Bilboko metroaren zerbitzua bertan behera utzi dute gaur eguerdian, argindar sarean izandako matxura batengatik. Zerbitzua berriro eskaintzen ari dira 14:30etik, Bilboko Metroak jakinarazi duenez.
Bilboko Metroaren esanetan, tentsio galera bat izan da argindar sarean. Iberdrolak jakinarazi du garabi batek jo egin duela metroari argindarra ematen dion goi tentsioko linea bat, eta, ondorioz, linea horrek indarra galdu duela.
Milaka erabiltzailek jasan behar izan dituzte gaur goizean metroan izandako arazoen ondorioak: 11:00 aldera, zerbitzua eten egin dute Gurutzeta eta San Inazio artean, 12:40 arte; ez aurrera ez atzera geratu dira San Inazio eta Basarrate arteko geltokietako igogailuak eta eskailera mekanikoak, eta argia joan egin da zenbait geltokitan; 13:34an, berriz, metroaren zerbitzu guztia geratu da bertan behera, 13:47 arte, sistemak berriro martxan jartzeko, eta bidaiariak geltokietatik atera dituzte; geroago, zerbitzua martxan jarri dute berriz, San Inazio eta Leioa artean izan ezik, eta, azkenik, zerbitzu osoa berrezarri dute.