatuago baterantz, gaur egungo erronkei erantzunez baina etorkizuneko belaunaldien ongizatea arriskuan jarri gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.