Bilboko metroak argitaratu du iazko balantzea: ehun milioi bidaiaritik gora izan zituen; zehazki, 100.363.551. Aurreko urtearekin alderatuta, %8,6 gehiago. Gorakada horren arrazoiak «orokorrak» direla azaldu du Eneko Arruebarrena zuzendari nagusiak. Halere, aisialdiak eragina izan du batez ere.
Asteburuetan %9,1 egin zuten gora bidaiariek iaz; jaiegunetan, berriz, %14,1. Lanegunekin alderatuta, hazkundea handiagoa izan zen egun horietan. Halere, oraindik lanegunetan izaten da bidaiari gehien; batez beste, egunean 310.886 bidaiari izan zituen metroak iaz, 2023an baino 22.000 gehiago.
Lanegunei dagokienez, herritar gehienak goizean ibiltzen dira metroan, 07:45-08:00 bitartean. Tarte horretan, egunean 8.000 bidaiari baino gehiago ibili ziren. Hazkunderik handiena, ordea, 17:45-18:00 tartean izan zen: 507 bidaiari gehiago.
Zazpikaleetako geltokia da jendeak gehien erabiltzen duena. Iaz, zortzi milioi bidaiari baino gehiago pasatu ziren bertatik. Halere, Santimamiko geltokiak izan zuen hazkunderik handiena: 7,45 milioi bidaiari baino gehiago izan zituen, aurreko urtean baino ia 880.000 gehiago. Bestalde, lehen linean gehien erabili zituzten geltokiak Getxoko Areetakoa eta Algortakoa izan dira, eta bigarren linean, Barakaldokoa eta Gurutzetakoa.
Egun nabarmenek ere eragina izan zuten bidaiari kopuruaren hazkundean. Izan ere, metroak iazko egun batean izan zuen egun bakar batean inoiz izan duen bidaiari gehien: apirilaren 11n. Egun hartan, gabarra uretara atera zuen Athleticek, gizonen taldearen Espainiako Kopako titulua ospatzeko. Egun bakarrean 485.997 herritarrek erabili zuten metroa. Horrez gain, azaroaren 28an eta 29an izan zen bidaiari gehien, Athleticen Europa Ligako partida batean eta Black Friday egunean, hurrenez hurren.
«Gehien erabiltzen den txartela Creditrans da oraindik ere, 2023an bezalaxe», azaldu dute ohar bidez. Txartel horren erabilera %56,7koa izan zen 2024an. Eta abonuek izan zuten hazkunderik handiena, bereziki Bidai Orok. Txartel horrekin, hautatutako guneen artean herritarrek nahi beste bidaia egin ditzakete 30 egunez jarraian.
Modernizazioa helburu
Metroak duen «arrakastari» eusteko, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak iazko uztailean iragarri zuten 736 milioi inbertituko dituztela, erdi bana, garraio publikoa indartzeko eta berritzeko. 2027tik 2033ra bitartean, 46 trenetatik 37 berrituko dituzte, berriak erosita. «Gaur, berriro, datozen belaunaldietako euskal herritarrak garraiatzeko modu jasangarri eta abangoardiako baten alde egin dugu», esan zuen Imanol Padrales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak orduan adierazi zuenez, helburu dute herritarrek autoa utzi eta garraio publikoa hartzea. Besteak beste, konboi zaharrak ordezkatu nahi dituzte. Etxanoberen arabera, konboi berriek jende gehiago garraiatu ahal izango dute, eta efizienteagoak izango dira. Aurreikusi dute lehenengo tren berriak 2027an egongo direla martxan, eta 2033rako «flota erabat berrituta» egongo dela.
Seinaleztapen sistema ere berritu nahi dute, komunikazioak hobetzeko. Bestalde, sei milioi euroko inbertsioa egingo dute aginte postu zentralizatua eguneratzeko. Hor prozesatzen da informazio guztia, erabakiak ahalik eta arinen hartzeko.
Autobusak Bidezabal eta Plentzia artean
2024ko datuak argitaratu eta egun berean, baina, matxura gertatu da metro zerbitzuan. Ibarbengoako geltokian gertatutako arazo elektriko baten ondorioz, Ibarbengoa eta Plentzia arteko tartean autobus zerbitzua eskaintzen hasi dira 14:00etan.
Jakinarazi dutenez, hogei minutuan behin egongo dira autobusak, bi noranzkoetan. Geltoki guztien parean egingo dute geldialdia, Ibarbengoan izan ezik. Talde teknikoa lanean ari da, «metro zerbitzua ahalik eta lasterren berreskuratu ahal izateko».